Haritz LARRAÑAGA
ANGELU

Angeluko Xiberta baso kiskalia zaintzen jarraitzen dute suhiltzaileek

Sua itzalita dagoen arren, berpizte txikiak izan dira azken egunetan eta suhiltzaileek Angeluko Xiberta basoa zaintzen jarraitzen dute. Baionako Fiskaltza sutea nahita piztu ote zuten ikertzen ari da.

Uztailaren 30ean piztu zen sutearen ondorioak oraindik bistakoak dira eta utzitako aztarnek luzaroan iraungo dute. Bitartean, Angeluko Udalak ezarritako salaketaren aurrean, Baionako Fiskaltzak sutea eragindakoa izan den susmo irmoa agertu du eta ikerketa bat abiatu du. Talde ekologistek, ostera, prebentzio neurriak indartzeko beharra nabarmendu dute.

Marseilla eta Tolosatik etorritako Polizia judizialeko espezialistek abiatu zuten ikerketaren arabera, sutearen sorburua ez zen naturala izan, baina tenperatura altuek, hezetasun urriak eta haize ufadek bere hedapena azkartu zuten. Baionako Fiskaltzari atxikia den Craoline Parizelek France Bleu irrati kateari eginiko adierazpenetan adierazi zuenez, «sutea ez zen tximista baten ondorioz edo zutoin elektriko bat erori zelako sortu».

Orain, suteak jatorri naturalik ez duela baieztatu ostean, berau nahita edo nahigabe eragindakoa izan zen ikertzen ari da Polizia frantsesa. Angeluko Udalak «X-en aurkako salaketa» ezarri zuen Baionako epaitegian, oraindik ezagutzen ez diren arrazoi edo pertsonei zuzendua baita; beraz, Baionako fiskaltzaren esku dago sua zerk eragin zuen zehaztea.

Angeluko herritarrek azken lau hamarkadetan ezagutu duten sute handiena amatatu eta lau egunera, suhiltzaileen Sdis64 ibilgailu mugikorrak Orok Bat trinket ondoan dagoen aparkalekuan jarraitzen du oraindik. Itxura guztien arabera, ingurune hartan hasi zen Xibertako basoa kiskali zuen sute beldurgarria, eta pixkanaka haize ufadek lagunduta iparralderantz hedatu, eta Aturri ibaiaren ondoan dagoen Barrako gunera iritsi zen.

Uztailaren 30ean arratsaldeko seiak aldera piztu zen sua biharamunean kontrolpean zela jakinarazi zuen Claude Olive Angeluko auzapezak, baina oraindik gune batzuetan sua berpizteko arriskua zegoela ohartarazi zuen. Abuztuaren 1ean, berriz, egoera kontrolpean egotetik «seguru» egotera igaro zen, eta ordutik zaintza iraunkorrean dira suhiltzaileak.

Gau oso bat behar izan zuten lanean aritu ziren 150 suhiltzaileek sutea mendean hartzeko. Horietako batzuek Gironda eta Landetako departamenduetatik etorri ziren laguntzera eta Lot eta Garona eta Dordoinako departamenduetako suhiltzaileak alerta egoeran izan ziren arriskuak iraun zuen bitartean. Merignac hiritik abiatu ziren Canadair markako bi hegazkin ere ura isurtzen aritu ziren ikusgaitasuna zaildu zen arte.

Gauzak horrela, txandaka lan egiten duten Angelu, Bidaxune, Kanbo, Hendaia eta Ahurtiko 15 suhiltzaileek oraindik lantzean behin pizten diren ke guneak amatatzeko 4x4 ibilgailuetan itzuliak egiten jarraitzen dute kiskalitako basoan.

Sutearen ondorioz, Xibertako basoak dituen 240 hektareetatik 100 erre ziren eta Izadia parke ekologikoa erabat suntsitu zen. Etxebizitzetatik oso gertu izan zen sutea eta horietako lau guztiz erre zituen eta beste 12 kaltetu. Horretaz gain, hamasei pertsonak zauri arinak jasan zituzten; horietako gehienak suhiltzaileak dira, eta dozenaka izan ziren etxeetatik atera ostean, gaua lagunen etxean eman behar izan zuten herritarrak.

Aurrera begira, berotze efektuaren arriskuak aurreikusi eta prebentzio neurriak indartu beharra dagoela aldarrikatu dute Bizi eta Sepanso 64 talde ekologistek. Claude Olive auzapezak, ostera, «baso ederrago eta seguruago bat» eraikiko dutela ziurtatu du.