GARA
DONOSTIA

Hizkuntza politikaz eztabaidatuko du Txillardegi Gogoeta Guneak

TM eLab Euskal Herrigintza laborategiak, hizkuntza politikaz eta glotopolitikaz aritzeko, Txillardegi Gogoeta Gunea jarri du abian; XXI. mendeko erronken aurrean eztabaidatzeko tokia. Urtea amaitu aurretik egingo dute lehen mintegia, demografia eta migrazioa oinarri, hemendik 15 urtera aurki daitezkeen agertoki posibleak irudikatzea helburu.

«XXI. menderako hizkuntza politika eztabaidatu eta ahal bada ondorio nagusi batzuk ateratzeko gogoeta gunea» da Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategitik eratzera doan Txillardegi Gogoeta Gunea. Atzo ohar baten bidez azaldu zutenez, «ikuspegi sistemiko eta egiturazko batetik abiatutako gizarte prospekzioa eta, hortik abiatuta, aurrera begirako hizkuntz politika ikuspegiak» landu nahi ditu proiektuak.

Zentzu horretan, euskararen normalizazioari buruzko etorkizuneko erronken inguruko gogoeta eta proposamenak landu edo horretan euskal erakundeek duten papera aztertzea ere izango du jomuga, Euskal Herri osoko ikuspegiarekin.

«Mundu mailan sekula ezagutu ez den abiadan gertatzen ari dira aldaketak: robotizazioa, inteligentzia artifiziala, gauzen interneta, teknologia aurrerapenak, informazio joan-etorriak... Horren guztiaren ondorioz, gizarte eraldaketa sakona gauzatzen ari da. Horrekin batera, migrazio mugimenduak eta baita mugikortasunak ere; hala nola gizarte batzuen zahartzeak biziki ari dira aldatzen ingurunea urte gutxitan, Europan batik bat», nabarmendu zuten.

Botere harremanei begiratu

Belaunaldi berrien «zalantzaz eta galderez betetako etorkizuna» ere oinarri izan dute eta, hizkuntzaren auziari lotuta, «neoliberalismoaren gailentzeak liberalismo linguistikoaren diskurtsoa eta praktika indartu» dituela azpimarratu zuten.

Euskal Herriaren kasuan, «euskararen egungo normalizazio ereduak goia jo» duela uste dute; besteak beste, hezkuntza arloan, helduen euskalduntzean edo erakunde publikoen normalizazio-prozesuetan, kultur transmisioan edota esparru komunikatiboan.

«Horren atzean, Txillardegik argi erakutsi zigun bezala, ez dago hizkuntzaren molde edo barne egitura arrazoirik, ezta hiztun herriaren utzikeriarik ere. Hizkuntza ordezkapen horren atzean dauden botere harremanei begiratu behar zaie fenomeno hori ulertzeko» .

Eta hizkuntza politikek errealitate berri horri erantzuteko «gaitasunik ez» dutela iritzita, euskararen normalizazioa erdiesteko «botere politikoa nola eta zertarako» baliatu behar den eztabaidatzeko beharra ikusi dute. Horretarako, datozen hamarkadetan «zer gizarte eraldaketa izango diren ongi ulertzea, zein diren joera orokorrak, zein izan daitezkeen ezustekoak aurreikustea ezinbestekoa» dela uste dute.

Gogoeta egin eta zabaldu

Gogoeta horiek guztiak mintegi itxi zein jardunaldi publikoen bidez egingo dituzte. Eta hausnarketa horiek zabaltzeko aukera emanen dute, aldizkarietan azaltzeko artikuluak lagunduz.

Horretaz gain, hizkuntza politikaren inguruko formakuntza eskainiko dute.

Lehen mintegia urtea amaitu aurretik egingo dute. Helburua «prospektibaz baliatuz hemendik 15 urtera aurki ditzakegun agertoki posibleak irudikatzea» izango da.

Agertoki horiek euskararen egoeran zer eragin izango duten aztertuko dute, eta euskararen berreskurapen prozesuan laguntzeko zer hizkuntza politika eta honekin erlazionatutako zer beste politika aurrera eraman beharko liratekeen eztabaidatuko dute.