Jon GARMENDIA
Idazlea

Bataila

Ehun eta berrogeita hemezortzi orrialdeko txostena entregatu dio Benjamin Stora historiagileak Macron presidenteari. Aljeriako kolonizazioaren memoria lantzen duen txostena da, Afrikako herrialde horren historia garaikideari buruz espezialista errekonozituak egin duena. Batzorde baten buru izango da Stora, han gertatu ziren basakeriak eta gertakari bortitzak egokitasunez neurtzeko, baita «harki» zirenen sufrikarioa ere, Frantziak bere armadari laguntzeko bildutako aljeriarrena, oraino traidore kontsideratuak, eta Evianeko bake akordioen ondotik haien miseriara abandonatuak. Aldez aurretik ohartarazi du Macronek ez dituela ondorioak kontuan hartuko Aljeriak eskatutako barkamena eskatzeko; aholkulari anitzek alferrikakotzat jotzen dute azken hau, ikerketa eta urratsak egitea hobetsiz. Frantziak izugarriak egin zituen han, historiaren lotsa bizkar gainean eramateko krimenak, hilketak, desagertzeak eta tortura latzak, Gillo Pontecorvoren “La bataille d’Alger” filmak bikain agertuak; enetzat, mugimendu iraultzaileen taktikari eta kolonizazioari buruz nehoiz egin den filmik onena, 1966koa. Independentziaren aldeko borrokan FLNko militanteen sufrimendua salatzeko baliatu nahi zuen Pontecorvok dokumental luzea, baina bere harridura eta desesperaziorako garaiko diktadurek ikasgai gisa erabili zuten, basatiki torturatzeko. Nehoiz ez baita neurrira torturatzen, ez ondo eta ez normal, nehon.