Amaia EREÑAGA
BILBO

Jose Ramon Etxebarria: «Euskarak irten behar du eremu publikora»

Urduri, poztasunak urduritasuna sortu ohi diolako, baina beti bezain zuhur zegoen atzo Jose Ramon Etxebarria, 2020ko Manuel Lekuona saria. Eusko Ikaskuntzak, sariarekin, «euskararen normalizazioan zientzietako goi-mailako hezkuntzan egindako ekarpen zabala eta euskal kulturarekiko duen konpromiso adierazgarria» aitortu dizkio.

«Dardarotxo bat daukat barruan», aitortu zion atzo Jose Ramon Etxebarriak GARAri sariaren berri izan ostean. «Oso urduri jarri naiz, baina poztasunez –zioen–. Hori da nire ezaugarrietako bat; pozik nagoenean oso urduri nago; desgrazien aurrean, berriz, askozaz lasaiago. Maite ditudanengatik eta nirekin lanean egon diren pertsona guztiengatik poztasun hori hartu dut, zeren eurak ere parte dira sari honetan, nik lan guztiak egin ditudalako talde batean integraturik. Orduan, ez naiz izan bakarra, baizik eta prozesu bateko parte, eta hori nahi nuke partekatu beraiekin».

Ingeniaria formakuntzaz, epaimahaiaren esanetan, «ekarpen nabarmena egin du Jose Ramon Etxebarriak euskararen normalizazioan zientzietako goi-mailako hezkuntzan. Euskara irakaskuntzan eta unibertsitateko ikerketan sartzea ahalbidetu du, eta euskal komunitate zientifikoaren erabilera komunerako terminologia ezartzen lagundu du».

Azpimarratzekoa da Eusko Ikaskuntzaren sarien aurtengo edizioa parte hartze handienetakoa izan duena izan dela 2014an hautaketa herritarren bozketara ireki zenetik. «Egon dira zortzi hautagai, nire ustez denak oso onak. Zaila ikusten nuen saria jasotzea», aitortu zuen aurtengo irabazleak. Saria jaso zuela ezagutu bezain laster, hori bai, argi geratu zen sare sozialetan Jose Ramon Etxebarria gizon maitatua dela: «Maitatua baino, apreziatua. Oro har, nire bizitzan, kontrako ideiak zituzten askorekin oso harreman ona izan dut beti Unibertsitatean. Ez da bakarrik maitasun kontua, nik uste errespetuagatik dela. Bitxia da, askotan, harreman hobea izan dut teorikoki arerioak izan zitezkeenekin, lagunak izan zitezkeenekin baino. Nire ideiak askotan konprometituak izaten ziren, eta batzuek, nahiz eta lagunak izan eta nahiz eta ni maitatu, atzera egiten zuten. Ostera, kontrako ideiak zituztenak, errespetua izaten zidaten».

«Borroka eternoa»

Erretiroa hartu zuenetik, 2018an, “wikilari” gisa jardun da fisikarekin lotutako esparruan. Izan ere, Unibertsitatetik erretiroa hartu zuen, baina, ez, ordea, bizitzatik eta euskaren aldeko militantziatik. Jo eta ke jarraitzen du.

Covid garai nahasi hauetan zientziak berebiziko garrantzia hartu du; euskara, ordea, ataka larrian dago: «Pasatzen dena zera da; euskara ez dela lehentasun bezala hartu –dio–. Nire ustez eremu publikora irten behar dugu toki guztietan, eta nik neuk hori egiten dut. Esaterako, saria jakitean, nik elkarrizketak euskara hutsez egingo nituela esan nien, eta, nahi ez badute, kazetariena da problema, ez nirea. Esan nahi dudana zera da: orain Euskaraldia dator eta indarra hartu behar dugu, izan dadila modu bat kontura gaitezen zein motako larritasuna duen egoerak».

1948an Gernikan jaioa, nerabezaroa Eibarren eman zuen Jose Ramon Etxebarriak. Helduaroa, Bilbon. Sustrai zabalak ditu zientzialari eta euskaltzale honek. «Euskararen borroka eternoa da. Gogoan duk kolegioa, orduan Isasi gainean zegoen Sagrado de Corazon hura [Eibarren]. Pentsa, unibertsitario egin arte nik neuk ez nuen berba bakarra euskaraz entzun eskolan. Orduan, zeozer egin dugu gure belaunaldikook. Baina ez da nahikoa. Benetako miraria da euskara bizirik dagoela, eta gu bizirik gauden bitartean badago zeregina», ekarri du gogora.

Zientzia eta euskara, beti

Industria Ingeniaritza ikasi zuen Jose Ramon Etxebarriak Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan, eta, 1987an, EHUn doktoratu zen. 1973an Udako Euskal Unibertsitatearen sorkuntzan parte hartu zuen, eta bertako irakasle izan zen. EHUko Bilboko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan klaseak eman zituen, 2018ra arte.

Zientzia eta teknologiarekin lotutako testuak euskaraz lantzen aritu da bere ibilbide osoan Etxebarria. Ildo horretan, Manuel Lekuona sariaren epaimahaiak «unibertsitateko ikerketa eta irakaskuntzaren arloan euskararen normalizazioari egindako ekarpen garrantzitsua baloratu nahi izan du, komunitate zientifikoarentzat lexikografia ezartzea ahalbidetu baitu, komunikazio globalaren eta teknologia berrien laguntzaz».

Bere ibilbidean 18 liburu eta 22 liburutako kapituluak idatzi ditu Etxebarriak. Halaber, zientzia eta kultura gaiei buruzko ehunka artikulu, batez ere “Anaitasuna” aldizkarian. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-baseak, berak sorturiko 187 sarrera baino gehiago biltzen ditu. Itzulpengintza eta hezkuntza eta dibulgazio liburuen edizioa ere landu ditu.

Euskaltzain urgazlea da 2006tik, eta, 2011n, CAF-Elhuyar sariketan Merezimenduzko Saria jaso zuen, «zientzia gizarteratzeko egindako lanagatik».

Manuel Lekuona saria jasotzeko ekitaldia noiz eta non izango den zehaztu gabe dago oraindik. Remigio Mendiburuk diseinatutako eskultura ondo merezita jasoko du orduan Etxeberriak.