GARA

«Bertatik bertara», Uema-ren kanpaina turismoan euskara nabarmentzeko

Atzotik irailaren erdialdera arte abian dago Uemaren “Bertatik bertara” kanpaina. Udako bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzea da helburua. Horretarako hainbat baliabide eskainiko ditu, eta, iaz bezala, 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko ditu ostalarien artean. Dozenaka udalek eta hainbat garapen agentziak egin dute bat.

Bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi du kanpainak.

Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu ditu, eta ekainaren erdialdetik aurrera erabilgarri izango dira guztiak: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai-gainekoak, sentsibilizazio bideoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste.

Kanpaina benetan eraginkorra izan dadin, dagozkien sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzea giltzarria da, eta horretarako ere online saioak prestatu dituzte udaren atarian. Azken batean, bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogorarazi nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei.