Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Ipar Euskal Herria: urdina gibelerat eta horixka zabaltzen

Frantziar Estatuan osasun egoerak okerrera egin du azken astean. Hala, astebeteko intzidentzia tasa 206,8koa da bertan. Egoera oso bestelakoa da Ipar Euskal Herria bere baitan hartzen duen departamenduan (58 kasu 100.000 biztanleko).

Lerro hauekin batera jaso dugun Geodes-en mapak argiki erakusten du hiru lurraldeetan bilakaera aski positiboa dela. Edonola ere, birusaren aldaeren hedatzeak kezka eragiten du, pandemiaren garapena zeharo baldintza dezakeelako.

Mapari so eginez, Zuberoan covid-19aren eragina kasik desagertu dela ondoriozta daiteke, kolore krema edo horixka nagusitzen baita bertan.

Ez da zuhurtziaz hartu beharreko albiste on bakarra. Oro har, hiru lurraldeetan kasu kopururik handiena markatzeko erabiltzen den kolore urdin-beltza desagertu da.

Hala ere, Nafarroa Beherean, Ibarrola, Ainhize-Monjolose, Lakarri eta Izura kolore urdin ilun samarrean agertzen dira oraindik ere mapan, eta kutsatze tasa nabarmentzekoa da, baita Bankan eta Irisarrin ere.

Biztanle kopuru handiena duen herrialdean, Lapurdin, nabari da bereziki hobekuntza. Uztaritze eta Lehuntze baizik ez dira urdin ilunez agertzen.

Hiri eremu nagusiak

Hiri eta herri nagusi gehienak –Baiona, Biarritz, Angelu, Hiriburu, Bidart edo Sara kasu– dagoeneko urdin argirat igaro dira Lapurdin.

Are, hainbat herri 100.000 biztanleko 10 kasu baino gutxiago markatzen duen horixka kolorez agertzen dira. Hala, bilakaera itxaropentsua irudikatzen duen kolorea dute, esaterako, Itsasuk, Ezpeletak, Biriatuk eta Ahetzek. Herri horietan, beste anitzetan bezala, birusaren presentzia oso apala da, Sante Publique France-ren kartografiaren arabera.

Laburbildurik, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin bizi den egoerak, gaur- gaurkoz, zerikusi handirik ez du, zorionez, frantses Estatuko hainbat eskualdetan gertatzen ari den okertzearekin.

Hain zuzen, osasun egoerak okerrera egin duela-eta, Hexagonoko 20 departamendu «muturreko zaintzapean» ezarri dituzte. Hala iragarri zuen, atzo arratsaldean, Jean Castex frantziar lehen ministroak.

Lurraldeka, tokiko agintariekin elkarrizketak abiatuko ditu frantziar Gobernuak. Egoerak hobera egiten ez badu, martxoaren 6tik aurrera Nizan edo Dunkerken jarritako «neurri murriztaile zorrotzagoak» jarriko dituzte bertan ere.

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi bere baitan hartzen dituen Pirinio Atlantikoen departamendua ez dago alerta gorrian dauden lurraldeen zerrendan. Hala eta guztiz ere, azken hilabeteetan ezarritako neurri murriztaileak ez dituzte arinduko. Iparraldean, ostatu eta jatetxeek itxita jarraituko dute, baita kirol eta kultura azpiegiturek eta saltoki gune handiek ere. Etxeratze-agindua 18.00etan atxiki eta zortzi muga-pasabidek itxita jarraituko dute.