Ibai AZPARREN
AGUR, SANFERMIN OSPATU GABEEI

MEMORIAN GORDETAKO ESZENEN AGERTOKI DEN ERRITU HERRIKOIA

Josu Ozaita gizarte antropologoak «Sanferminetako azken erritua: Villavesaren entzierroa» liburua argitaratu berri du. 2016. urtean 10 egun eman zituen sanferminetan, duela 35 urte hasitako «ganberrada» hutsa baino gehiago den tradizio herrikoia aztertzen.

Sanferminetako 204 orduek ez dute zerikusirik urteko gainerako orduekin. Txupinazoak, txarangek, peñek, lagunek eta gaueko zurrunbiloek festa ero bat leherrarazten dute; aurten, aldiz, ez dute metxarik ere piztu. Egunkari honek ez du denborarik galdu hau edo bestea nolakoa izango litzatekeen pentsatzen, ez baita gauza bera, eta kontrako efektua eragingo bailuke bai irakurlearengan, bai Iruñeko kazetariongan, baita iaz tropelean geure etxeak inbaditu zituzten beste herrialdeetako lankideengan ere. Hala, Josu Ozaita ibartarraren EHUko Antropologia masterraren amaierako lana aitzakia hartuta, lerro hauetan festa-malenkonia gogaikarri batean murgilduko gara. Sanferminetako azken errituari buruzko ikerketa argitaratu du; Villavesaren entzierroari buruzkoa.

Irakurlea goiztiarra bada, agian erreportaje hau irakurtzen ari da gaur, uztailak 15, Villavesaren entzierroa egingo litzatekeen ordu berean. Momentu honetan, “Indurainek”, garagardotan ondo bustitako korrikalari sutsu batzuek animatuta, Santo Domingotik zezen-plazarainoko ibilbidea egingo luke. Ozaita, bertakoen antzera, leher eginda iritsi zen 2016an «ganberrismo» hutsa baino gehiago den tradizio, erritu, antzerki, performance… edo dena delako honetara: «Erritu bat inoiz ez da hutsa, zerbait gehiago bazegoela aurreikusten nuen».

Hala ere, ekimen horretara soilik etorrita, erokeria galanta irudituko zitzaiokeen eta, beraz, hamar eguneko landa-lana egitea erabaki zuen. «Ikerketa zientifikoagoa» atera dela nabarmendu du, sanferminetan zenbat eta denbora gehiago egon, orduan eta hobeto ulertzen delako: «Dekoratzaile batek etxeak diseinatzen dituen bezala, antropologoak ezinbesteko figura beharko luke jaiak antolatu edo jaiak birformulatzeko». Hala, Berriozarren etxea utzi zion lehengusuak eta gotorleku horretan deszifratu zituen jai hauen barreneko kontuak: sinboloak, emozioak, identitateak, funtzioak... «Gezurra badirudi ere, oso zaila da sanferminetan antropologo izatea, festa atmosfera horrek harrapatu egiten baitzaitu. Aitortu beharra dut egun batean jaiaren olatu horrek eraman nintzala utzi nuela, jada ezinezkoa zelako eustea». Bakardadean are gogorragoa izango litzateke, baina zortea izan zuen anaia ondoan izan bainuen 10 egun luze horietan: Mikel Ozaita, bera ere antropologoa.

Ofizialki, uztailaren 14ko gauerdian “Gaixoa ni” ospakizunarekin sanferminak amaierara iristen badira ere, 80ko hamarkadaren erdialdetik entzierro berezi honek ere ixten ditu jaiak. Biharamuneko goizeko 8.00etan, entzierroaren ibilbidetik igaro behar zuen autobusari itxaron eta haren aurrean korrikan hasi ziren gaupasaz zeuden hainbat gazte. «Batzuek diotenez, abenduaren 31ko parrandaren ostean egin zen lehen aldiz, eta hain ondo pasa zuten, ezen uztailaren 15ean errepikatu baitzuten. Sorrera hori da, gaupasa testuinguru batean momentuan sorturiko burutazioa», azaldu du. Une bateko gertaera tradizio da gaur egun, hainbat aldaketa izan dituena 35 urteotan, eta hori da antropologo sozial honek ikertu duena.

Urtero errepikatzen hasi ziren, baina orduko alkateak autobusaren ibilbidea aldatzea erabaki zuen, eta ordu horretan autobusik ez izatea. Hala ere, ohiturari eutsi zioten, eta kalean harrapatzen zuten okinaren furgoneta edo edari banatzaileen kamioien aurrean egiten hasi zirela dio Ozaitak. «Indargunea ez da autobusa, baizik eta espazioa eta denbora, kronotopos hori: uztailaren 15ean da, zortzi entzierroren ostean, toki eta ordu berean», azpimarratu du.

Horrela, 1997an “Miguel Indurain” txirrindularia agertu zen autobusaren ordez, eta 23 urtetan berak ordezkatu ditu autobusa eta zezenak. Halere, aldaketa gehiago egon direla azaldu du ikertzaileak: San Fermin santua gehitu da, gaueko prozesioa, “Txarli” tximinoa... «Urtero izaten dira aldaketak, inoiz ez delako erritu edo tradiziorik errepikatzen, beti baitaude mugimenduan», gaineratu du.

Villavesaren entzierroa sakon aztertuta, gauza askoren artean, narrazio desberdinak kontatzen dituela konturatu zela dio Ozaitak. «Lehenik eta behin, prozesioa burutzen da, edo honen berrinterpretazioa. San Fermin santua ere gaupasaz eta mozkor egoten da. Bi San Fermin santuk ordezkatzen dituzte sanferminak: San Fermin erlijiosoak eta San Fermin parrandazaleak», adierazi du. Entzierroa ere egiten da, Iruñeko sinbolo bilakatu delako, mundu osoan ezaguna egin duena, baina era berean, «entzierroetako korrikalari “dibinoen” ironia ere gauzatzen da», antropologoaren esanetan.

Entzierroak zenbait zati izan ohi ditu. Aipatu bezala, Miguel Indurain da protagonista, zezena ordezkatzen duena. Eta hala, entzierroa eta Tourreko etapa nagusiko irudiak nahasten dira. «Indurain sinbolo bat izan da Nafarroan, nafarrak batu dituen sinbolo bakarra agian. 1991-1995 urteen artean bost Tour irabazi zituen, eta sanferminetan plana etapak ikustea zen. Bere memoria mantentzen da, transmititu belaunaldi berriei, gaurko Villavesaren entzierroko parte-hartzaile asko oraindik jaio gabe baitzeuden Indurainen garaian», azaldu du Ozaitak.

“Txarli” tximinoa ere agertzen da eta, Ozaitak dioenez, hori ere ez da kasualitatea: «‘Txarli’ tximinoa 80ko hamarkadako ikur bilakatu zen gazte askorentzat. Iruñeko gizartearen zati bat oso kontserbadorea zen, eta Takoneran egoten ziren animalien artean bazen gazte asko markatu zituen tximino bat: ‘Txarli’. Jendeari betaurrekoak lapurtzen omen zizkion, zigarroak erretzen zituen, eta masturbatzen ematen zuen eguna. Errebeldiaren eta transgresioaren ikono bilakatu zen, eta oraindik ere hartaz hitz egiten jarraitzen dugu».

2016an korrika zihoazen bitartean, Iruñeko udaletxeko plazara sartu aurretik, ke potoak bota zituztela gogoratu du antropologoak: batzuek aurpegia estali zuten eta mezu politikoak oihukatzen hasi ziren. «Kale hauen memorian dauden eszenen antzerkia dira polizia eta gazteen arteko enfrentamenduak», adierazi du ikerlariak.

Izan ere, Ozaitak dioenez, Udala aktoreetako bat izan da hasieratik: «Autobusaren ibilbidea aldatu zuenetik, erritua politizatu egin zen, eta tripak jan izan ditu kontrolatzen ez zuen erritu bat zelako, dituen balioak dituelako... eta sanferminak ixteko Udalaren erritu ofizialari itzal egin eta erritu honekin amaitzen direlako». Ezinikusi hori «muturreraino» iritsi dela dio, dena kontrolatu nahi izateraino: «Polizia bidali, kargak egin eta jendea atxilotu». Orduan «poliziak zezen bilakatzen ziren, eta momentu gogoangarriak ere utzi dizkigute, barrearen, performanceen eta ironiaren indarra agertzen dutenak. Villavesaren entzierroan gaupaseroak korrika eta polizia ilaran zain, kargatzeko gogoz, Alde Zaharrean. Korrikalariak iritsi eta oihuka hasten dira: “Indurain! Indurain!”. Hor indar berezi bat dago», gehitu du.

Transgresorea den seinale

Ikerketaren lehenengo ondorio nagusia sanferminak erritu honekin amaitzen direla da, Ozaitaren esanetan. «Halako jai garrantzitsuak gaupaseroek egindako erritu batekin ixten dira. Hori jada transgresorea da. Gaupasari omenaldia ere bada: gaupaseroak beti desordutan dauden gorputz marjinalak izan ohi dira; erritu honekin, ordea, gaupasa goraipatzen da. Zenbat erritu egongo dira munduan gaupaseroek eginak?», azaldu du. Urratzailea da ere «kalea zeurea da» aldarrikapena dagoelako tartean, «Udaletik bultzatu nahi den Iruñea edo San Fermin eredu baten aurkako performancea delako», herrikoia delako. Hori da, hain zuzen, entzierroak antolakuntza handirik ez izateko arrazoia: «Villavesa desagertzekotan izan zen, Miguel Indurainena egiten duenak ez zela aterako esan zuelako. Taberna batean, ordea, lagunartean, “Movimiento 15 de Julio” sortu zen, Villavesaren entzierroari eusteko».

Hala ere, transgresorea dela komatxo artean jarriko luke Ozaitak, «oso kontserbadorea izan delako, oso gizonena». Protagonista guztiak maskulinoak ziren eta gizonen ikuspegitik egin izan da, nahiz eta aldaketak izan dituen azken urteotan: «Hurrengo urtean itzuli nintzen, goitik ikusi nuen, eta Santuari abesteko orduan, San Fermin santuari hankatik tiraka zeuden emakume batzuk. Tentsioa nabari zen, baina ez nekien zer gertatzen ari zen. Iaz, San Fermin santua emakume bat zen. Eta, hala, transgresoregoa bilakatzen da erritua: Emakumea Santua, gaupasaz».

Antropologoaren iritziz, tradizioek gizartearekin bat joan behar dute. Bestela bi gauza gertatzen dira: «Tentsioak eta borrokak sortzen dira, edo desagertu. Eta antropologikoki aztertuta, gauza desberdinak azaleratuko lirateke». Oraingoz, Villavesaren entzierroak ez du amaitzeko asmorik eta, permormance gisa aztertuz gero harrigarri bilakatzen dela dio, honen sakontasuna izan baita gehien harritu duena: «Eguzkia ateratzean teloia igotzen da. Kalean dauden guztiak dira aktore, gaupasaz daudenak, lanera doazenak, eguneroko kontuetan hasi direnak, kale garbitzaileak, edari banatzaileak... entzierroaren ibilbidean, goizeko 8.00etan. Beste hiru aktore sartu, Indurain, San Fermin santua, tximino bat... eta performance herrikoi bat sortzen da. Zuzendaririk gabeko artelana da».

 

Adierazpena

«Halako garrantzia duten jaiak gaupaseroen erritu batekin ixten dira. Hori jada transgresorea da»

JOSU OZAITA

Gizarte antropologoa