Asier ROBLES
BILBO

«Euskalgintzak gaurko testuingururako aterki ideologiko berria behar du»

Euskalgintzaren aterki ideologikoari buruz aritu ziren atzo Idurre Eskisabel, Andoni Olariaga eta Onintza Odriozola Plaza Hutsa dinamikaren baitan Sortuk antolatutako mahai inguruan. Iraganari eta orainari begira, etorkizuneko erronkak izan zituzten hizpide.

Euskararen inguruko gogoetari ekin zion atzo Sortuk antolatutako Plaza Hutsa dinamikak. Goizean egoera soziolinguistikoaren azterketa egin ondoren, bazkalostean “Aterki ideologiko (zahar)berritua” mahai ingurua izan zen Idurre Eskisabel kazetari eta antropologoaren, Andoni Olariaga filosofoaren eta Onintza Odriozola EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko kidearen eskutik.

Eskisabel izan zen hitza hartu zuen lehena. Hasteko, egun euskaraz bizitzea «hautu bat» dela argi utzi zuen. «Ez da berez datorkigun zerbait. Oso kontzienteki eta oso erne egunero egin behar dugun ariketa da. Berez datorkiguna espainieraz edo frantsesez bizitzea da», azaldu zuen. Aipatutako hautuari esanahia eta balioa «etengabe» eman behar zaiola adierazi zuen eta hor «aterki ideologikoaren edo zoru diskurtsiboaren garrantzia» sartzen dela jokoan. Euskaldunek zoru diskurtsibo hori baduten galdetuz, iraganari begiratu zion erantzuteko: «Euskarak bizirik iraun du milaka jendek urteetan zehar euskaraz bizitzeko hautua egin duelako, eta hori egin badute, zoru diskurtsiboa izan dutelako da».

Era berean, zoru diskurtsibo horren eguneraketaren beharra nabarmendu zuen Eskisabelek. Gaur egungoa XX. mendeko azken hamarkadetan sortu zela adierazi zuen eta «XXI. mendeko jendeon izatearekin bat egiten duen zoru motibagarri bat» behar dela azpimarratu zuen.

«Jauzi kualitatiboa»

Bide horretatik jarraiki, ikuspuntu filosofikoa eman zion auziari Olariagak. Euskalgintzak jauzi kualitatibo bat eman behar duela azaldu zuen, eta euskarak «mundu oso bat hitz egin edo adierazi» behar duela nabarmendu. «Agian, gustatzen ez zaizkigun edo berezkoak ez ditugun eremuetan ere espazioak sortu behar ditugu. Izugarrizko literatura dugu, baina beste eremu batzuetan hankamotz gaude», hausnartu zuen Olariagak. Horri lotuta, Korrikaren 2019ko edizioko euskal-trap kantarekin sortu zen eztabaida ekarri zuen gogora eta euskarak eremu guztietan «naturalizazio erradikala» behar duela esan zuen.

Odriozolak iraganari begira hasi zuen bere hitzartzea. Aurreko belaunaldiek egindakoari buruzko hausnarketa egin zuen, eta Txillardegik aurreko mendean plazaratutako ideiak jarri zituen mahai gainean. Alde batetik, hizkuntza eta kultura nazio bati «batasuna eta identitatea ematen dioten elementuak» direla nabarmendu zuen, eta, bestetik, Estatua bezalako tresna baten garrantziaz aritu zen: «Hizkuntza indartsuek gobernatzeko botere politikoa dute».

Aliantzak

Euskararen borrokak «beste zapalduen borrokekin aliantzak sortu» behar dituela aipatu zuen Odriozolak. «Aurreko mendean euskararen eta euskal kulturaren aldeko borroka prozesu iraultzaile batean kokatzen zuten, gaur egun, prozesu independentista eta ezkertiar batean jarri behar dugu», adierazi zuen.

Aterki ideologikoaren gaiarekin jarraituz, gaur egungo aterkiaren erakargarritasuna jarri zuen zalantzan Odriozolak. «Diskurtsoak gaurko testuinguruetara eguneratu behar dira. Zaila den arren, XXI. mendeko testuinguruarekin bat etorriko den eta erakargarriagoa den zorua egiten saiatu behar gara», nabarmendu zuen.