INDAR ERALDATZAILE BATEN PROGRAMA ETA MILITANTZIARI DEIA, ITXIERA EKITALDIAN

BECen izandako ekitaldiak eman zion itxiera, atzo, EH Bilduren II. kongresuari. Urtarrilean martxan jarritako prozesuaren barruan, batzar nazionalarekin batera, tokiko hainbat hitzordu eta foro sektorialak egin ditu koalizio subiranistak, hurrengo lau urteetako lan ildoak zehazteko. Nagusiki bide telematikoetatik garatu den prozesuan, babes zabala jaso dute ponentzia politikoak zein antolaketari dagokionak. Era berean, bihartik aurrera militantziaren sostengu sendoarekin ekingo dio lanari zuzendaritza berriak, ardura ezberdinetarako proposatutako hautagaien aldeko botoak %88tik gorakoak izan baitira.

Ekitaldiaren itxieran, hamar urte bete berri dituen indarraren izaeraz, «ezker transformatzailea funtsezko aldagaia» dela nabarmendu zuen Arnaldo Otegik, baina militantziak proiektu politikoan jokatzen duen papera ere azpimarratu zuen. «Ezin da Euskal Herria eraldatu, militantzia herriz herri lantzen ez bada», adierazi zuen koordinatzaile nagusiak BECen. Aritz LOIOLA | FOKU