Jon GARMENDIA
Idazlea

Falta da

Begiak kliskatu gabe kantatzen zenuela oroitu naiz. Izaten da hitzei hobeki jarraitzeko parada betazalak itxita, memoriari ate berriak zabaltzeko edo. Ikusberak ez du momentu bakar bat galdu nahi, ordea, jakingura ase ezina baita ikusitakoa sinisten ohitutakoaren lubakian. Ilunaren etorreran joaten direla egunsenti arte itxaroteko gai ez diren ametsak. Hori ere kantatzen zenuela badakit. Izar uxoak dira atzoko pasioak eta desirak, ohartzerako joanak. Zoriona beti dago amiñi bat urrunago, galduago, difuminatuago; zure zangoek akiduraren lohi astuna sentitzean baizik ez duzu sentitzen haren presentzia, eta urratsak egiten jarraitzen duzu. Aitzinera begira. Hurbilekoek kantatu zizuten agurtzeko garaian ohartu zirela ez zutela ikasi maitasunari agur esan eta bihotza kartzelan uzten. Eta motxilan sartu zituzten bideak, hiriak, mendiak eta mendikateak, mapa batek kabitu ezin ditzakeen distantzia guztiak. Aitzinekoan idatzi nuen elefantearen hanka astunen mugimenduarena; ez dut hain argi dispertsioa agurtzen hasita urruntasunak sortutako mina agurtzen den, ojala! Hortxe doakizu galdera bat: zer sentitzen da urte luzez kateatu zaituen kartzela urrunari urrundik begiratuz?. Urteak zugana joan eta zugandik joaten, halatsu ibili zaizkizu etxekoak, esperantzari helduta, tristezia irribarreekin estaltzen, errepidean galduta. Denborak estutu egiten du oraino, azala bihurritzeraino, le temps presse. Badut beste galdera; bueno, ez naiz honen erantzunaren zain geldituko. Mendira igoko bazina herrian zer ikusiko zenukeen galdetuko nizuke; nor falta den erantzungo didazula ziurtzat ematen dut, halere. Baina gure bizitza urrundu duen azken kartzela atzean uztea ere bai. Falta da.