Maitane ALDANONDO
Bilbo

INTSEKTU PROTEINA BALIATU, EGUNEROKO ELIKAGAIAK HOBETZEKO

Intsektuek gizakien elikaduran epe laburrean izan dezaketen garrantzia ikusita, Bilboko Insekt Label Biotech enpresak har eta kilker haztegi bat ireki du Zamudion. Horiekin produktuak garatzen ari dira, legeak transformazioa eta salmenta baimentzen duenerako.

Inguruotan ohikoak ez badira ere, intsektuak munduko 2.000 milioi biztanleren eguneroko dietaren parte dira. Etorkizuneko hazkunde demografikoari aurre egiteko, 2017tik Europar Batasuna jatorri jasangarriko proteinen aldeko apustua egiten ari da, eta horien adibide ona dira intsektuak, baliabide gutxi kontsumituta, balio nutrizional altua baitute. Merkatu horren aukera ikusita, zientzialari eta ekintzaile talde batek Insekt Label Biotech enpresa sortu zuen iaz Bilbon. Beste bide batzuk urratu ondoren, giza elikadurara bideratu dute euren jarduna.

Ikuspuntu bateragarriko bi proiekturen baturan du abiapuntua elkarte mugatuak. Batetik, intsektuen ekoizpen nahiz salmentan ziharduen biologo talde baten Mundogusano; eta bestetik, Tazebaez kooperatibaren negozio berrien adarra. Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak (EFSA) novel food –elikagai berria– gisa izendatu zituen 2017 amaieran eta, horien merkatu aukerak baieztatuta, indarrak batzea erabaki zuten. Lau kide dira taldean, David Avila eta Eztizen Quintela biologoak eta negozio garapen arloko Josu Oleaga eta Juan Zubiaurre. Hala ere, inguruan beste profil batzuk ere badira, noizbehinka laguntzen dietenak. Bizkaia Berrikuntza Faktorian dute egoitza; haztegia, berriz, Zamudion.

Hastapenetan, intsektuak jaten dituzten maskoten sektorean sartu ziren eta bederatzi espezierekin lan egiten zuten Urbinan zuten haztegian. Negozioa handitzen joan ziren, hilean 5.000 euro fakturatzera helduz; baina ibilbide luzea egiterik izango ez zutela ikusita, duela urtebete horrekin eten eta pibotatzea erabaki zuten. Pentsuen eta animalien elikaduran sartzea aztertu zuten, baina «bolumen oso handiak eta prezio oso merkeak» behar direnez, epe ertainean ezinezkotzat jo zuten. Hortaz, gehiago ordainduko duen gizakien elikadura hautatu dute.

Bi espezie hazten dituzte orain: Tenebrio molitor –irin harra–; eta Acheta domesticus –kilkerra–; jasangarritasunari eta ekonomia zirkularrari lotutako balio batzuk kontuan hartuta. Intsektu kilo bat hazteko 10 litro ur besterik ez dira behar, oso gutxi, behi batek behar dituen 30.000 litroekin alderatuta, eta hazkuntza bertikalak –kaxa bat bestearen gainean jarrita– lurraren erabilera hobea ahalbidetzen du. Horrez gain, azpiproduktu begetalekin elikatzen dituzte eta hasiak dira elikadura industriako enpresen soberakinekin ere probak egiten. Oleagak zehaztu duenez, Europako herritar bakoitzak 180 kilo janari botatzen ditu urtean eta horri irtenbidea eman nahi diote. Era berean, beraien jardunean sortzen diren intsektuen gorotzak ongarri gisa erabil daitezke.

Ez dituzte intsektu itxurako elikagaiak salduko, «ez dakigu izenean agertuko diren ere», argitu du Oleagak. Asmoa disolbagarritasun handiko proteina kontzentratu bat egitea da, eta, besteengandik bereizteko, Europan lehenak izan nahi dute intsektuen proteina hidrolizatzen. Beraien targeta balio gehigarriko elikagaiak garatzen dituzten enpresak dira; esaterako, edari proteiko jasangarriak. Horretarako legedia, ordea, ez dago oraindik prest. Intsektuak haz ditzakete, baina ezin dute gizakion elikadurara bideratutako ezer ekoitzi, ezta saldu ere. Egoera datozen hilabeteetan aldatzea espero dute eta 2021. urte amaierarako merkatuan egotea aurreikusten dute.

Bien bitartean ez daude geldirik. Ziurgabetasunak «zalantzak sortzen ditu bezeroengan, inbertsore potentzialengan...», baina denbora aprobetxatzen ari dira, taldea sendotzeko inbertsio erronda bat prestatzen, pare bat funts espezializaturekin elkarrizketetan, enpresengan interesa pizten saiatzen, marka merkatuan kokatzen... Aldi berean, balio proposamena definitzen eta partner gisa dituzte zenbait industria enpresarekin balioztatzen ere ari dira. Horrez gain, Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorreko (REGA) behin-behineko ziurtagiria lortu dute; «hori jaso duen Euskadiko lehen intsektu ekoizpen ofiziala gara», esan du Oleagak; eta BEAZ Enpresa Berritzaileen Sorkuntza programaren parte dira. Bidean, Lakuako gobernuaren dirulaguntza jaso dute pare bat ikerketa eta garapen proiektutan.