GARA
IRUÑEA

Bigarren lan istripu hilgarria Euskal Herrian 24 orduan

Abadiñoko Trañapadura industrialdeko Cosmos enpresan lanean ari zen behargin bat zendu zen atzo, garabi bat manipulatzen ari zela. 24 ordu baino gutxiagoan Euskal Herrian gertatutako bigarren lan istripu hilgarria da. LAB sindikatuak egiten duen zenbaketaren arabera, gutxienez hamasei dira jada 2021. urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripuz hildakoak. Administrazioen jarrera salatu zuten ELA eta LAB sindikatuek.

Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman zuenez, Abadiñoko Lebario auzoan kokatuta dagoen Trañapadura industrialdeko Cosmos enpresan lanean ari zen behargin bat zendu zen atzo, garabi bat manipulatzen ari zela.

Ezbeharra goizean jazo zen, 08.25ean, eta hildakoa Transportes Eguiara y San Juan enpresako langilea zen. Segurtasun Sailak zehaztu zuenez, oxigeno bonbona batzuk deskargatzeko lanetan ari zen behargina, garabi batek lagunduta. Momentu horretan, oraindik ikertzen ari diren arrazoiengatik, harrapatuta gelditu zen. Ezin izan zuten argitu kargak edo garabiak berak harrapatu zuen langilea. Suhiltzaileak langilea askatzen saiatzeko bertaratu ziren, baina ezin izan zuten bizirik atera. Medikuek heriotza egiaztatu besterik ezin izan zuten egin.

24 ordu baino gutxiagoan Euskal Herrian izandako bigarren lan istripu hilgarria izan zen Abadiñokoa, ostegun arratsaldean 57 urteko langile bat zendu baitzen Trapagaranen. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, gutxienez hamasei dira jada 2021. urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripuz hildakoak. Horrez gain, Joaquin Beltranek Zaldibarko zabortegian desagertuta jarraitzen du, iazko otsailaren 6tik.

Patronalari kritikak

Langilearen senide eta gertukoei elkartasuna eta babesa adieraztearekin batera, LAB sindikatuak «langileriak pairatzen duen laneko biolentzia» salatu zuen: «Prekaritateak, azpikontratazioak eta neurri ezak hil egiten gaituzte». Ildo horretan, LABek nabarmendu zuen egoera horrek erantzuleak dituela, «nagusia patronala», «epe motzeko onura hobesten» baitu «langileon osasunaren eta bizitzaren aurrean». Administrazio publikoei langileen «osasuna eta bizitza bermatzeko eginkizuna» ez betetzea ere leporatu zien sindikatu abertzaleak.

ELA sindikatuak, bere aldetik, lan merkatuan «guztiz erroturik dagoen prekaritatea» gogor salatu zuen: «Lan baldintza txarrak, lan erritmo jasanezinak, jardunaldi amaigabeak eta prebentzio araudiaren ez betetze argiak ohitura bihurtu dira. Tamalez, ondorio lazgarriok pairatzeko aukerak gero eta gehiago handitzen dituzten faktore bihurtu dira».

Ildo horretan, administrazioek langileek egunero bizi dituzten egoera arriskutsuen aurrean «beste alde batera begiratzen» dutela salatu zuen ELAk. «Ikus ezinarena egiteagatik arazoa ez da ordea desagertzen, estrukturazko lakra honen erantzule eta konplize bilakatzen dira», adierazi zuen sindikatuak.