30/07/2020

Lander Garro
Idazlea
Adio

Banoa, kaput, amaitu da. Duela 10 urte hasi nintzen tarte honetan irakurri dituzuen ideiak zirriborratzen. 10 urteotan nire anai-arrebak, dagoeneko, ez daude preso, nire ama Pakita zendu zen, birus batek geure maitasuna arrisku bilakatu zuen, eta sakelako bati itsatsirik bizi gara. Hori dena aldatu da. Nahi nuke esan dena dela azalekoa, baina alderantziz da: bizitzan gauzak jaiotzen eta hiltzen dira etengabe, ia beti abisurik eman gabe. Ezin duzu smartphone ditxosozko bat alboan izan gabe izaki oso izan. Kargadorea, kable single hori, geure zilbor-heste berria da. Han, kanpoaldean, mundu bat informaziozkoa, nartzisismoa, zarata, egoa, posea, alarma, konspirazioa, izua, lagunak, etsaiak... dena dago, eta, aldi berean, ezer ez. Lehen futbol talde batekoak ginen, eta nahiko lan, orain bi dozena Whatsapp talde ditugu, eta dena da gutxi. Txisteak eta odola, mehatxuak eta ihesbideak nahasten zaizkigu geure bigarren bihotz errektangular honetan. Idazten ari naizen hauxe bihar iritsiko zaizu, Singapurreko errebrote berriaren eta Arantxa Tapiaren azken pailazokeriarekin batera: dena doa ahanzturaren beso estuetara. Banoa, haatik, Snoid Jaunaren autobusera igo eta hark nahi duen tokira, etorri nintzen bide beretik, zertxobait zaharragoa, zilbor-hestea moztuta, berriz jaiotzeko esperantza kimerikoan. Adiorik ez.