Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren posizioak

Arreta eta atsegin handiz irakurri nuen Reyes Ilintxetak (Euskalerria Irratia) Ibai Osinagari (Altxatu, Ibil Bedi) egindako elkarrizketa “Argia”-n. Elkarrizketak, normalean, ahozkoak izan ohi dira, baina urteak eman ditu Pablo Cabezak elkarrizketatutakoen erantzun idatziak argitaratzen GARAn. Ahozkoak alboratu ditu, idatziz emandako erantzunak aberatsagoak direlakoan. Elkarrizketatuaren dohainen araberakoa da. Ordenagailuaren aurrean patxadaz hausnartutako erantzunak idatz daitezke idazle trebea eta mamitsua bazara; bestela karratu eta indargabea geratzeko arriskua dago. Hizlaria beroa bada, hiztuna eta memoria handikoa, gauzak erraztu egiten dizkio transkripzioa egingo duen kazetariari. Hala ere, elkarrizketatuaren posizio erosoena jakitea interesgarria da zukua ateratzeko.

Ibai Osinagaren ibilbide kulturala eta posizionamendua argi erakusten digu ahozko elkarrizketak. Publikoki esaten ez diren ideia eta pentsamenduak erreskadan bota ditu: euskal musikan zabor asko dagoela, ikuspegi kritikorik ez, punk-oi atala testosteronaz betea, euskararen erabilera. Helduleku sakon eta gardenak ditu bere ikuspegi kultural eta filosofikoak. Interesgarria da bilorik gabe botatzen dituelako esaldi zorrotzak. Edozein haritik tiraka iruzkin interesgarriak ateratzeko gai da edozein mahai-ingurutan. Bat-batekotasun ederra du musikaz eta kulturaz hitz egiteko. Ibil bedi.