Joanes Igeregi Santamaria
Sukar Horia talde ekologistaren izenean
KOLABORAZIOA

Fikzio nuklearra

GARA egunkariko irakurle gisa, aurreko larunbatean (2020-08-29) GAUR8n agertu zen “Nuklearrik... bai, eskerrik asko” erreportajearen harira, gure kezka adierazi nahi genuke. Kezka, erreportajeak neurrigabeko baikortasun tekno-zientifikoa agertzen duelako; kezka, sistema kapitalistaren energia-gose aseezina ez duelako zalantzan jartzen; eta kezka, batez ere, irakurleengan eragin dezakeen konfiantza eta arduragabetasunagatik.

Erregai fosilen aroa amaitzera doan honetan, etengabeko hazkundea elikatuko duten energia iturrien promesak ugaritzen zaizkigu: fracking-a, bioerregaiak, hidrogenoa, berriztagarriak... eta fusio nuklearra. Ados, erregai fosilen ordez bestelako energia iturriak beharko ditugu. Baina ez dezagun ahaztu planeta mugatu batean bizi garela, eta gure espeziearen energia- eta material-beharrak planetaren mugetara egokitu beharko ditugula berandu baino lehen, nahi eta nahi ez.

Erreportajeak «elektrizitate garbi eta mugagabea» iragartzen digu. Izan ere, «erregaia funtsean hidrogenoa izango da, mundu osoan ia nahi beste eskuragarri dagoena», eta «material erradioaktibo oso gutxi sortuko lituzke». Lerro batzuk beherago, fusioan hidrogenoaren bi isotopo erabiltzen direla zehazten du –deuterioa eta tritioa–, baina ez du azaltzen isotopo horiek lurrean eskasak direla, eta are eskasagoak direla erreakzioari eusteko gai diren materialak. Sortutako elektrizitatea biltegiratzeak eta garraiatzeak sortuko lituzkeen mugez, hitz erdirik ere ez. Nondik aterako dugu, esaterako, elektrizitate hori garraioan erabiltzeko beharko genukeen kobre eta litioa?

Gizadia –eta bizitza– bidegurutzean dago. Sistema kapitalistaren etengabeko hazkunde beharrak planetaren mugen aurka joko du, jotzen ari da, gero eta argiago. Desazkunderantz jo beharko dugu, ezinbestean. Modu apokaliptiko edo ordenatuan egin, gizalegez ala bidegabeki, horra gure aukerak. Desazkunde ordenatu eta bidezkoa nahi badugu, orain arte baino ardura eta eskuzabaltasun handiagoa erakutsi beharko dugu gure espeziekideok. Erreportajearen baikortasun tekno-zientifiko itsuak, aldiz, gure ardurei uko egitea dakar, gaurko arazoen konponbidea etorkizuneko mirarien esku uztea. Eta miraririk ematen ez bada? Gure jaiaren biharamuna hurrengo belaunaldiek ordain dezatela?

Zientzian eta teknologian sinesten hasita, gogora ekar dezagun lurreko energia kopurua mugatua dela –termodinamikaren lehen legea– eta eraldaketa bakoitzean energia degradatu egiten dela –termodinamikaren bigarren legea–. Degradazio horri aurre egiteko dugun –eta izango dugun– energia iturri bakarra eguzkiak ematen digu. Hobe genuke, «lurrean eguzkia eraiki» baino, eguzkiak doan eta libre dakarkigun energia erabiliz ondo bizitzen ikastea, ahalegin horretan hurrengo belaunaldien bizitzak arriskuan jarri gabe.