Ane URKIRI ANSOLA
ZURRIOLAKO HONDARTZAKO SOROSLEAK PROTESTAN

BALDINTZAK HOBETZEA EXIJITZEA «ARAZO» BIHURTZEN DENEAN

GOIZEKO HAMAIKAK DIRA ETA SURFLARIZ BETETA DAGO ZURRIOLA. SOROSLEAK ADI DAUDE. ATZEAN SUBROGAZIOAREN ALDARRIA EGITEN ARI DIREN KIDEAK DITUZTE, GUZTIARI SO. EGUNEAN HAMABI ORDU EMATEN DITUZTE BERTAN, PROTESTAN, AURTEN EZ BAITIRA LANEAN ARI. ASKOK EZAGUTU EGITEN DITUZTE ETA EUREN EGOERAZ GALDETZEN DIETE.

Aurreko hamar urteak Zurriolako hondartzan sorosle lanetan eman ditu Mikel Yanci donostiarrak. Aurtengo uda sasoia bosgarrena izan beharko litzateke Jon Ibargurenentzat. Hondartzako erabiltzaileak artatzen aritu beharrean, baina, Zurriola erdi-erdian protestan ari dira, beste lau kiderekin batera, surf eskoletako kideak aurrera eta atzera dabiltzan bitartean.

Aurten sorosle gisa aritzea beraien asmoetatik ezabatu dute dagoeneko, baina ez daude eskuak gurutzatuta geratzeko prest. 2018an hasitako langileen borrokan du iturburua Yanci, Ibarguren eta beste zenbait sorosle lanik gabe geratu izana −kanpaldian protestan sei daude, baina deirik jaso ez duten gehiago daude−. «Nola da posible turismoaren eraginez gero eta erabiltzaile gehiago izatea baina sorospen zerbitzua gero eta eskasagoa izatea?», galdegin du Yancik, Gipuzkoako zenbait udaletan azpikontratatutako BPX enpresa seinalatuz.

Igerilekuetako sorospen zerbitzuez arduratzen den BPX enpresa iaz sartu zen lehen aldiz hondartzetako zerbitzua esleitzeko prozesura eta, «urgentziazko esleipen baten bitartez», berari eman zitzaion Gipuzkoako kostaldeko sorospen ardura. 2018ko abuztuan sorosleek lan baldintza berrien akordioa lortu zuten Gurutze Gorriarekin, ondoren udalak −esleipenaren arduradunak−, baldintzok betetzera konprometitu zirelarik. Tartean zen subrogazioaren afera, hiru urteko lan hitzarmenarekin lan egin ondoren, kontratazioak kontratu finko eten bilakatzea aurreikusten zuena. Donostiako Udalak, ordea, pleguetatik subrogazioa kentzea erabaki zuen. «Ondorioz, kaleratuak izatea askoz errazagoa da», azaldu du Ibargurenek.

 

Hainbat irregulartasun

Iaz BPX enpresarentzat lan egin zuten, baina hainbat irregulartasun antzeman zituzten, materialari dagokionez batez ere. «Erreskate ontziak matrikulatu gabe zeuden eta, enpresa pribatu bat izatean, ontziok gidatzeko titulazio berezi bat behar genuen», azaldu diote GARAri. Gertaerongatik kexatzera joatean, «mehatxuak» jaso zituztela salatu dute, ontziak erabiltzeari uko egin eta zerbait gertatuz gero beraien erantzukizuna izango zela esan baitzieten.

Horiek horrela, Yanci, Ibarguren eta beste zenbait sorosle «arazo» bilakatu ziren enpresarentzat. Aurten lantaldetik kanpo geratu izana horri egozten diote, enpresak hori ulertzera eman dielako: «Jende otzana nahi zutela esan ziguten». Ibargurenek gehitu du iaz «ilegalitate kasuak» eman zirela erreskate ontziak matrikulatu gabe eta langileak titulaziorik gabe izateagatik. Aurten ere titulaziorik gabe jarraitzen dute, «eta enpresaren erantzukizuna da sorosleen formakuntza».

Gurutze Gorriak exijitzen zuen “hondartzetako modulua” ez du eskatzen BPX enpresak eta, Yancik salatu duenez, behar izanez gero, egun batetik bestera igerilekuetako lantaldekoak batzen dira hondartzetako zerbitzura. Argi utzi nahi izan dute igerilekuek eta hondartzek ez dutela antzekotasunik, are gutxiago Zurriolan bezala korronte arriskutsuak badaude.

Bi sorosleek azaldu dute subrogazioa pleguetatik kentzean, protestak izango zirela aurreikusi zuela Gurutze Gorriak eta horregatik erabaki zuela esleipenetik at geratzea. Ulertzen dute erabakia: «Ez zegoen babes sozialik». Udalean mozioa aurkeztu dute, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen babesarekin, eta gaia uztailaren 23an jorratuko da. Subrogazioa eta lan ikuskaritza dituzte aldarri nagusi.