Dabid LAZKANOITURBURU

Alde egiteko adostutako epea agortuta, mertzenarioek Libian jarraitzen dute

Larunbateko gauerdirako kanpoan behar zuten Libian dauden mertzenario eta soldadu arrotz guztiek; hala zioen herrialde afrikarreko gerrari amaiera emateko bertako alde nagusiek adostutako akordioak. Su-etena eta bake-negoziazioak arrisku bizian daude.

Gaddafi kargutik bota eta hil zuen 2011ko matxinadaren osteko kaos politikoari esker, Libian bi gobernu daude 2016tik, Nazio Batuen Erakundearen babesa duen Tripoliko Batasun Nazionaleko Gobernua (BNG), eta ekialdeko Tobruken dagoena, Khalifa Haftar mariskalarena.

Lehenak Turkiaren babesa du, eta bigarrenak, Arabiar Emirerri Batuena, Egiptorena eta Errusiarena.

Haftarrek, Tripoli setiatzeari eta erasotzeari ekin zionean, 2019ko apirilaren 4an –Antonio Guterres NBEaren ordezkari nagusia Libiako hiriburura iristekoa zen egun berean–, 3.000 mertzenario errusiarren laguntza zuen, Vladimir Putinen oso gertukoa den Yevgeny Prighozin-en Wagner Group segurtasun konpainiakoak.

Ez ziren bakarrak. Txadetik joandako mertzenario ohiez gain, Darfurren izugarrizko sarraskiak egin zituzten «janjaweed» milizia arabiarraren milaka Sudango gerlari ere kontratatu zituen mariskalak. Emirerriek eta Egiptok bidali zizkioten armekin gerra erraz irabaziko zuela uste zuen.

2020ko urtarrilean 2.500 mertzenario siriar iritsi ziren Turkiako hegazkinetan. Baxar al-Assad Siriako presidentearen aurkako oposizio armatutik, batez ere talde salafistetatik, iristen ziren lehenak ziren, baina ez azkenak.

Horiekin eta ondorengo mertzenario-taldeekin iritsi ziren Turkiak bidalitako milaka arma, drone, irakasle eta aholkulari militarrak.

Haftarrek eta bere tropek atzera egin behar izan zuten, Tripolitik ekialderantz 400 kilometrora dagoen Sirteraino, Gaddafiren jaioterri eta bere jarraitzaileen, eta epe batean ISISen, gotorlekuraino.

Su-etena

Joann den urriaren 23an su-eten bat sinatu zuten Genevan bi aldeek; hobeto esanda, bi aldeen armagizonak ordezkatzen dituen 5+5 Batzorde Militarrak, NBEk bultzatzen dituen bake-elkarrizketen baitan.

Akordioaren arabera, hiru hilabetetako epea jarri zuten alde bakoitzak mertzenarioak herrialdetik bidaltzeko. Epea atzo agortu zen.

Genevako akordioa posible egin zuen NBEko ordezkari zen Stephanie Williamsek salatu duenez, 20.000 mertzenario eta kanpoko soldaduk jarraitzen dute Libian hamar bat basetan.

Gehienak Sirten daude, egungo gerra frontearen erdi-erdian, baina Haftarren aldekoak Al-Joufran ere badaude, Tripolitik 500 kilometrora hegoaldean, eta Tripoliko BNGk ere mertzenarioentzat beste base handi bat dauka Al-Watiyan, Tunisiako mugatik gertu.

CNN kate estatubatuarrak ustez mertzenario errusiarrak Sirten inguruan zabaltzen ari diren lubaki handi baten satelite bidezko irudiak eman ditu. BNGko agintari militar batek ziurtatu duenez, Siriako Gobernuaren aldeko miliziak ere bertan lanean ari dira Libia bi zatitan banatuko duen zuloa eraikitzen.

Europako zerbitzu sekretuen arabera, Siriako oposizioko milaka mertzenario daude Turkiako militarren aginduetara Al Watiyan eta Misratah estatu-hiriko itsas basean.

Joan den abenduaren 22an, Turkiako Parlamentuak hemezortzi hilabetez luzatu zuen bere militarrek Libian jarraitzeko baimena.

Williamsek gogorarazi duenez, mertzenarioak erretiratzeko erabakia bertako militarrek hartu zuten aho batez; beraz, «bidali zituzten gobernuek edo herrialdeek ez badiete kasurik egiten, Libiako subiranotasunaren aurka ari dira». Euren artean negoziatzen ari diren Turkia eta Errusia ditu buruan, batez ere.

Norberaren interesak

«Libiarrek ez dute erabakitzeko aukerarik. Mertzenarioek ez dute alde egingo, auzian buru-belarri sartuta dauden kanpoko potentziek trantsizio fase berrian beren interesak bermatuta ikusten ez dituzten arte», esan du Jaled al-Montasserrek, Tripoliko unibertsitatean Nazioarteko Harremanetako irakasleak.

Baina «bertan jarraitzeak liskar berrien arriskua dakar, egungo su-etena oso ahula delako», ohartarazi du.

Joan den aste hasieran, NBEko idazkari nagusi Guterresek mertzenarioak Libiatik aldentzearen garrantzia nabarmendu zuen Segurtasun Kontseiluaren aurrean eta behaketa talde bat eratu beharra dagoela azpimarratu zuen.

NBEk negoziazioak bultzatu nahi ditu, eta ibilbide-orri bat lortu, urte bukaerarako Libian hauteskunde berriak egin ahal izateko. Horretarako ezinbestekoa da su-etenari eustea eta mertzenarioek alde egitea.