Ibai AZPARREN
HAUTETSIEK EUSKAL PRESOEI EGINDAKO BISITAK

EH BILDUK 20 ESPETXE BISITATU DITU, AURRERA BEGIRA INDARTU ASMO DUEN DINAMIKAREN BAITAN

Hilabeteko epean, koalizioak Estatu espainoleko 20 espetxe bisitatu ditu covid-19aren testuinguruan. Hala ere, presoekin zuzenean hitz egitea eta espetxeetako zuzendaritzekin biltzea helburu duen dinamika honen dimentsio zabalagoak agerian geratu dira.

EH Bilduko hautetsiek ekainean ekin zioten euskal preso politikoak bisitatzeari, covid-19ak horien bizitzan zein eragin izan duen bertatik bertara ezagutzeko. Hilabetean, koalizio subiranistak Euskal Herriko, Madrilgo eta Europako erakundeetan dituen 44 ordezkarik Estatuko 20 espetxe bisitatu dituzte. Pandemia-egoera honetara mugatu gabe, dinamika hori egonkortu egin nahi du etorkizunari begira, esperientzia «oso positiboa» izan dela iritzita.

Maiatzean hasi zen dena. Euskal presoek hiru hilabete zeramatzaten bisitarik jaso gabe eta koalizioko hautetsiek eskutitza bidali zieten egitasmoaren berri emanez, bakoitzaren espetxera nortzuk joango ziren esanez; hala, presoek barrutik bisita-eskaera egin zuten eta kanpotik ere zuzendariei gutuna helarazi zieten bisita eskatzeko. Bideokonferentziak egiteko proposamen bihurtu ziren hainbat ezezko jaso ondoren, azkenean, espetxe baten baietzak domino efektua izan zuen hurrengoetan eta, hortik aurrera, banan-banan baiezkoak iritsi ziren.

Hautetsiak senideekin harremanetan jarri ziren, joan aurretik eta ondoren. Bakoitzari espetxe bat edo bitara joateko ardura jarriz, bikoteka antolatu zituen EH Bilduk bisitak, besteak beste, aurretik halako bisitarik egin izan duten ala ez aintzat hartuz. Esaterako, Rebeka Ubera Gasteizko parlamentariak kartzela batera bisita egiten zuen lehen aldia zuen eta Valdemoro (Madril) eta Daroca (Zaragoza) egokitu zitzaizkion. «Lan kontuengatik aukera geneukan erkidegoz aldatzeko eta hori aprobetxatuz, gure ardura politikoak aprobetxatuz, bisitak egiteko aukera genuen. Esperientzia berria zen niretzat, eta horren aurrean urduritasun puntu bat nuen; ez genekien kontrolik egongo ote zen, nola hartuko gintuzten… baina oso esperientzia positiboa izan da, oso pozik gaude bai senideekin, bai presoekin, eta alderdiko kideekin, noski», azaldu du.

Hiru orduko bisita egin zuen Uberak, baina beste kide batzuei, ohi bezala, 40 minutuko tartea eman zieten. Izan ere, espetxearen arabera bisitak desberdinak izaten ari dira, gehienetan lokutorio eta grabatuetan, baina kasu batzuetan banaka, beste batzuetan binaka eta zenbait kasutan, bisean bisetarako gela batean, taldean ere egin dituzte.

Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako batzarkide eta bozeramaileak 990 kilometrora dagoen Sevilla II espetxera egin zuen bisita, eta Idurre Bideguren senatariarekin batera, zazpi presorekin izan zen, «elkartasun, konpromiso eta enpatia ariketa» bat egiteko eta politikoki gauzak nola ikusten dituzten beraien ahotik jakiteko. «Garbi dute dispertsioarekin amaitu behar dela; gainera, asko isolamendu egoeran daude, horrek dakartzan eragozpen guztiekin: ezin dituzte tailerrak egin eta ikasketarako arazo asko dituzte, besteak beste».

Dagoeneko 83 preso bisitatu dituzte koalizio subiranistako kideek eta beste 14k uko egin diote bisitari; 4k data zehaztu dute eta beste 13 zehazteko daude. Oro har, oso harrera ona egin dietela diote hautetsiek, baina aldeak ere egon dira, bai presoaren egoera eta beharrei dagokienez, bai egoera orokorraren irakurketari dagokionez.

«Hitz egiteko gogo handiz zeuden. Kontu asko jorratu genituen; covid-19ak kartzela barruan duen eragina edota bakoitzaren egoera pertsonala hartuta, garbi ikusten da espetxe bakoitza mundu bat dela eta egoera bakoitza desberdina dela», adierazi du Uberak.

Valdemoron, Mikel Otegi presoak hauteskundeak irabazteko esan ziela gogoratu du, eta «ados ez zeuden kontuen inguruan ere lasaitasunez aritu» zirela preso guztiekin. «Egia esan, pena da osasun larrialdi bat iritsi behar izatea bisita hauek egiteko; hori izan zen pentsatu nuen lehenengo gauza», kontatu du Uberak. Legebiltzarkidearen hausnarketa horrekin bat datoz EH Bilduko gainerako ordezkariak, eta presoak, jakina; izan ere, askok uste dute bisita horiek aspaldi hasi behar zirela, baina, bestetik, horretarako ahalegin apalenek ere ezezko erantzuna eta jarrera mugiezina jaso dute beste aldetik.

Ikuspegi orokorrari helduz, Unai Urruzuno Gasteizko legebiltzarkideak, Jaengo (Andaluzia) eta Teixeiroko (Galizia) kartzeletara egindako bisiten ostean, iritzi argia dauka: borroka armatuaren zikloa amaitu ondoren «oraindik duela 30 urteko logika beraren pean aurkitzen dira presoak, gerraren logika batean». Gatibu politikoen logika horretan, nabarmendu du EH Bildu justizian oinarritutako agertoki bat dela eta presoen aferak gizarte afera izan behar duela. «Inplikazioa izan dugu, presoek ere sentitu dezaten; ekimen lagungarria izan da, beraiek duela urte batzuk hartu zuten erabaki horretan laguntzeko; izan ere, urte luzeetan esan zaie presoei legediari lotutako ibilbidea hasi behar zutela eta presoak hori ere egiten ari dira. Aldiz, espetxe erakundeen aldetik ez dago erantzunik, inolako laguntzarik edo sintoniarik, hori egiten laguntzeko. Horregatik, EH Bilduk transmititu die «eskura dituen palanka guztiak aktibatuko dituela» beraiei laguntzeko eta «akonpainamendu» hori egiteko.

Espetxeetako zuzendaritza

EH Bilduk Estatu espainoleko kartzeletan egin duen lan horrek bi alderdi izan ditu; batetik, presoekin zuzenean mintzatzea, eta, bestetik, espetxeetako zuzendaritza interpelatzea. «Ondo dakigu presoei urte luzeetan bide legala har zezatela eskatu zaiela eta, hori egiten hasi direnean, eginbehar guztiak egin dituztenean, espetxeetatik beraiei trasmititzen zaien mezua da afera politikoa dela, beti esan izan duguna: hau auzi politiko bat da eta konponbide politikoak eskatzen ditu», nabarmendu du Urruzunok.

Ildo horretan, koalizio independentistak argi du auzi hau erabaki politikoekin konponduko dela, baina zuzendaritzek badute zereginik, bai eta presoen egunerokotasunean garrantzitsuak diren arazoetan esku hartzeko eta erabakiak hartzeko ahalmenik ere, eta horren inguruan aritu dira haiekin izandako bileretan. «Kartzela bakoitzak badauka marjina presoen eskubideen arloan erabakiak hartzeko, onura guztiak aplikatzeko», gaineratu du Izagirrek. Erantzunak askotarikoak izan dira, kasu batzuetan hotzagoak eta beste batzuetan zuzenak. Bere kasuan, bi ordu luzez aritu omen ziren hizketan, «presoek esandakoa helarazteko eta esateko ez dagoela zertan Madrilen erabakien zain egon egoera aldatzeko».

Valdermoron, berriz, Ubera presoekin baino ez zen elkartu: «Zuzendaritzan zeudenek ez gintuzten hartu eta telefonoz gestioa egin behar genuenean zuzendariordeak hartu zidan telefonoa. Darocan, bisita bukatu ostean, zuzendaritzarekin bildu ginen. Oso zuzenak izan ziren. Ahalegindu ginen bide batzuk irekitzen, baina erabakitzeko ahalmena Madrilen dagoela eta aginduak betetzen dituztela esan ziguten».

Madrilera begira, presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeko proposamenak ere asko izan dira, baina erregimen itxiko unitate berezietatik ateratzea, modulu edo galeria bakar batean batzea edota lan-destinoak eskaintzea zuzendaritzaren menpe dauden erabakiak direla azpimarratu du EH Bilduk, eta, bestetik, Tratamendu Batzordetik gradu berrikuspena pasatzen denean, graduan aurrera egitearen alde egitea ere bai.

Lehenengo bisita hauetatik ateratako esperientzia positiboaren ondoren, EH Bilduren asmoa uztailean zehar edo abuztu hasieran errondari amaiera ematea da, eta ondoren «balorazio trinkoagoa» egingo dutela azaldu du Urruzunok. Helburua, ordea, urtean bisita bat baino gehiago egingo lukeen dinamika bat egonkortzea dela iragarri du, bisita hutsetan ez geratzeko, «baizik eta, horietan jasotzen ditugun balorazioetan eta iritzietan oinarrituz, gure instituzioetatik eta Madriletik lan egin» ahal izateko. «EH Bilduk, esan bezala, presoen afera lehentasunezko afera du, aktibazio soziala bilatzen dugu, eta zentzu horretan ere gure esku dagoena egingo dugu», azpimarratu du Urruzunok.

ERREAKZIOAK

«EH Bilduk eskura dituen palanka guztiak aktibatuko dituela transmititu die presoei»

UNAI URRUZUNO

Gasteizko parlamentaria

«Kartzela bakoitzak badauka marjina presoen eskubideen arloan erabakiak hartzeko»

JUAN KARLOS IZAGIRRE

Gipuzkoako batzarkidea