Alfontso DIEZ

Egitarau oparoa Sagardoetxearen 15. urteurrena ospatzeko Astigarragan

Astigarragako Sagardoetxea Museoa sagardoaren kultura mantendu eta sustatzeko lanetan aritu da 2006ko irailean ateak ireki zituenetik. Bada, 2021ean 15. urteurrena ospatzen ari dela baliatuta, jarduera ugari antolatu dituzte herritarrek sagardoaren kulturaz eta sagardogintzaren kultur ondareaz gozatzeko. Sagardoetxean prentsaurrekoa izan zen atzo urteurrenaren ospakizun egitarauaren berri emateko eta bertan izan zen Xabier Urdangarin Astigarragako alkate eta Sagardun Partzuergoko presidentea. Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroaren eta Sagardoetxearen arteko elkarlanari esker, Ubegi baserriko XVI. mendeko dolare ardatza ikusgai egongo da Sagardoetxean. Horrez gain, Sagardoetxeko Dokumentazio Zentroaren erakusketa antolatu dute eta bertan katalogatuta dauden funtsak ezagutzeko bisita gidatuak izango dira. Herritarrek ere izango dute kultur aisialdiaz gozatzeko tartea eta, horren erakusle, larunbat honetan bertan familientzako bisita gidatu eta tailerretan parte hartzeko aukera izango dute.