GARA
DONOSTIA

«Bizirik» programari ekingo dio Euskadiko Orkestrak bihar

Euskadiko Orkestrak denboraldiaren bigarren zatia berregokitu behar izan du, covid-19aren pandemia dela-eta. «Bizirik» izena du programak, horixe nabarmendu nahian, garai zailetan ere aurrera jarraitzeko konpromisoa. Ruth Reinhardt zuzendaria lehenengo aldiz arituko da Orkestrarekin, baita Augustin Hadelich biolinista ere.

Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak honela azaldu du: «Antolaketa konplexu honi heldu diogu asmo handiko bide baten aldeko apustua egin nahi izan duelako Euskadiko Orkestrak, publikoarekin dugun konpromiso argitik abiatuta. Horrekin batera, uste dugu aktibo kultural handia eta bultzada-eragilea dela orkestra gizartearentzat eta horregatik segituko dugu ahalegin horretan. Merezi du».

Robert Treviño zuzendari titularrak, ildo beretik, hau esan zuen hedabideen aurrean atzo egindako agerraldian: «Gure helburu komuna, gizarteko edozein kide bezala, elkar babestea eta zaintzea da. Laguntzarako ideia horrekin jarraitu dugu, Euskadiko Orkestra bezala, pandemian nabigatzen gure gizartearen zerbitzura. Gure fisikoa, emozioak eta erakundea bera muturreraino eraman ditugu musika pertsonen bihotzera eramateko eta esperientzia komunitario partekatua bultzatzeko helburuarekin. Horretarako, era guztietako neurriak hartu ditugu: programak bikoiztea, EITBn gure kontzertu guztiak ematea, bideo horiek Youtubera igotzea, etab. Hori guztia aurrez aurreko jarduera bikoizteko asmoz, pertsona bakoitzak orkestra ahal duen moduan goza ahal dezan».

Ekainera bitarteko programazioa ordutegi eta programa desberdinekin birdiseinatu dute. «Orkestrak denboraldiko ohiko 50 kontzertuak eman beharrean 100 eskainiko ditu guztira, abonatuengana eta publiko guztiarengana iristeko, eta sarrera solte batzuk ere jarriko ditu salgai», zehaztu zuten.

“Bizirik” programa barruan denera hamar kontzertu iragarri ditu. Sei saio eskainiko ditu Donostiako Kursaalen (urtarrilaren 29an, otsailaren 1ean eta 2an, 17.30ean eta 19.30ean); bat hilaren 3an, Bilboko Euskaldunan (19.30ean); bat otsailaren 4an, Gasteizko Principal antzokian (19.30ean); eta bi otsailaren 9an, Iruñeko Baluarte auditoriumean (18.00etan eta 20.15ean). 

Donostiako, Bilboko eta Gasteizko kontzertuek Sibeliusen biolinerako kontzertua izango dute ardatz. Musikagile finlandiarrak instrumentu horretarako ezer gutxi idatzi zuen arren, lan hau bere errepertorioko obrarik ezagun eta interpretatuenetako bat bihurtu da.

Ruth Reinhardt zuzendari aleman gazteak zuzenduko ditu hamar kontzertuak. Lehen aldiz arituko da Euskadiko Orkestrarekin. 17 urte besterik ez zituela bere opera propioa konposatu eta zuzendu zuen Saarbrücken-en, bere jaioterrian.

Augustin Hadelich biolinista aukeratu du Euskadiko Orkestrak lan hau interpretatzeko. Bere debuta ere bada Euskadiko Orkestrarekin. Bakarlari baten interpretazio onenaren 2016ko Grammy saria eskuratu zuen eta “Musical America” aldizkariak 2018ko interprete onenaren saria eman zion.

Sibeliusen obraz gain, Donostiako 19.30eko kontzertuetan, Mikel Urquiza musikagile bilbotarraren “Nire itsas munstroak” entzuteko aukera izango da. “Elkano: Mundubira musika bidelagun” proiektuaren bigarren enkargua da munduko lehen itzuliaren 500. urteurrena gogora ekartzeko.

«Jazoera historiko horri buruz, Urquizari ez zaio hainbeste interesatzen balentria fisikoa, ondorio kultural eta psikologikoak baizik. Hots, «gure mundua amaiduna zela egiaztatzea aurrerapauso izugarria izan zen ‘terra incognita’ kontzeptuaren desagerpenean; izan ere, Errenazimentuko kartografian apurka-apurka txikiagotu zen munstroak eta herensugeak ageri ziren mapetako tarte hori, eta esplorazio modernoak, azkenik, desagerrarazi egin zuen», adierazi zuten Orkestraren ordezkariek.

«Hiletsitako munstro haiek babesteko orrialde bat da nire pieza, atlasetan sartzen ez den mundu zahar bat gordetzeko alegiazko leku bat», esan du Urquizak.

Iruñeko kontzertuetan Brahmsen “Obertura tragikoa’” eta Smetanaren “Nire aberria” obrako “Sarka” izango dira entzungai.

Hiru modalitate desberdineko lehen zatiaren ondoren, hamar kontzertuen bigarren zatia berbera izango da: Antonin Dvoraken 5. sinfonia. Lan hau Bohemiako musikagilearen heldutasuneko lehen lan handitzat hartzen da eta “konpositore txiroentzako” sari bat irabazi ondoren idatzi zuen.

Saio guztietarako sarrerak salgai daude. Salmentari buruzko informazio guztia Euskadiko Orkestraren webgunean dago eskuragarri: euskadikoorkestra. eus.

Izurriaren eraginez bonuak %20 –mila pertsona inguru– murriztu direla adierazi zuen Oriol Roch-ek. Ordutegi eta edukiera murrizketek bultzatutako erabakia da, «ez Orkestrarekin ez daudela gustura», zehaztu zuen. Diru sarrerei dagokienez, 150.000 euro gutxiago jasoko dutela esan zuen atzo emandako prentsaurrekoan.