Iker GURRUTXAGA
DONOSTIA

Kantu berri-berriak eta «klasikoen» bertsio eguneratuak

“Auto-tour” bira berezia bukatu berritan dator Belako NAIZ Kontzertuetara. Sanagustineko emanaldirako ordu gutxiren faltan, Lander Zalakain taldeko bateria-jotzailea izan da NAIZ Irratiko “Musikharia” saioan. Gogotsu daudela dio gaur gauean zer topatuko dugun galdetuta; «hasteko, lau gazte pozik», esan du, taula gainera igotzeak eragingo dien zirrara azpimarratuz.

“Plastic drama” diskoa kaleratzekotan ziren udaberri honetan, baina krisi sanitarioa dela medio, abuztuaren 28ra atzeratu behar izan dute. Hala, egoera berrietara egokituz sei kantu aurreratu dituzte dagoeneko. «Gu nahikoa tradizionalak gara kontu hauetarako eta, egia esan, kostatu egin zaigu erabaki hori hartzea. Izan ere, disko baten atzean lan handia dago, eta balioa eman nahi genion egindako horri. Baina egoera desberdina dela ere onartu behar da eta ohi baino kantu gehiago zabaldu ditugu diskoa atera aurretik», adierazi du.

Itzulera, auto-zinemetan

Auto-zinemetan egin dute oholtzetarako itzulera Belako taldekoek, Denian, Madrilen eta Getxon emandako kontzertuetan. «Esperientzia berezia izan da, desberdina. Lan handia eman digu, hemeretzi lagun ibili gara atzera eta aurrera, emanaldi bereziak izateaz gainera dokumental txiki bat ere grabatu dugulako», azaldu du Zalakainek.

Gaur gauean zer? «Aurreratu dezakegu disko berriko kantu berriak joko ditugula, batetik, bertsioren bat egon daitekeela bestetik, eta aurreko diskoetako kantuen bertsio gaurkotuak ere joko ditugula».

“Plastic drama” lan berriko lehen sei aurrerapen horiez gain, kantu «berri-berriak» ere eskainiko dituztela iragarri du Zalakainek. Baita «klasikoen birbisitatze» moduko bat ere. Euren kantuen bertsio eguneratuak landu dituzte, eta orain arte «harrera oso ona» izan dutela dio Belakoko taldekideak.

Kontzertuen berezitasunak direla-eta, «ohikoa baino gehixeago hitz egiten» ari direla ere aipatu digu Zalakainek. Hala, ostiralean kantuen inguruko azalpenak ematea ere aurreikusten du.

Laster aurkeztuko duten lan berriaz, «plastikozko dramak» bi ikuspegitatik azaleratu nahi dituztela dio Zalakainek. «Askotan txikikeriak diren» gezurrezko dramak, batetik; plastikoarena, bestetik.

Kontzertua bertatik bertara ikusteko sarrerarik ez da dagoeneko; bai, streaming bidez ikusteko, ordea: Naiz.eus/kontzertuak.