A. U. L.
EIBAR

Mutok badauka kamiseta gorri-urdina

Yoshinori Muto Eibarren dago jada, talde armaginak duen gol premia asetzeko asmoz. Burokraziak eta egungo osasun-protokoloek exijitzen dituzten betekizun guztiak bete eta gero, aurrelari japoniarrak dagoeneko kamiseta gorri-urdina lortu du; datorren ekainera arte jantziko du, Newcastle-ek utzita.

«Magpies»-ekin egindakoa hobetu beharko du 28 urteko aurrelariak, Premier Leaguen ez baitu lortu aurretik Bundesligan eskainitako mailari eustea. Mainzen eskutik heldu zen Europako futbolera 2015ean eta bertan emandako hiru denboraldietan 70 partida jokatu eta 23 gol sartu zituen. Nahikoa, Newcastle-eko arduradunak aurrelariarengatik 10 milioi ordaintzea merezi zuela konbentzitzeko. Beharbada, horrela zen, baina Premierren ez du demostratu: 25 partidatan parte hartu du, baina bi gol besterik ez ditu sartu azkenengo bi denboraldi hauetan.

Minutuak izateko eta bere balioa erakusteko Eibarrera etortzea erabaki du, seguru asko Taka Inuiren esperientziak lagunduta. Armaginek, horren truke, japoniarrak bere golegile gaitasuna berreskuratzea espero dute, hori baita taldearen gabezia handiena.