Ion SALGADO
GASTEIZ

Protestak areagotu dira kinka larrian den aeronautikaren sektorean

Pase den astean ITPko langileak kalera atera ziren beraien lanpostuen defentsan, eta atzo Alestisekoek elkarretaratze bat egin zuten Lakuan. Mobilizazioak areagotzen ari dira, eta larunbatean zenbait enpresatako langile batzordeek manifestazio bat deitu dute Gasteizen.

Covid-19aren pandemiak sortutako krisiak eragin zuzena izan du kinka larrian den aeronautikaren sektorean. Azken asteetan ugaldu egin dira sindikatuen ekimenak. ITPko langileak kalera atera ziren pasa den astean beraien lanpostuak defendatzera, izan ere, Rolls-Royce etxeak enpresa saldu nahi du, eta, ELAk emandako datuen arabera, 194 langile kaleratu nahi ditu.

Alestiseko langileak ere egoera larrian daude. Miñaoko Parke Teknologikoan dagoen enpresak 87 langile kaleratu nahi ditu, eta atzo bertan elkarretaratze bat egin zuten langileek Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean erakundeen inplikazioa aldarrikatzeko. Hori da Aernnovako langileak eskatzen dutena ere, eta gaur aterako dira kalera Berantevillan dagoen enpresaren etorkizuna aldarrikatzeko.

Manifestazioa Gasteizen

Biharko mobilizazioak aeronautikako sektorean deitutako grebarekin du zerikusia. Dena den, Araban mobilizazio handiena asteburuan izango da, Alestis, Aernnova, Fibertecnic, Burulan, Gmpasa eta Metraltec enpresetako langileek, beste enpresa batzuetako langileekin batera, manifestazio bat egingo baitute Gasteizen larunbatean «enpleguaren defentsan eta sektorearen etorkizunaren alde». 

«Izan ere, uneotan, Araban sektore honetako enpresa batzuetan kaleratze espedienteak irekita daude eta beste batzuetan iragarrita daude edo mehatxu hori dago, betiere aeronautikan nagusi den ziurgabetasun egoeraren testuinguruan. Horrekin batera, gogorarazi nahi dugu aeronautikak gure lurraldean duen garrantzia. Lanpostu kopurua –zuzenekoa zein zeharkakoa–, sortutako aberastasuna, sektorearen balio erantsia... kontuan hartzekoak dira. Aipatzekoa da ere industriaren arloan sektore honetan ematen dela hain justu emakumeen presentzia handienetakoa. Kaleratze mehatxupean daude uneotan», nabarmendu zuten aipatutako enpresetako langileen batzordeek atzo plazaratutako oharrean.

«Horregatik, kaleratzeak eta mehatxuak nagusi diren testuinguru honetan, enpresa bakoitzeko dinamika propioak mantentzeaz gain, egoerari erantzun bateratua ematea ere beharrezkoa ikusi dugu langileok. Horretarako, sektoreko langileak eta baita jendartea bera ere manifestaldi batera deitzen ditugu», gaineratu zuten. Gasteizen egingo duten manifestazioaren helburuak ere azaldu zituzten: «Langileak mobilizatzea, sektoreko enplegua eta etorkizuna defendatzea eta administrazioak –bereziki Eusko Jaurlaritza– interpelatzea, beraien inplikazioa eskatuz sektore estrategiko bati eusteko».