Xole ARAMENDI
DONOSTIA

«33 paraleloa», munduko gatazkak Lubakiren eta Zurutuzaren begietatik

«33 paraleloa misterioarekin lotu ohi da, baina gerrarekin topo egitea dugu errazena». Hala diote Andoni Lubakik eta Karlos Zurutuzak Donostiako Aieteko kultur etxean ikusgai jarri duten argazki erakusketaren aurkezpenean. Mendebaldeko Sahara du abiapuntu bisitariari proposatu dioten bidaiak, Ekialdeko Balutxistanen azken geldialdia. Makina bat bizipen, bi kazetarien begietatik ikusiak. Eta oinarrian, gerrak bere bidean sortutako suntsiketa.

Mendebaldeko Saharan hasi eta Ekialdeko Balutxistan arteko txangoa da oraingoan Karlos Zurutuza kazetariak eta Andoni Lubaki fotokazetariak proposatu dutena. Bidean, Siria, Libia, Palestina, Irak, Kurdistan, Afganistan... «Afrika Erdiko Errepublika ere sartu dugu, ezin genuen Saharaz hegoaldeko Afrika erakusketatik kanpo utzi. Konfliktoz josita dago eta aipamenik ez egitea ez genuen bidezkoa ikusten», azaldu du Karlos Zurutuza kazetari donostiarrak.

“33 paraleloa, bidaia gatazkan zehar” izenburupean NAIZeko bi kolaboratzaileen irudiak aurkituko ditu bisitariak erakusketan. Gerra bere gordinean. Frontetik aldenduta herritarrek egunerokoan pairatu behar duten errealitatea gailentzen da. «Gatazka ikusten da suntsitutako eskola batean edo erretako tenplu batean edo jendez lepo dagoen ospitale batean –azaldu du Zurutuzak–. Gerra bat noiz hasten den zehaztea oso zaila da. Fronteko argazkiren bat badago, baina informazio gehiena atzeguardia horretan dago, alegia, nola bizi den gatazka hiri batean ala baserri batean».

Herrialdez herrialde sailkatuta eskegi dituzte 30 argazkiak Aieteko kultur etxeko hormetan. Koloretan ateratakoak dira denak, aurkeztuko bilduma bikoitzari nolabaiteko koherentzia emanez.

Hogei urte

Azken hamarkadan bi kazetariek egindako lanaren adibidea aurkituko du ikusleak. «Azken urteotan aldaketa asko eman dira, ‘Arabiar Udaberria’ deiturikoak, Estatu Islamikoaren agerpena eta sasi-desagerpena –berez hor daude–, eta Afganistanek ere badu bere presentzia».

Erakusketa osatzerakoan egin duten hausnarketaz galdetuta, honakoa dio Zurutuzak: «Herrialde guztiek historia oparoa dute, baliabide natural ugari eta gerrak zigortuta daude. Aldez alde lurrez zeharkatu daitezke herrialde denak, baina hortik ihes egiteko bide bakarra itsasoa da. Horregatik daude erakusketaren bukaeran hiru argazki errefuxiatuen bidaia irudikatzen dutenak. Batetik, lurretik zeharkatu daitekeen eskualde gatazkatsu erraldoia da, eta, bestetik, itsasora irteera bakarra duena», argitu du.

Hainbat objektu

Irudiekin batera beste 30 objektu daude Aieteko kultur etxean ikusgai, burka bat, esaterako. «Burkari buruz askotan hitz egin dugu, baina ez dugu inoiz ikusi, esaterako; edo jihadista baten uniformea, Estatu Islamikoaren diru txanponak, edo Gaddafiren garaiko oroigarriak», kontatu dio NAIZi.

Multimedia batek osatzen du Ronak elkarteak sustatutako erakusketa. Euskal Herrian 2016an sortutako elkartea da eta bost kazetarik osatzen dute, Lubaki eta Zurutuzarekin batera Errumaniako, Siriako eta Israelgo beste hiru kazetarik, hain zuzen ere.

Bi lan ardatz ditu Ronak elkarteak: gatazken gaineko sentsibilizazioa hedatzea eta formakuntza. «Batetik, gatazka bizi duten kazetariei formakuntza eskaintzen diegu. Aurten, adibidez, Iraken eta Nagorno-Karabakhen egin dugu eta aurretik Aljerian eta Libian ere izan gara. Eta, bestetik, sentsibilizazio kanpainen alorrean sartzen da erakusketa hau».

Ronak elkarteko kide guztiak dira Aieteko erakusketan ikus daitezkeen gatazka guneetan lan egindakoak.