Oihane LARRETXEA
AULESTI

Antzerkiaren mapamundi bat

Antzerkia eta euskara eskutik estu lotuta doaz Aulestin. Batak bestea gabe ezin. Bestela ez legoke Artedrama Euskal Laborategirik. Antzerkiaren topaketak irla bat dira, euskaraz antzerkia egin eta arnasteko, are gehiago garai aldrebesotan. Ohiko datekin alderatuta atzerapen txiki batekin, hamabosgarrenez egingo dituzte. Hartu-emana dago, handia, antzerkia itsaso zabala baita, ertzik gabea. «Artea ez da zerbait perfektua, beti ikasten ari gara», aldarrikatzen dute.

Itsasorik gabeko irla bat. Ez da posible, nahiz existitu. Mikrokosmos bat, planeta ñimiño paralelo bat. Barruan gertatzen dena monotematikoa da, polikromatikoa; barruan kozinatzen dena antzerkia da. Dena euskaraz, lehen hizkitik azkeneraino. Irla hori arnasgune bat da euskaraz egiten den antzerki profesional zein amateurrarentzat, oxigenoz betetako puxika bat. Hamabosgarren urtez segidan, Aulestin Artedrama Euskal Laborategia (ADEL) antzerki topaketak ospatuko dira, gaurtik hilaren 26ra, ohitura zen apiriletik pixka bat urrunduta. Programazioa jada erabat itxita, eta jardunaldiak egingo diren baieztapenarekin, Ander Lipus antzerkigile eta sustatzaileak eman dizkigu gako batzuk.

Aurtengo edizioan bost antzerkigile profesional arituko dira irakasle lanetan, nork bere ikastaroa eskaintzeko. Lipus bera, Maika Etxekopar, Amancay Gaztañaga, Ximun Fuchs eta Marina Suarez. Bizkaian, Zuberoan, Gipuzkoan, Nafarroa Bewherean eta Araban dute jatorria. «Aulestiko hitzordua irla dela diogunean zentzu zabalean diogu, eta euskal ikuspegitik gainera», azaldu du Lipusek. Euskarazko trebakuntzari ematen zaio garrantzia, eta, defendatzen dutenez, euskara hutsean aritzeak ematen dio balioa. «Bizi gara euskaraz, eta euskaraz eginez antzerkia. Horregatik esaten dugu irla ez ezik, arnasgunea ere badela euskal antzerkigintzan».

Bi noranzkoko hartu-emana

Topaketek bi adar dituzte. Batetik, irakasleek ikasle gisa gerturatzen direnei ematen dioten formakuntza, eta, bestetik, jardunaldiek iraun bitartean egunero herritarrei eskaintzen zaizkien antzerki emanaldiak. Aurten, pandemiak aldaketa batzuk eragin ditu eta emanaldi guztiak profesionalenak izango dira; asmoa izan arren, ez da antzerkigile amateurrik izango, aurreratu du Lipusek.

Lehen adarrari dagokionez, irakaslearen eta ikaslearen artean sortzen den hartu-emana azpimarratzen du. «Profesional zein amateur izan, antzerkian murgiltzen garenontzat topagune bat da, eta aukera paregabea ikusteko zertan garen. Etortzen diren ikasleek ezagutzen dute irakasle horren lagina, eta ikus dezake bakoitzak nola bizi duen antzerkia, zer estetika, zer politika eta zer etika daukan teatroarekiko. Tresna askorekin atera ahal zara Aulestitik, ikasitako hori guztia gero lan profesionalean baliatu ahal izateko, baita hausnartzeko ere zein bide egin nahi duzun», iradokitzen du.

Aberasgarria zera da, hartu-eman hori bi noranzkotakoa dela, alegia, irakasleek ere asko hartzen dutela bertaratzen diren ikasleengandik. «Artea ez da zerbait perfektua, ezta itxia ere, beti ikasten ari gara. Gu geu, irakasle moduan ere ikasten ari gara; ikasleek zerbait berria emango digute, beste emozio batzuk eta sentipenak harrapatuko ditugu, oso aberatsak diren beste gauza asko. Aktore izatea, antzerkian aritzea, etengabeko formakuntza da».

Aulesti irla bezala ulertuta, antzerkia bera da itsasoa. Gauza infinitua, mugarik ez duena, beti duena zer arakatu. «Leku eta ertz ezberdinetan ibili daiteke antzerkia bera, eta hori da asmoa, astebetean halako mapamundi bat egitea bost irakaslerekin».

Herri antzerkiaren xarma

Bigarren adarra da emanaldiena. “Tomiris”, “Matrioxka”, “Urruna”, “Tabernaria”, “Ez dok hiru” eta “Zaldi urdina” dira aurten Aulestiko kultur etxean eta frontoian eskainiko diren lanak. Eta Lipusen hitzetan halako inguruetan hartzen du herri antzerkiak «beste dimentsio bat».

Umeak, gazteak, jende edadetua, helduak biltzen dira oholtzaren aurrean Aulestin eta aniztasun hori, aberastasun hori, goraipatzen du Lipusek. «Xarma handia du denek batera gozatzen baitute bertan eta euskaraz egindako antzerkiaz». Itsasorik ez duen irlan.

Publikoa gosetuta, aretoak beteta

Artedraman beti aldarrikatu dute euskaraz egindako antzerkia, eta horri eusten diote. «Aspaldi heldu genion horri eta ez gara hortik mugituko, guk euskaraz egin nahi dugu antzerkia», berretsi du Ander Lipusek.

«Oso garai bereziak» direla jakitun, asmoa segurtasun eta osasun protokoloak «zorrotz« jarraituz «gure lana ahalik eta txukunen egitea da, eta sinistea birusaz aparte antzerkiaz ere kutsatu ahal garela, ikustea euskaraz kalitatezko antzerkia egiten dela, badugu zer kontatu, partekatu eta transmititu».

Eskainiko den obretako bat da “Zaldi urdina”, hain justu koronabirusa ailegatu aurretik «oso bira potentea» izaten ari zen antzezlana. «Oso pozik ginen areto guztiak beteta zeudelako, eta sumatzen genuelako euskal publiko bat euskal antzerkiaren gose zela. Orain dena trakestu da eta dena arraroa da», onartu du Lipusek.

Erakunde eta politikariei eskatzen die kultura ez dadila gelditu 2. edo 3. plano batean. Konpromisoak eta ekintzak nahi, behar, dituzte. «Sei hilabete egon naiz oholtzatik aldenduta, azken 30 urteotan horrelakorik bizi gabe nintzen». O.L.