ITZIAR AIZPURUA EGAñA
Ezker abertzaleko militantea

«Es un asesino»

Horrela zioen aurreko igandean Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak, euskal preso politiko Unai Paroti buruz, Elgoibarko (Zirardamendi mendian) 1937an askatasunaren alde hil ziren gudarien oroimenez eginiko ekitaldian.

Bere hitzaldirako aukeratu zuen nolakotasun adjektibo horrek, 31 urte preso daramatzan abertzale batentzat desegokia izatetik at, gaitzespena dakarkio esaten duenari, ez baitu Unai Parot ezagutzen, eta are gutxiago, bere izanaren nolakotasuna. Gainera, atentzioa eman dit 1936ko gudariaz hitz egitean, eta zegoen lekuan egonda, aurreko egunean Arrasaten izandako faxisten agerraldiari buruz zipitzik esan gabe lasai alde egitea.

Adierazpen askatasuna oinarrizko eskubidea da elkarkidetza sanoa lortzeko; elkarrenganako errespetuan, ezinbestekoa. Errespetu hori adierazpen askatasuna jorratzean ez dut inondik inora ikusi Artolazabal anderearen hitzetan, alegia, Eusko Jaurlaritzaren hitzetan.

PNV salatzen dut ozen eta publikoki azkenaldiko jardueretan euskal presoei dagokien arloan daraman bidea ikusirik. Dirudienez, bizi osoko espetxe zigorra zuzena da, 7/2003ko legearen alde baitago; ultraeskuindarrei bidea irekitzea eta haien jarrera hauspotzea ere normaltzat jotzen du; EITB irrati eta telebistak isurtzen dituzten gezur edota erdi-egiak nahasmena sortu nahian punta-puntako prentsaren zeregina da... Eta, hori guztia preso dauden 70 pertsona euskaldun, abertzale, ezkertiarren aurka, baina ez hori soilik, baita milaka pertsona abertzale eta ezkertiar ala ez garenon aurka ere.

Urkullu jauna, hor goian zaudena, hemen behean nagoen honek honela diotsut: hain zaila al da «Dana eman behar yako maite den askatasunari» ulertzea?