Jon GARMENDIA
Idazlea

Aitzolen itsasontzia

Amonari entzun nion lehen aldiz Hernaniko hilerrian apaizak fusilatu zituztela. Aitzol aipatzen zuen, olerkari eta euskaltzale gazte bat, apaiza, eta toki sakratutik kanpo hilobiratu zutela horretxegatik. Itsasontzi batean harrapatu zutela eta Ondarretako hondartzan preso eduki; ume imajinazioa jarri zigun martxan, pirata filmekin konparatu nuela oroitzen dut. Amonak, halere, «periodiko zikinaz» hitz egin zigun, egun Gipuzkoan gehien saltzen denaz agidanean, «barco pirata» aipatu zuelako, «pez grande» bat arrantzatu zutela: Ariztimuño eta Olaso abizenak elkartuz Aitzol ezizena zeukana. Nerabe nintzen izeba Maitek, bere osaba Angel Zabaleta Aramburu 19 urterekin hantxe fusilatu zutela erran zidanean, 1977an egin zietela lehen omenaldia 1936ko urriak 17an hildakoei, emakume, sindikalista...

Ipar Euskal Herrian ezagutu ditut xehetasun gehiago Aitzoli buruz, hemen errefuxiatu baitzen, Bellokeko monasterioan egon zela, eta “Galerna” itsasontzian Baionatik partitu aitzin Ziburun eskaini zuela azken meza bat. Hegazkin pilotu frantses bat zegoela berarekin, Jean Pelletier, eta hark jakinarazi zituela Ondarretan pairatu zituzten torturak. Tira, pelikuloi bat dago hor guztian, eta badakit nik baino zehatzago kontatzen dutela historiagileek, baina urteurren batzuk erraz aitortzen eta batzuk errazago ahanzten ditugunez, horra oroitzeko gonbidapen ttipi hau.