GARA
DONOSTIA

Adinekoen egoitzen eredu justuago baten alde, langileen 250. greba eguna

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek manifestazioa egin zuten atzo Donostian, Antiguako tuneletik Diputaziora, ELAk deitutako grebaren 250. egunean. Mobilizazioan ehun bat lagunek «Atzerapausorik ez» edo «Diputazioa, ustelkeria» oihukatu zuten.

Gipuzkoako adineko egoitzetako langileek beste greba egun bat izan zuten atzo. Eta dagoeneko 250 protesta egun daramatzate pilatuta lan baldintzak duintzea eskatuz eta egoitzetako erabiltzaileen arreta «hobetzeko» beharra mahai gainean jarriz.

Protesta eguna Ibaetan hasi zuten grebalariek goizean goiz, eta ekitaldi nagusia Gipuzkoako hiriburuko Bulebarrean egin zuten. Donostiako kaleetan zehar, dozenaka langilek «lan baldintza duinak eta zaintza ardatz izango dituen egoitza eredua» aldarrikatu zituzten, eta «pribatizazioa eta negozioa oinarri dituen eredua, Markel Olanok zuzentzen duen Aldundiak egiten duen gisan» salatu zuten.

Mobilizazioaren amaierako ekitaldian, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Gipuzkoako Diputazioarena eredua «bidegabea» dela nabarmendu zuen. Izan ere, finantzaketaren %90 publikoa izan arren, egoitzen bi herenek irabazteko asmoa dutela nabarmendu zuen. ELA sindikatuko buruak, langileek «lan karga jasanezinak» dituztela ere ekarri zuen gogora. «Egunean ordu eta erdiko arreta baino ez dute egoiliar bakoitzeko. Eredu hori ez da bideragarria», salatu zuen. «Lan baldintza prekarioekin zerbitzu prekarioa baino ezin da eskaini», ondorioztatu zuen.

Lakuntzak erantzukizuna bere gain hartzeko eta negoziatzera eser dadin eskatu zion Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari, baita «akordioa lortzeko bidean oztopo» izateari uztea ere. Gogoratu behar denez, 2018an Adegi eta Matia patronalak eta sindikatuak Aldundiak bete nahi izan ez zuen aurreakordio batera iritsi ziren.

Biltzeari ezezkoa

Ordutik, Foru Gobernuak uko egin dio egoitzetako ordezkariekin biltzeari. «Jokabide hori are ulergaitzagoa da egoitzetako langileak funtsezkoak direla agerian utzi duen pandemiaren ondoren. Duela urtebete funtsezkoak zineten, eta orain baztertzen zaituztete», salatu zuen Lakuntzak. «Olano, eseri ELAren proposamena entzutera, irtenbide bat dugulako, pandemian bizi izan dugunaren ondoren bi gauza zor dizkiguzulako: langileen lan baldintzak hobetzea eta gure adinekoentzako arreta zerbitzua hobetzea. Egoitza eredu gizatiarragoa, publikoa eta zaintzan oinarrituagoa dago jokoan», adierazi zuen Lakuntzak.

Egoitzetakoa greba berezia dela ere azpimarratu zuen ELAko buruak: «Hau ez da greba arrunta, hau greba sindikala, feminista eta soziala da: arrakalaren aurkakoa eta zainketen balioaren eta emakumeek egindako lanen duintasunaren aldekoa». Horregatik, «borrokan jarraitzeko» deia egin zuen Lakuntzak.