Ion SALGADO
ORDIZIA
Entrevue
ADUR EZENARRO
ORDIZIAKO ALKATEA

«Itsu-itsuan gabiltza, ez dizkigute datuak pasatzen»

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak atzo salatu zuenez, Osasun Sailak ez ditu herrian izan den koronabirus agerraldiaren datuak Udalarekin partekatzen. «12.00etan ezagutu ditugu azkeneko datuak, kazetariekin batera ezagutu ditugu», adierazi zuen.

Zein da gaur egungo egoera?

Nahasi samarra nabaritzen da. 12.00etan ezagutu ditugu azkeneko datuak, eta ezagutu ditugu kazetariekin batera. Nahiko itsuan gabiltza eta dagoeneko konfirmatu dira goizean zehar izan ditugun susmoak; izan ere, goitik behera ez dugu informazioa jaso, baina behetik gora, zorionez, bai.

Herritarrek deitu digute, alde batetik, konfirmatzeko joan den igandean itxi genituen hiru taberna horietako langileek negatibo eman dutela, eta hori berri ona da, eta, bestetik, konfirmatu digute positiboak badaudela.

Ez genekien zenbat positibo zeuden, eta positibo horiek konfirmatu ditu Nekane Murgak 12.00etan; 14 dira. Ez dakigu positibo horietatik zenbat diren Ordizian atzeman direnak, eta gaur arratsalderako deitu da jarraipen mahai bat. Ordizian egingo da eta bertan neurriak erabakiko ditugu.

Guk, edozein kasutan, ez dakigu zer datorkigun, ez dakigulako zenbat positibo aterako diren, baina positiboak badaude. Oraingoz 300 probaren emaitzak falta dira; gaurko 500 hitzordutik gora emanda daude. Sekulako ilarak daude proba egiteko eta biharko ere hitzorduak emanda daude. Ez dakigu zenbat positibo aterako diren.

Horri aurrea hartzeko, prekauzio gisa, azoka bertan behera uztea erabaki dugu eta eraikin publikoak ixteko agindua ere eman dugu. Parkeak eta kirolguneak ere itxiko ditugu. Ez dakigu egun bat barru edo bi egun barru atzera egingo ote dugun edo gaur arratsaldean emango dizkiguten datuekin neurri gogorragoak hartu beharko ditugun. Momentuz, uste dugu aurrea hartzea garrantzitsua dela eta hori egitea erabaki dugu.

Guztira 30 kasu daudela adierazi du Murgak?

Ez dakit 30eko kopuru hori zeri buruz esan duen. 14 gehi zazpi 21 dira. Zazpiko datu hori igandekoa zen eta nik ez dakit atzo besteren bat konfirmatu zen. Aipatu du 30 pertsona daudela oraintxe bertan fokuarekin erlazionatuta, ez dakit kontaktu zuzen bezala edo konfirmatu gabe. Ez dakit zer esan nahi duen datu horrekin.

Hasieratik esan dugu itsu-itsuan gabiltzala, ez dizkigutelako datuak pasatzen. Gu, jasotzen ditugun informazioen arabera, neurriak hartzen ari gara. Etengabe eskatzen ari gara mesedez datu horiek gurekin partekatu ditzatela, baina ez dituzte gurekin partekatzen. Gaur egun ez ditugu ezagutzen Ordizian ditugun kasu guztiak.

Esan dutenez, Lleidatik etorritako pertsona bat izan liteke koronabirusa ekarri duena.

Ez genekien. Sarri tabernan kokatzen den foku horretan ez dakigu zein pertsona zeuden, ez dakigu nondik etorriak ziren. Fernando Simonek atzo datu hori eman ondoren Osasun Publikoarekin hitz egin genuen eta konfirmatu ziguten, beraiek egindako ikerketaren arabera, badirudiela taberna horretan bazegoela pertsona bat edo pertsona batzuk beste erkidego batetik etorriak zirenak, eta uste zutela pertsona horiek zirela birusa ekarri zutenak. Guk ez genekien Lleida zenik eta gaur baieztatu da.

Nolako giroa dago herrian? Beldurra nabaritzen da?

Bai. Ez dakigu zeri aurre egiten ari garen eta ezinegona dago; batez ere, jende nagusiaren artean eta merkatarien artean. Ikusi besterik ez dago nolako ilarak dauden PCRak egiteko.