Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Hizkuntza- eskubideak bermatzeko urrats bateratua

Hendaiak, Uhartek eta Arrigorriagak bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak proposatutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloarekin. «Errealitate administratibo desberdinetan proiektuaren baliagarritasuna aztertzeaz gain, etorkizunari begira proiektua beste udal edo herriko etxeetan aplikatu ahal izateko irizpideak ateratzea da asmoa», azaldu zuen Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak. Euskal Herriko hiru administrazioetan kokatuta dauden herriak batu dituen esperientzia pilotua abian dela sinbolikoki irudikatzeko Hendaiako herriko etxea hautatu zuten. Paul Bilbao (Kontseilua), Maite Ibarra (Arrigorriagako alkatea), Edorta Beltzunegi (Uharteko alkateordea) eta Kotte Ezenarro (Hendaiako alkatea) izan ziren sinadura ekitaldian.

«Ekintza sinboliko honez gain, gure harremanak garatu nahiko genituzke, hobeto ezagutzeko. Eskumenak eta legedia desberdinak dira, baina badugu puntu amankomuna: Euskara. Hain gara hurbilak geografikoki eta aldi berean hain ezberdinak», laburbildu zuen Hendaiako auzapezak. Kontseiluarentzat «erronka handia» dela aitortu zuen Bilbaok. Itxaropentsu agertu zen, zeren «proiektu zinez berritzailea da».