Josu Iraeta
Idazlea
KOLABORAZIOA

Diruak ez du ideologiarik

Azken hilabete hauetan ikasle garaiko istorio oso ezaguna den antzezpen baten aurrean gaudela dirudi. Bibliak berak dioenez, Abrahamen eta Sararen biloba bikien arteko aferan aurrez aurre jarri gaituzte euskaldunok. Beharbada oraingo gaztetxoek ez, baina helduok ezaguna dugu nola Esau eta Jacob anaia bikiak izanik, lehenak –Esauk berak– anaiari oinordekotzak dituen onura guztiak dilista plater baten truke eman zizkion gosea asetzeko.

Badakit, ez da gauza berria, baina bai kontuan hartzekoa. Oraingo afera hau biziki maltzurragoa dela ikusten baita, covid-19ak oso egoera berezian jarri gaituelako.

Gaur Euskal Herrian bizitzen ari garena ez da batzuok nahiko genukeen bezain gozoa, egia da, baina, nire ustez, egoera latzagoaren ataria besterik ez da. Agian, horregatik izango da EAJk, Euskal Herriko egoera ekonomikoaren larritasuna norainoko bidean dagoen jabetuta, eta egungo bitartekorik ezak erakartzen dituen ondorio politiko larriak berak bakarrik ez jasotzeko, egoera hau kontuan izaten ari da Estatu Aurrekontuak sinatzeko bidean.

Beti bezala, hasieran, mesfidantzaz beterik bada ere, arlo politikoan akordioa ezinezkoa delakoan, EAJk bere aldarrikapen gorenak planteatuko ditu, gaurko konstituzioa eta Gernikako Estatutua errespetatuz, noski.

Aurrerago, bere jarrerak biguntzeko eginbide minimo bat erdietsi arte, gehienbat Kontzertu Ekonomikoaren inguruan, nabaria izango da paktuaren hobekuntza politikorik eza. Estatutua ezin hobetzea, Nafarroarekiko dagoen hutsunea, bakegintzaren ondorio politikoen falta, espetxeak...

Betiko antzerkia eginez, aldarrikapen politikoak salduz, diru gehiago lortuko du alderdi jeltzaleak «Hiru Probintzietarako». Beraz, hau da, eta ez besterik, EAJk duen proiektu politikoaren ezaugarri nagusia: iruzurra.

Berriro ere EAJren barruan desadostasunak agertuko dira, nahiz eta Aurrekontuen Ituna sinatu ondoren, denon baietza jasoko duten.

Ez da berria, bertako buruzagi ezagun batek aspaldi zioen bezala: «Ez da usoen garaia, belatzena baizik».

Ez da politikoa soilik, baita sindikala ere. Erakunde mailan tramankulu guztiak eskura izanik, gaitasun politikorik eza agerian geldituko da berriz. Betiko leloari helduko diote: «Madrilen erabakiko baita, Madrilen onartzen ez denak ez du zentzurik…»

Gasteizko «bikoteak» eta bere laguntzaileek ez dute ausardiarik politika propioa egiteko; ez dira gai eraikuntza nazionalaren lemazain izateko; ez dute gaitasunik bakegintzan gaur eskura jarri dizkioten aukerak lantzeko. Madrilen menpe bizi dira. Estatuaren hizkera besterik ez dute erabiltzen.

Tartean, eta zer asmatu ezinik dabiltzala, politikagintzan sorginkeria hutsez bizi direnak, demokrazia «integrala» miresten hasi direnean, demokrazia sakondu nahi dutenak, benetako aukerak bilatzen dituztenak, baztertzen dituzte; ez omen dira «fidagarriak».

Euskal Herrian bizi dugun ustelkeria hutsa da, euskal gizarteari egiten zaion iruzur nardagarria. Hemen gertatzen ari denak ez du zerikusirik ez justiziarekin ez demokraziarekin.

Horrela, ustelkeria politikoen lokatzez leporaino daudenak, eta nahiz hautesle sostenguak behar adina indarrik ez izan, dirua eta boterea kudeatzen dituzte. Harro, demokraziaren zaindari balira bezala. Beti daude dirua dagoen tokian. Dirua baita beraien elikagai nagusia. Asebete daudenean neurririk gabe xahutzeko, eta gosez daudenean, harrapatzeko.

Antzezle lan txukun samarra eginez, PSOEko idazkari bizkaitarrak EAJri kontuak eskatzen dizkio, Madrilgo gobernuari aurre egin izanagatik, Errioxako San Millan baztertzeagatik. Baina horrelako ika-mikak, betiko folklorea dira, ez dute batere mamirik.

EAJk ez du bere «betiko» bidea aldatzeko asmorik. Gogoratu nahi nuke, nola joandako mendearen bigarren hamarkadan, EAJk abertzaletasun aztarna guztiak baztertu zituen, Ramon de la Sotaren aurrean –Castro Urdialesen jaiotako eskuindar ospetsuari– amore eman zuenean. Geroztik, herri honetan dauden instituzioak gobernatzeko erakunde profesionala dugu. Ez gehiagorik eskatu, ez baitu emango.

Politikoki nahiz ekonomikoki EAJk nahiago izan du berriro Madrilekin elkartu, Euskal Herriaren eraikuntzaren oinarriak finkatu baino. Are gehiago, Euskal Herriaren deseraikitze nazionalerako Estatuaren estrategian parte hartzen ari da buru-belarri. AHT eta beste hainbat eraikuntza erraldoi bai, baina zeren truke, erreibindikazio guztietan sasibide bilakatuz, suhiltzaile lana eginez, kolonizazioa luzatuz.

EAJ, gaur, euskaldunei inposatzen diguten «espainolen demokrazia» honen ispilu da. Aspaldiko bere lankidetza unionistaren poderioz, ez digute uzten euskal demokrazia eraikitzen. Noiz arte?

Lerro buruan esandakoa berreskuratuz, diruak ez baitu ideologiarik.