Dabid LAZKANOITURBURU

Errepublikanoak, Barret epaile atzerakoia izendatzeko irrikitan

AEBetako Senatua Donald Trumpek Auzitegi Gorenerako proposatutako Amy Coney Barrett epaile atzerakoia izendatzekotan zen atzo. Bozketa, beraz, inkesten arabera presidenteak galduko dituen eta errepublikanoek Senatuan duten gehiengoa galtzea ere ekar dezaketen hauteskundeak baino zazpi egun lehenago egitekoa zen. Izendapenarekin, gehiengo kontserbadorea sendotzea lortuko lukete errepublikanoek Ginsburg epaile progresista berriki hil eta gero.

AEBetako Senatua Amy Coney Barrett epaile kontserbadorea Auzitegi Goreneko biziarteko kide bezala hautatzekotan zen atzo. Ganberan gehiengoa dutela baliatuta, errepublikanoek atzera bota zuten igandean Alderdi Demokratak, azaroaren 3ko bozak bertan direla eta, hautaketa prozesua atzeratzeko aurkeztutako helegitea. 51 senatari azaldu ziren atzerapenenaren aurka. 46 senatari demokratekin batera, Susan Collins eta Lisa Murkowski errepublikanoek ere helegitearen alde agertu ziren.

Horiek horrela, atzo arratsaldean egitekoa zen bozketan (gaurko egunsentia Euskal Herrian), errepublikanoek nahikoa zuten aurrekoan lortutako 51 baiezkoak errepikatzea Amy Coney Barret izendatzeko. Are, 50 baiezkorekin ere hautaketak aurrera egingo luke, Mike Pence AEBetako presidenteordea Senatuko presidentea baita uneotan eta bere bozak balizko berdinketa bat apurtuko lukeelako. Azkenean horren beharrik ere ez zela izango zirudien. Pentsa, Murkowski senatariak ere oraingoan Barretten izendapenaren alde bozkatuko zuela iragarri zuen.

Amy Coney Barrettek 48 urte ditu eta muturreko kristaua da. Bere izendapenak Auzitegi Gorenaren gehiengo kontserbadorea hamarkadetarako indartuko luke. Izan ere, bederatzi epaileetatik sei kontserbadoreak lirateke eta soilik hiru progresistak.

Ginsburgen azken nahia

Barrettek irailaren 18an zendu zen Ruth Gaber Ginsburg Auzitegi Goreneko epaile progresista eta feminista ordezkatuko luke. Ginsburgek idatzita utzi zuen bere nahia «AEBetako presidentea hautatu arte ordezkatua ez izatea» zela. Desioak desio, Trumpek eta gehiengo errepublikanoak ez diote jaramonik egin eta bere ordezkoa presidentetzarako hauteskundeetarako aste bat baino falta ez denean hautatzekotan ziren atzo.

2016an, beste heriotza batek Gorenean plaza bat hutsik utzi zuenean, Barack Obama orduko presidenteak hautagai bat proposatu zuen. Errepublikanoek ez zuten izendatze prozesua abiatu ere egin, handik zortzi hilabetera hauteskundeak egingo zirela argudiatuta. Boz haiek irabazi zituen Trumpek, bi epaile kontserbadore sartu ditu dagoeneko Gorenean ordutik, Neil Gorsuch eta Brett Kavanaugh.

Barrett hirugarrena izango da eta bere lehen erabakia hauteskundeen ostean iritsiko diren helegiteak aztertu ala ez izango da. Hauteskundeetan lehiakide den Trumpek bultzatu duen arren bere hautagaitza, ez du oraindik argitu helegiteen aurrean zer egingo duen. Dena den, Barretten izendapena garaipen historikoa da AEBetako sektore atzerakoientzat, epailea 1973tik onartuta dagoen abortu eskubidearen aurka baitago.

«Gerra kulturala»

Alderdi Errepublikanoaren deriba atzerakoia 1973an bertan hasi zen. Muturreko kristauek, gainera, abortuaren aurkako jarrera alderdiaren idearioan sartzea lortu zuten hiru urte geroago. Ordutik hona, eta ia salbuespen gabe, alderdiak epaileak eta auzitegiak «gerra kulturalaren» parte bihurtu ditu, era kontzientean eta luzarora begirako estrategia baten barruan. Muturreko kristauen boza ezinbestekoa duen Trump boterera iritsi zenetik, areagotu egin da estrategia hori. Horrela bada, Auzitegi Goreneko epaileez gain, magnateak epaile federalen laurdenak izendatu ditu azken lau urteotan, 220 guztira, gehienak gizon zuri kontserbadoreak.

Alderaketa egiteko, Obamak 324 epaile izendatu zituen zortzi urteko agintaldian. Hala ere, presidente beltzaren aztarna hor dago, egun lanean jarraitzen duten epaile federalen %39 berak izendatutakoak baitira. Aztarna hori desagerraraztea da errepublikanoen xedea eta Trumpen zeregina izango litzateke bozak irabaziz gero.

 

Trump guiña a Maine y a Nebraska, Biden se centra en Florida

Trump está centrando su campaña en los dos únicos estados donde no se aplica la ley de que «quien gana se lo lleva todo». El domingo en Maine (noreste) y hoy en Nebraska (medio oeste), el presidente busca apuntalar algunos votos proporcionales que pueden ser cruciales en caso de empate.

Su rival, Joe Biden, prepara su asalto el jueves a Florida, donde las encuestas auguran un empate. Obama e Ivanka Trump estarán hoy en Orlando y Sarasota. D..L.