D.L.

Armada frantsesa haserre jihadisten eta bahituen arteko Saheleko trukearekin

«Hau dena horretarako?». Militar frantsesek sentsazio gazi-gozoarekin hartu dute lau bahituren truke 200 preso jihadista eta susmagarri askatu izana Sahelen. «Dikeak eraikitzen gauak eman ondoren beste batek ostikoka apurtzen dituela ikustea ez da pozgarria», onartu du agintari militar anonimo batek.

Jihadisten aurkako gerran Sahel eskualdean dauden 5.100 soldadu frantsesen artean frustrazioa nagusitu da. Azken iraina, sare sozialetan jaso dute: Iyad Ag Ghaly agintari tuarega eta Al-Qaedaren menpeko Musulmanak eta Islama Babesteko Taldeko (GSIM) buruzagia askatutako presoekin ikusi behar izan dute, libre utzitakoen omenez egindako oturuntzan.

Haserreak haserre, Sophie Petronin ekintzailearen eta beste hiru bahituren truke askatutako 200 lagunetatik guztiak jihadistak diren ez dago garbi, batzuk sarekadatan atxilotutako edota «susmagarritzat» jotako pertsonak direlako. Baina askatuen artean egon badaude katiba (“brigada”) jihadistetako buruzagiak, Barkhane operazioan frantsesak atxilotu eta Maliko agintarien esku utzitakoak. Gutxienez, 29. Estatu frantsesak beti aldarrikatu du «terroristekin» negoziatzerik ez dagoela eta oraingoan ere Maliri egotzi dizkio trukea bideratzeko ahaleginak.

Trukearen ostean, Florence Parly Indar Armatuen ministroak eta François Lecointre Armadako Estatu Nagusiko buruak agerraldia egin zuten Frantziak «jihadismoaren aurkako gerran irmo jarraitzen» duela esateko. Baina zalantza hor dago eta Sahelen jihadismoa garaitzeko ezintasunak are gehiago hauspotzen du. Gainera, jihadistekin negoziatu behar dela diotenak gero eta gehiago dira. Azkena, Smail Chergui Afrikako Batasuneko Bake eta Segurtasun komisarioa. «Estremistekin hitz egin behar dugu armak utz ditzaten», azaldu berri du “Le Temps” egunkari suitzarrean kaleratutako iritzi artikulu batean. AEBek talibanekin adostutako akordioa jarri du adibide gisa.

Bitartean, Senatu frantsesean, Christian Cambon Defentsa Batzordeko presidenteak hildako 50 soldaduak eta zauritutako 500ak ekarri zituen gogora. «Askatutako hainbat jihadistek eskuak odoleztatuta dituztela jakinik, kide fidagarria al da Mali?», galdetu zuen, Barkhane operazioa zalantzan jarriz. Macron presidenteak urtea bukatu baino lehen Estatu frantsesak Sahelen duen parte hartzeari buruzko hausnarketa iragarri du.