Asier ROBLES

Bederatzi abestiko «The Belly» rock diskoa aurkeztu du Sedak

Seda musika taldeak «The Belly» rock diskoa aurkeztu du. Virginia Fernandez abeslariak bultzatutako proiektua da eta, nabarmendu duenez, bere «kezka musikal eta artistikoak jasotzen dituen aterki bat bezalakoa» da. Taldea beste musikari ezagun batzuek osatzen dute.

Hainbat urtetan zehar Jardin Infierno, Toro y la Niña del Frenesi eta Doctor Deseo proiektuetan parte hartu eta gero, Virginia Fernandezek Seda proiektuari ekin dio azken urteetan. Egitasmo berri honen lehen diskoa aurkeztu zuen atzo Bilboko Power Records musika dendan eta GARArekin hizketan jardun zen taldearen nondik norakoak azaltzeko.

Fernandez abeslariak azaldu zuenez, hiru urte inguru zeramatzan musika mundutik aldenduta eta bere bizitza pertsonalean zentratuta. «Denbora batez, zenbait kolaborazio eta proiektu errefusatu nituen, atsedena behar nuelako. Handik gutxira, gitarra hartu eta abestiak egiten hasi nintzen, baina inolako helbururik gabe. Konturatu nintzenean banituen abesti batzuk, eta musika munduko jendeak animatu ninduen zeozer grabatzera. Horrela hasi zen proiektu berri hau», azaldu du.

Berarekin batera, musika munduko beste erreferente handi batzuek osatzen dute taldea: Mikel Caballero baxuan (Gatibu), Felix Landa gitarran (Extremoduro), Galder Creo baterian (Penadas) eta Pit Flanagan (Rubia, Garbayo) eta Martin Guevara (Capsula) gitarretan.

Abeslariak azaldu duenez, hasieran bakarkako proiektua zen, baina ikusi zuen abesti batzuk «nahiko rockeroak» zirela eta talde bat atzean izatea oso ondo etorriko zitzaiola pentsatu zuen. Horrela batu ziren Sedara gainerako kideak, «modu naturalean». Hala ere, proiektuak ukitu pertsonala duela argitu zuen Eibarren jaiotako abeslari eta konpositoreak: «Seda nire kezka musikal eta artistikoak jasotzen dituen aterki bat bezalakoa da».

Rock-a nagusi

“The Belly” diskoa Silver Recordings estudioan grabatu eta Martin Guevarak ekoitzi du. Azaleko ilustrazioa Miriam Ocarizek egina da. Bederatzi abesti ditu, ingelesez. Lanaren estiloa rocka dela azpimarratu zuen Fernandezek, baina punk arima, folka gogorarazten duten doinuak eta gogorragoak direnak ere aurki daitezkeela gaineratu zuen.

Horrela deskribatu du diskoa Gaztelupeko Hotsak zigiluak: «Diskoaren hasieratik eta ‘Let it go’ sutsuarekin, Martin Guevara gitarrarekin batera, ‘She can do’k The Runaways-en urrezko garaia ekartzen du akordura, Joan Jett onena buru duela, Patti Smith kontestatario baten bahetik eta Virginia Fernandezen nortasun harrigarritik pasata. Taldeak bere punk aldea erakusten du ‘Clean my name’ kantan, ‘Breaking the House’ abesti ilun eta etsia eskaintzeko. ‘Hey’ energetiko eta bikainak single gisa balio dio taldeari lan honen aurrekari gisa, eta, ondoren, ‘Drunken lover’-en pop doinuetara hurbiltzen da, dagokion gordintasunarekin. Rock-and-roll-ak ‘Passenger’ forma hartzen du liderraren ahots-harmonien eta taldearen eskarmentu eta sendotasunaren ildoan, eta konbinazio ezin hobea da ‘Two words’-ekin erregistroa aldatzeko eta bilduma ‘Drunken Lover’-en molde akustikoan amaitzeko digipack bertsioan».

Fernandezek azaldu zuenez, covid-19aren pandemiak diskoaren argitalpena atzeratu eta baldintzatu du. Musikari guztiek bizi izan duten arazoa da, eta pandemiak kontzertuetan ere izan du eragina. Seda taldeak apirilaren 18an Bilboko BBK Aretoan izango du lehenengo agerraldia. «Gogo handia dugu, ez baitakigu noiz egin ahal izango dugun beste bat. Alde batetik, egin dugun lana erakutsi nahi dugu, eta bestetik, agertoki gainean gozatzeko gogo handia dugu», adierazi zuen.

Etorkizunari begira, proiektu honekin jarraitzeko asmoa dutela iragarri zuen abeslariak. Abesti berri batzuk dagoeneko grabatuta dituzte eta urrian grabatzen has daitezke.