GARA
bAIONA

Filosofia azterketa euskaraz idatziko dute Baionan

Ipar Euskal Herriko ikasleek egin behar duten brebeta azterketa osorik euskaraz egiteko aukera izan dezatela; aldarrikapen hori eraman zuten, atzo eguerdian, Piarres Larzabal kolegioko ikasle, irakasle eta gurasoek Donibane Lohizunen frantziar Hezkuntza Ikuskaritzak duen egoitzara.

Urruña, Ziburu eta Hendaiako hautetsien sostengua jaso dute azterketa euskaraz egiteko aukera eskatu duten ikasleek. Gaur, berriz, baxo azterketaren baitan Filosofiako proba eginen dute lizeoko azken kurtsoa amaitu berri duten ikasleek. Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko ehunka ikaslek Filosofia azterketa presentzialki eginen dute. Horren harira, 30 bat ikaslek Filosofia azterketa euskaraz idatziko dutela jakinarazi dute gaur.

Etxepare lizeoko Ikasle Asanbladak ohar baten bidez azaldu duenez, ekimen horren bidez ikasle horiek bat eginen dute «azken asteetan azterketak euskaraz pasatzearen alde abiatutako mugimenduarekin».

Ekimenaren berri emateko prentsaurrekoa deitu dute gaurko; Baionako Etxepare lizeoan, azterketa bukatutakoan. Ikasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidea dutela aldarrikatuz, Seaskako hainbat irakaslek iragarri dute azterketak zuzentzeari uko egiteko prest direla.