Maddi TXINTXURRETA
HAURREN POBREZIA

GURASO BAKARREKO FAMILIAK GEROZ ETA POBREAGOAK DIRA

Haur eta familien pobrezia mailari buruzko azterketa argitaratu du Save the Children erakundeak, eta, covid-19ak eragindako egoera kontuan hartu gabe ere, ondorioztatu du, orokorrean, pobrezia arriskuan bizi diren haur kopuruak gora egin duela. Guraso bakarreko familien kasua are larriagoa dela ere ohartarazi du.

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi du EAEko adingabeen %26,7 (92.177) pobrezia arriskuan daudela. Are, arrisku tasa helduen artean baino zazpi puntu altuagoa da haurren artean. Erakundeak publiko egindako azken ikerketaren arabera, EAEn adingabe bat hazteko kostua Estatuko espainiarrean baino handiagoa da, ardurapeko seme-alaba bakoitzeko hilean 615 euro batez beste (Espainian 480 eta 690 euro artean dabil), eta, gainera, kostua handitu egiten da adinarekin: 551 euro hilean lehen hiru urteetan, eta 714 euro inguru 13 eta 17 urte bitartean. Kontuan izanda Estatu espainiarreko gutxieneko soldata 900 eurokoa dela, eta soldatarik arruntena, batez beste, hilean 1.457 eurokoa, familia ugarik zailtasunak dituzte haien seme-alabak baldintza duinetan hazi eta hezteko.

Erakundeak nabarmendu duenez, seme-alaba bat edo gehiago dituzten bi gurasoko familietan hazi zen gehien pobrezia 2019an. Hamar pertsonatik ia lau pobrezia egoeran bizi dira, aurreko urteko tasa baino 6,5 puntu gehiago, hau da, 2018an baino 50.191 pertsona gehiago. Hala ere, guraso bakarreko familien kasua are larriagoa da, %55 pobrezia egoeran bizi baitira (41.924 etxe guztira). Gainera, guraso bakarreko familietan emakumeak dira gehienetan familiaren ekonomia eta ardura eramaten dutenak. Emakumeok zailtasun gehiago dituzte lan merkatuan sartzeko eta zaintza ordainpeko lanarekin bateratzeko; beraz, azkenean, gizonek baino askoz soldata txikiagoa dute, eta pobrezia jasateko arrisku handiagoa.

Bestalde, Save The Childrenek azterketa honen baitan egindako inkesta baten arabera, EAEko 10 biztanletik 9k uste dute pobreziaren arazoak lehentasuna izan beharko lukeela Lakuako Gobernuaren jardunean; ez hori bakarrik, herritarren erdiek adierazi dute zerga gehiago ordainduko lituzketela horiek zuzenean haurren pobrezia desagerrarazteko erabiliko balira.

«Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma onartzea, gizarte babesa hobetu eta seme-alabak ardurapean dituzten familientzako zenbatekoak handitzeko, lehentasuna izan beharko litzateke Eusko Legebiltzarrarentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat», ondorioztatu du Save the Childrenek.

Estatu espainiarra

Estatu espainiarrean pobrezia handitu egin zen guraso bakarreko familietan 2019an, eta guztien %41,1era iritsi zen. Egoera benetan larria da guraso bakarreko familia askoren kasuan, zeinak, erakundeak berak zehazten duenez, gehienetan emakume edo ama bakarrek osatzen dituzten.

Mundu mailan lan egiten duen gobernuz kanpoko erakundeak gogorarazten du emandako datuak 2019koak direla, eta, beraz, ez dutela islatzen covid-19ak baliabide gutxiago dituzten etxeetan izandako eragina. Erakundearen arabera, krisi ekonomikoak familia ahuletan izango dituen ondorioek nabarmen handituko dute haurren pobrezia datozen urteetan.

Pasa den asteartean INE estatistika institutuak argitara eman zuen 2019ko Bizi Baldintzen Inkesta aztertuta, haurren defentsarako erakundeak ohartarazi du haurren pobrezia hazten ari dela, eta Estatu espainiarrean 18 urtetik beherakoen %27,4ra iritsi dela jada, «aurreko aldian baino 45.500 haur gehiago (% 2,2 gehiago)».

Guztira, 2019an, pandemia baino lehen beraz, pobrezia edo gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan zeuden adingabeen kopurua 2,1 milioi baino gehiagokoa zen. «Horrek guztiak agerian uzten du premia handiena duten familien artean desberdintasunak eta pobrezia murrizteko premiazko neurriak hartu behar direla. Egungo gizarte prestazioek haurren pobrezia 3 puntu murriztea baino ez dute lagundu, eta horrek erakusten du oraindik ez direla nahikoak gure herrialdeko haurren pobrezia egoera dramatikoa hobetzeko», nabarmendu du Save the Childrenek argitaratu berri duen txostenean.

Helduen pobrezia tasak Estatu mailan soilik puntu bat gora egin duen arren, ardurapeko seme-alabak dituzten familiek, bereziki guraso bakarrekoek, gehiago sufritzen jarraitzen dute. Horren erakusle, pobrezia arriskuan dauden gisa horretako familiak beti %20tik gora dira.

Save the Childrenek ere salatu du pobrezia larrian bizi diren adin txikikoen kopurua hazi egin dela (%12,2tik %13ra), bai eta bi egunean behin haragi, oilasko, arrain edo antzekorik jan ezin duten familien kopurua ere (%3,7tik %4,5era).

Gobernuz kanpoko erakundeak azpimarratu du, berebat, pobrezia heredatu egiten dela: hilabete bukaerara iristeko zailtasunak dituztenen herritarren %66 eta pobrezia arriskuan daudenen %37, nerabeak zirenean, egoera ekonomiko txarrean edo nahiko txarrean zeuden etxeetan bizi ziren.

Larri zeudenak, larriago

2019ko datuek erakusten duten bezala, egoera kezkagarria da, batez ere, familia kalteberentzat. Azken inkestaren arabera, baliabide gutxiko familiek ikaragarri jasan dute pandemia, eta diru-sarrerak %31 murriztu zaizkie batez beste, urtean 6.942 eurora jaisteraino. Osasun larrialdia baino lehen, galdetutako familiek batez beste 10.143 euro irabazten zituzten urtean, eta horrek pobreziaren atalasearen azpitik jartzen zituen. Handik hiru hilabetera, baina, %32k lana galdu dute, eta lan-egoera aldatu ez zaienen artean, %62k ez zuten lanik osasun larrialdiaren aurretik.

Horrez gain, Save the Children erakundearen ikerketaren arabera, emakumeek gizonek baino lan prekarietate eta pobrezia handiagoa jasaten dute, eta horrek egoera zailagoan kokatzen ditu gaur egungo krisiari aurre egiteko, batez ere gazteak, migranteak eta kualifikazio baxua dutenak. Gainera, konfinamenduak gehien eragiten dien sektoreetako batzuk, hala nola merkataritza, turismoa eta ostalaritza, oso feminizatuta daudela ohartarazi du erakundeak. Feminizatutako beste sektore batzuek, hala osasun-sektoreak nola zaintza-sektoreak, eragin ekonomiko txikiagoa izan dute, baina, horren ordez, emakumeek kutsatzeko arrisku handiagoa izan dute, eta pairatu behar izan dituzten lan kargak ohikoak baino altuagoak izan dira.

«Gure iragarpena da, neurri egokiak hartzen ez badira, urte honen amaieran haurren %33 pobrezia egoeran egon daitezkeela, hau da, orain baino %27,4 gehiago. Berreraikitze planek haurtzaroaren ikuspegia izan behar dute belaunaldi oso bat atzean utzi nahi ez badugu. Orain, Estatuan eta Europan jardun behar dugu, Espainiako haurren garapenari eta ongizateari hainbeste eragiten dion arazo hori konpontzeko», nabarmendu du Catalina Perazzo Save the Childreneko Haurtzaroaren Sentsibilizazio eta Politiketako zuzendariak.

Arrakala digitala

Save the Children erakundeak arrakala digitala eta horrek hezkuntzaren arloan duen eragina ere aipatzen ditu txostenean, batez ere haurrei eta gazteei erreferentzia eginez. Ohartarazi duenez, iragan urtean handitu egin zen ordenagailu pertsonalik ez zuten 16 urtetik beherako gazteen kopurua, %8,7ra iritsi arte. «Pobreziak ikaskuntza baldintzatzen du; izan ere, goi-mailako hezkuntza duten pertsonen %25 baino ez dira familia ahuletatik etortzen; lehen hezkuntza bakarrik duten pertsonen erdiak baino gehiago baliabide gutxiko etxeetatik datoz», agertu du gobernuz kanpoko erakundeak.

Estatu espainiarra Europar Batasuneko bosgarren potentzia ekonomia den arren, haur pobrezia handiena duen Europar Batasuneko hirugarren herrialdea da. «Espainiak barne produktu gordinaren %1,3 baino ez du inbertitzen familia prestazioetan; Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko herrialdeek, berriz, %2,4 inbertitzen dute batez beste. Eurostaten arabera, Europar Batasunean familiei gizarte babeseko gastu proportzio txikiena ematen dieten herrialdeen artean, Espainia da zazpigarrena».