Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Ezer ez da berdin

Suziria bota zuen norbaitek eguerdiko hamabietan eta niri bi negar malko eskapatu zitzaizkidan. Ezer ez delako berdin, abesti zaharrak zioen moduan. Aurten, taberna gutxi batzuetan entzun ahal izanen da. Ez da kasik izanen zuzeneko musikarik, ezer ez delako berdin. Ez da bozgorailurik jarriko plazetan, dena aldatu delako.

Baina negarrari eutsi beharko diot, ama bozkatzera joan dadin animatzeko. Haserre dago, zinez, hauteskundeak ez zituztelako orain deitu behar, ezer ez denean berdin. Horregatik joan behar duela esan diot eta horregatik lagunduko diot, ez dadin ikaraz joan. Beldur horretaz baliatu nahi dutelako hauteskundeak deitu dituzten horiek, zalantzen garaiotan segurtasuna bilatzen delako eta segurtasuna orain artekoan datzalako. Badakitelako ez direla hauek arriskatzeko uneak. Horregatik lagunduko diot, joan ezingo duten horiek utzitako hutsuneagatik eskapatuko zaizkigun malkoei eutsiz bada ere.

Hildako gehiegi utzi dituen pandemian, jendartearen segurtasun egarriaz baliatu nahi dute. Konfiantza izan dezagun, eurek dutelako krisialdiak kudeatzeko gaitasuna beste inork baino gehiagok. Baina, akaso, horregatik da orain unea benetako segurtasuna bilatzeko, orain arte bermatu ez denaren alde apustu egiteko. Lanera joan eta etxera bizirik itzultzeko segurtasuna eta eskubidea, besteak beste.