GARA
BAIONA

Mobilizazioa Izpegiko lepoan muga pasabideak irekitzea galdegiteko

Ehundik gora lagun bildu ziren atzokoan Izpegiko lepoan muga pasabideak irekitzea eskatzeko. “Herri bat gira, mugarik ez!” zioen pankarta bat eta ondoan “Indar okupatzaileak kanporat!” leloa jasotzen zuen bigarren bat zabaldu zituzten Gaineko Bentaren ondoan.

Iragan larunbatean EH Baik deiturik mobilizazio bat egin zuten jada Saran eta beste bat Hendaia eta Irun herriak elkartzen dituen Santiago zubian. Pasabideen itxierarekin eta militar nahiz polizien presentziarekin arranguraturik, atzo baigorriarrek eta baztandarrek egin bezala ekimen propio bat egin zuten berrogei bat biztanle elkartuz.

«Berriz ere herritarrak abisatu gabe, gutariko anitzen bizitza soziala, familiarra eta profesionala egun batetik bestera azkarki kaltetuz» muga ixteko agindua hartu izana salatu zuten.