Amaia UGARTE
DONOSTIA

Manifestazio batek Poliziaren jazarpena ozen salatu du Donostian

Jendetza bildu zen atzo, Donostian, azkenaldian Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Parte Zaharrean izan duten portaera bortitza eta gazteen aurkako kriminalizazioa salatzeko. Egoera «jasanezina» bihurtu dela eta gazteak direla, «ez terroristak», ozen aldarrikatu zuten.

Azkenaldian Donostiako Parte Zaharrean Ertzaintzak eta Udaltzaingoak izan duten jarrera bortitza gaitzetsi eta gazteen kriminalizazioa salatzeko manifestazio jendetsua egin zen atzo eguerdian.

Abenduaren erdialdetik hona hainbat aldiz sartu dira auzoan indarrez eta bortizki oldartu dira bertan –batez ere Trinitate plazan– biltzen diren gazteen aurka. Azken astean, hiru aldiz kargatu dute, borrekin eta foam balekin, eta gutxienez bederatzi pertsona atzeman dituzte. Kargak etxeratze agindua iritsi aurretik izan dira, eta pilotakada horietako baten ondorioz gazte bat ospitaleratu behar izan zuten, masailezurra hautsita. 4. orrialdean azaltzen den Nehuel Gomez da gazte hori.

San Sebastian egunean gertatu zen hori, egun horretan bereziki gogorra izan baitzen ertzainen oldarraldia. Ertzainburu batek «jotzera» tiratzeko emandako aginduak hautsak harrotu ditu.

33 eragileren babesa

Hori guztia salatzeko Parte Zaharreko Gazte Asanbladak deituta egin zuten mobilizazioan jendetza bildu zen. Gipuzkoa osoko 33 eragileren babesa izan zuten. Bulebarretik atera zen manifestazioa, “Errepresiorik ez. Gazteon aurkako kriminalizazioa gelditu” lelopean. Segurtasun distantziak mantenduta eta banakako ilaretan, Erdialdeko kaleak zeharkatu eta atzera Bulebarrera itzuli ziren, bertatik Parte Zaharrera abiatzeko.

«Parte Zaharra bizirik», «Euskal gazteria aurrera», «Errepresioa gelditu», «Alde hemendik, utzi bakean», «Gazteak gara, ez terroristak», «Estatu poliziala suntsitu», «Indar polizialak auzotik kanpora», «PNV lotu txakurrak»... oihupean egin zuten ibilbide osoa. Iñigo Cabacas ere gogoan izan zuten manifestariek, eta ertzainen pilotakada baten ondorioz hil zela oroitu.

Manifestazioa Bulebarrera iritsi zenean, tentsio une bat izan zen Ertzaintzaren auto bat manifestarien artean pasatzen saiatu zelako eta bidegorrian ere sartu zelako, bertan zebiltzanak arriskuan jarriz. Txistuak izan ziren, baina ez zen areago joan. Martxa Parte Zaharrean sartu zenean auzoa «bakean» uzteko oihuak areagotu ziren.

Trinitate plazara heltzean, sarrera pixkanaka egin behar izan zuten manifestariek, pilaketak ekiditeko. Jende askok kanpoan geratu behar izan zuen, plaza bete egin zelako.

Egoera «jasanezina»

Gazte Asanbladako bi kidek irakurri zuten bukaerako manifestua. Nabarmendu zutenez, egoera guztiz «jasanezina» bihurtu da. «Auzoaren militarizazioa, Poliziaren jazarpena, gazteon kriminalizazioa eta manipulazio mediatikoa irmoki» salatu zituzten. Horrekin batera, «antolakunde eta mugimenduen antolakuntza galaraztea, biltzeko mugak jartzea, mobilizazioak mugatzea, gazteok gure auzoko plazetan lasai egon ezin izatea, eta une oro Poliziaren katxeoak, identifikazioak, jipoiak, atxiloketak eta harropuzkeria jasatea gure egunerokotasunaren parte» bihurtu direla esan zuten.

San Sebastian eguneko gertakariak ere izan zituzten hizpide. Istiluen abiapuntua «inolako arrazoirik gabe auzoko gazte bat atxilotzea» izan zela esan zuten, baina argi utzi nahi izan zuten Konstituzio plazan San Sebastian eguna ospatzen ari zirenek ez zutela zerikusirik izan.

«Udaltzaingoak gaztea atxilotzerako garaian –deigarria da udaltzain gehienek ez zekitela zergatik atxilotzen ari ziren gaztea–, nabaria izan zen egoera kudeatzeko gaitasun eza, auzotar asko atxiloketa galarazten saiatu zirelako», adierazi zuten. Horren aurrean, errefortzuak eskatu eta «minutu gutxira Ertzaintzaren antidisturbioek auzoa militarizatu zuten».

Agintarien «arduragabekeria»

Manifestazioan bildutakoen arabera, «ez ziren joan segurtasun neurriak bermatzera, auzotarrak jipoitu eta jazartzera» baizik. Gazte Asanbladaren ustez, gertakariok ez dira «isolatuak». «Osasun krisiaz harago, egiturazko krisi kapitalista baten aurrean aurkitzen gara. Agintari instituzionalek eduki duten arduragabekeria zuritzeko, gazteon kriminalizazioa erabili dute tresna nagusitzat eta errepresioaren ardatz gisa», adierazi zuten.

Pandemiaren testuinguruan Poliziaren errepresioa «areagotu» egin dela nabarmendu zuten, eta gaineratu zuten polizia indar ezberdinek haien «eskumenak handitu» dituztela, «berezko jarrera errepresiboa intentsifikatuz eta haien inpunitatea babesten duten neurri berriez baliatuz». Hori guztia zuritzeko «une oro masa hedabideen manipulazioa» erabiltzen dutela ere salatu zuten, «Poliziaren errelatoari guztizko zilegitasuna emanez», gazteen irakurketaren arabera.

Egoera horren aurrean, abiatu duten dinamika berretsi zuten eta horren baitan antolatzen dituzten ekimenetan parte hartzeko deia egin zuten. Kontu korronte bat ere ireki dute, «kostu errepresiboei» aurre egiteko. Azkenik, kriminalizazioaren aurrean antolakuntza eta borrokarako deia egin zuten.