Martxelo DIAZ
DONOSTIA

EH Bilduk iritsiko diren erreformei herri gisa erantzuteko deia egin du

Aldaketak datoz lan ereduan, pentsioetan eta zerga-sisteman. Eta horren aurrean, Euskal Herria ezin da geldirik geratu, aldaketa horiek nola gauzatzen diren begira, EH Bilduren iritziz. Horregatik, herri gisa erantzuteko behar dela adierazi zuen atzo, eskubideak defendatzeko olatu bat sortuz.

Lan ereduan, pentsioetan eta zerga-sisteman ezarriko diren aldaketen aurrean Euskal Herriak herri gisa erantzun behar duela adierazi zuten, atzo, EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpuruak eta koalizioko Programa zuzendari Pello Otxandianok egin zuten agerraldian.

Aizpuruak azpimarratu zuenez, «gaur indarrean dugun sistema agortzen ari da eta pandemiak sistemaren mugak agerian utzi ditu». Izan ere, herritarren bizi proiektuak baldintza duinetan garatzeko mugak azaleratu dira, diputatuak esan zuenez. Egoera honetan, nazioarteko erakundeek sistema aldaketa sakonak egiteko aukera eta beharra plazaratu dutela gogoratu zuen.

«Aukerak badaude, baina arriskuak ere bai», ohartarazi zuen Aizpuruak. «Goitik behera egiten diren erreformek egungo egiturak erreformatuko dituzte datozen urteotan, eta horrek jendearen bizimoduan eta etorkizun sozioekonomikoan ondorioak izango ditu».

Aldaketa horiek, EH Bilduren ustez, hiru esparru zehatzetan eragingo dute: lan erreforman, pentsioetan eta zerga-sisteman.

Etorkizuna jokoan

«Bidegurutzean gaude, jokoan dugu etorkizunean izango dugun lan eredua, zein pentsio izango ditugun. Datozen belaunaldien etorkizuna eta oraina dugu jokoan. Gure herriaren etorkizuna dugu jokoan. Eta partida hau herri gisa jokatu behar dugu», adierazi zuen argi eta garbi EH Bilduko eledunak Kongresu espainolean.

Gauzak horrela, gaineratu zuenez, Euskal Herria «ezin da Madrilgo negoziazioen zain egon; gizarteak eta erakundeek ezin dute jarrera pasiboa hartu. Etorkizuna eta oraina jokoan daude. Partida jokatu behar da eta herri gisa jokatu, gainera».

«Emaitza desberdina izango da lortzen diren indar harremanen arabera. Euskal Herrian inon baino egoera hobean gaude murrizketei aurre egiteko eta langile eta herri sektoreen aldeko politikak martxan jartzeko», esan zuen diputatuak.

Aizpuruaren hitzetan, Euskal Herrian kontsentsu zabala dago gai hauen gainean. Horrela, lan erreforma erabat indargabetu behar dela, pentsio murrizketarik ezin dela onartu eta herri ikuspegitik fiskalitate progresiboan sakondu behar dela uste dute herritar gehienek.

G7 bezalako nazioarteko erakundeek zerga-sisteman aldaketak egin behar direla adierazten duten garai hauetan, EH Bilduk herri posizio bateratu bat lortzeko deia egin zien atzo eragile politiko, sozial eta sindikalei.

Eskubideen aldeko olatua

«EH Bilduren bost diputatuak ez dira nahikoa hori egiteko. Lan eta eskubide sozialen aldeko olatu bat martxan jarri behar da. Murrizketarik ez izateko gehiengo nagusi bat eraiki behar da. Herri mandatua behar dugu eta guk herri mandatu hori Kongresura eramateko eta gaiari Madrilen zorrotz jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu», bota zuen EH Bilduko eledunak Kongresuan.

Pello Otxandianok iragarri zuenez, EH Bilduk bilera erronda bati ekingo dio Euskal Herriko eragileekin. Besteak beste, pentsiodunekin, autonomoekin eta sindikatuekin elkartuko direla iragarri zuen.

«Inoiz ez bezala, zerbitzu publikoak sendotzea, ondasuna banatzea eta eraldaketa ekonomikoa beharrezkoak dira. Horretarako sektore publikoaren lidergoa behar da. Euskal Herria ezin da atzean gelditu. Orain da lan egiteko garaia», esan zuen Otxandianok. Nafarroan fiskalitatearen inguruan EH Bilduk akordioak lortu dituela eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan zein Nafarroako Parlamentuan fiskalitatearen inguruko proposamen ugari aurkeztu dituela gogorarazi zuen.