Amaia EREÑAGA
BILBO

Dardenne anaiak, aurtengo Zinebi «hibridoaren» izarrak

Azaroaren 13tik 20ra egingo den Bilboko Zinebi Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiaren 62. edizioa «hibridoa» izango da; hau da, zinema aretoetan emanaldiak izango dira, eta, era berean, «online» ere jarraitu ahal izango da hein handi batean. Aurten, Ohorezko Mikeldi sariak Dardenne anaientzat izango dira.

«Aurtengoa oso urte zaila izan da», aitortu zuen atzo goizean Vanesa Fernandez Guerra Zinebi jaialdiko zuzendariak 62. edizioaren aurkezpenean. Pandemiak eraginda, streaming bidez egin zen. «Maiatzean jaialdiari buruz galdetu izan balidate, ez nukeen jakingo zer erantzun. Horregatik, oso egun pozgarria da guretzat gaurko [atzoko] aurkezpena, benetan», aitortu zuen.

Ez da harritzekoa, Bilboko jaialdi beteranoaren historia luzean, aurtengoa izan delako ziurrenik aurrera ateratzeko bidean zailtasun gehien gainditu behar izan dituena. Baina, azkenean, Zinebi jaialdiaren 62. edizioak badu data: azaroaren 13tik 20ra egingo da. Are, filmak ohiko zinema aretoetan ikusi ahal izango dira. Apustua, beraz, jaialdi presentziala egitea da, osasun neurri guztiak hartu eta edukiera murriztuta. Hori bai, egitarauaren zati handi bat online jarraitu ahal izango da Filmin eta Festhome plataformen bitartez.

Egitarau oparoa

Gurean, zinema dokumentalari eta film laburrei eskainitako nazioarteko kategoria duen jaialdi bakarra da Zinebi. Hollywoodeko Akademiak Oscar sarietarako sailkatzen diren film laburrak hautatzerakoan kontuan izaten ditu Zinebiko sail ofizialera aurkeztutako lanak, eta berdin gertatzen da Ingalaterrako Bafta sariekin eta Estatu espainoleko Goya sariekin ere.

Aurtengo egitaraua benetan oparoa da; 36 herrialdetako 121 film aurkeztuko dira guztira, 89 film labur, bost film ertain eta 27 film luze zehazki. Zinebi osatzen duten lau atal nagusietan banatuko dira guztiak. Nazioarteko Lehiaketaren atal ofiziala da guztien artean garrantzitsuena, eta, bertan, 30 herrialdetako 60 lan aurkeztuko dira. Zuzendari berriei eskainita dago atal ofiziala eta bi lehiaketatan banatuta dago: Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa –aurten ikusi ahal izango diren lanen artean zazpi euskal zinemagileenak dira eta zortzi Estatu espainolekoak– eta ZIFF Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa, zuzendari berrien lehen lanei eskainitakoa. ZIFF lehiaketako bederatzi film luze Zinebin estreinatuko dira Estatuan.

Lehiaketatik kanpoko sailei dagokienez, Beautiful Docs atalean bost film luze dokumental aurkeztuko dira, tartean Ulrike Ottinger, Frederick Wiseman eta JIA Zhang-ke zinemagile ospetsuen azken lanak. Guztiak ere Zinebin ikusi ahal izango dira lehen aldiz Estatutan.

Bestalde, Bertoko Begiradak saila 22 film laburrek eta zazpi film luzek osatuko dute aurtengoan. Bertan, Josu Rekalderen “Esther Ferrer, Hilos de tiempo” lana ikusi ahal izango da, artista donostiar handiari eskainitakoa. Jaialdiaren 61. edizioan Espainiako Zinearen Sari Handia irabazi zuen Paula Iglesiasek eta Marta Gomezek zuzendutako “Fabricando mujeres 2.0” lana ere ikusi ahal izango da. Pablo Maquedaren “Dear Werner (Walking On Cinema)” dokumentalaren aurrestreinaldia, Javier Rebollok zuzendutako “De los ojos adentro” lana (Maria Eugenia Salaverri da ekoizlea eta gidoilaria), eta Josep Morell eta Jordi Vilarrek zuzendutako “Ernest Lluch, libre y atrevido” lana ere ikusi ahal izango dira Bertoko Begiradak sailean.

Aipatzekoa da aurtengo Zinebik garrantzi berezia eman nahi izan diela film laburrei, «egungo zine zuzendari interesgarrienetako asko genero horren bueltan biltzen baitira», jaialdiaren esanetan. Jonas Mekasen omenez sortutako Glimpses Distirak izeneko sailean, besteak beste, Luca Guadagnino italiarraren, Jafar Panahi irandarraren, Guy Maddin kanadarraren, Alice Rohrwacher italiarraren, JR frantsesaren eta Sergei Loznitsa bielorrusiarraren azken film laburrak ikusi ahal izango dira, guztiak ere 2020an zehar estreinatutakoak.

Mikeldi sariak

Ohorezko Mikeldi sariei dagokienez, aurten film laburretatik eta dokumentaletik abiatuta ibilbide oparoa egin duten bi zinemagile handik jasoko dituzte: Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaia belgikarrak. Mundu osoko kritikaren eta ikusleen gorazarrea jaso dute beren fikziozko lanengatik egileok eta Cannesko Jaialdiko Urrezko Palma prestigiotsua bi aldiz lortu duten zinemagile apurretakoak dira. Bada, Zinebik, Estatu mailako estreinaldien artean, Dardenne anaien lehen film luze dokumentaletako baten bertsio berritua eskainiko du, “Le chant du rossignol” (1977). Zinemagileon beste bost dokumental ere eskainiko dira Bilboko jaialdian. «Ohore handia da, ia film ezezagunak baitira», azaldu zuen Vanesa Fernandez Guerrak.

Bestetik, 80ko eta 90eko hamarkadetatik Bizkaiko zinemaren aitzindari izan diren bi emakumezkoren lana ere aitortuko du Zinebik: Ana Murugarren zuzendari, gidoigile eta muntatzailearen lana batetik, eta Maria Eugenia Salaverri idazle, gidoigile eta ekoizlearena bestetik. Mikeldi sari bana jasoko dute bi emakumeok.