GARA
BILBO

Arbaso eta poemei eginiko ohoretzat hartu du Meabek Estatuko Poesia Saria

Eguneroko errutinan jaso zuen berria Miren Agur Meabe Plazak. «Belaunek dar-dar egin didate, esker on izugarria sentitu dut. Egin dudan lehenbiziko gauza arbasoen argazki bati musu ematea izan da», esan zuen 2021eko Espainiako Poesia Sariaren jabeak. «Nola gorde errautsa kolkoan» (Susa) aitorpen hori jaso duen euskarazko lehen lana da.

Miren Agur Meabe Plazak (Lekeitio, 1962) irabazi du espainiar Estatuan poesiagintzan ematen den saririk garrantzitsuena. “Nola gorde errautsa kolkoan” (Susa, 2020) bildumak zabaldu dio bidea Espainiako Poesia Sariraino. Lehen aldia da euskaraz idatzitako lan batek aitorpen hori jasotzen duena.

Epaimahaiaren arabera, «desiraren eta heriotzaren inguruko hausnarketak batzen ditu, nostalgia eta denboraren igaroa etengabe elkar gurutzatzen dira hitzaren bidez gozamenaren bilaketan». Ironia eta kontrapuntuzko umorea ere bere gain hartzen ditu. «Hamar urtean ondua, denboraren igaroaren garraztasuna tristeki erakusten du eta era berean bizipoz eta freskotasun hautsezinak biltzen ditu barnean».

Estatuko Poesia Sariaren irabazleari atzo dei egin zion Miquel Iceta Kultura ministroak berria emateko. Efe agentziari kontatu zionez, «eguneroko errutinan sartuta» zegoen, «zartagina eskuetan». «Ilusioz beteta eta urduri» sentitzen zela adierazi zuen, berarentzat saria hamarkada batean idatzitako poemei egindako «ohorea» baita. Baina ez hori bakarrik.

Agertu zuenez, albiste pozgarria jaso eta egin zuen «aurreneko gauza» korridoreko mahaitxoan duen bere «arbasoen zuri-beltzezko argazki bati musu» ematea izan zen. «Belaunak dardarka nituen, esker on ikaragarria sentitu dut».

Aitorpen hau «nire bizitzaren justifikazioa da», erantsi zuen lekeitiarrak. «Lana utzi nuen idazketari emateko eta ahalegin hori guztia irakurleen babesak konpentsatzen du. Baina sari honek beste dimentsio bat du, opari bat da niretzat eta nire hurbilekoenentzat».

Euskararentzat garrantzitsua

Euskararentzat ere «aitorpen inportantea» dela uste du. Berarentzat «ohorea» da Estatuko Poesia Saria irabazi duen lehendabiziko idazle euskalduna izatea. Narratibakoa Bernardo Atxagak, Unai Elorriagak eta Kirmen Uribek eskuratu zuten lehenago, euskaraz idatzitako obrengatik. Poesia sari hau Euskal Herrira eta bere Lekeitio maitera ekarri duen lehendabiziko emakumea ere bada.

Bitxia da, baina kronologiak zenbaki borobilak itzultzen ditu Meaberen kasuan. 2000. urtean argitaratu zuen, Susa argitaletxearekin hura ere, “Azalaren kodea” poesia liburua, eta handik hamar urtera ailegatu zen “Bitsa eskuetan”, genero berean landutakoa. Beste hamar urte igarota iritsi zen iaz “Nola gorde errautsa kolkoan”.

Ibilbide moduko bat dago hiruren artean. Baina harremana are estuagoa da “Kristalezko begi bat” (2013) eta “Hezurren erretura” (2019) izenburuekin. Triptiko bat osatzen dute: lehena nobela da eta idazketa baratzea lantzearekin alderatzen du. Bigarrena ipuinak dira eta sasien erretzeaz ari dira. Hirugarrena aurkeztu zuenean, berez triptikoa itxiz, 2020ko azaroan, hala esan zuen idazleak: «‘Nola gorde errautsak kolkoan’ esatea edo ‘bizitza kudeatu’ esatea gauza bera da».

Miren Agur Meabek sari gehiago ere baditu: 2000n Espainiako Kritikaren Saria jaso zuen “Azalaren kodea” lanagatik, eta “Bitsa eskuetan” poema liburuak ere Kritikaren Saria jaso zuen, hamar urte geroago, Euskal Herrian.

Haur literaturari oso emana, hirutan eskuratu du kategoria horretako Euskadi Literatura saria: 2002an “Itsaslabarreko etxea” lanagatik, 2007an “Urtebete itsasargian” obragatik eta 2011n “Errepidea”-gatik.