Maitane ALDANONDO
Donostia

«DATOZEN HILABETEETAN HAZTEKO ASMOA DUGU, GEHIAGO EMATEKO»

Naru Intelligence «start-up» donostiarrak gaixo onkologikoak artatzeko lagungarri den tresna bat garatu du. Horren bidez, osasun langileek pazienteei buruzko datuetan oinarritutako profilak balia ditzakete erantzun zuzenago eta zehatzagoa emateko.

Medikuntza arloan big data irtenbideen garapenean dihardu Naru Intelligence enpresa donostiarrak. Maider Alberich eta Eider Sanchez ekintzaileek eratu zuten elkarte mugatua 2017an, bazkide inbertitzaile batekin batera. Biak telekomunikazio ingeniariak dira eta medikuntza arloan eskarmentudunak; Alberichek bioinformatika masterra du, Sanchezek, berriz, medikuei erabakiak hartzen laguntzeko sistemei buruzko doktoregoa. Lau urtez aritu dira minbizia duten gaixoei bideratutako Step Monitoring tresnan lanean, eta, azken asteotan, emaitza merkaturatzeko lehen urratsak egiten ari dira.

Hastapeneko asmoa mantendu dute, produktuaren hiru helburuetan islatzen denez: eragin kaltegarrien atzemate goiztiarra, ospitaleei eta osasun langileei erabakiak hartzen laguntzea, eta industria farmazeutikoari tratamenduen eraginkortasuna ebaluatzeko aukera ematea. Hori guztia, gainera, gaixoei euren sendatze prozesuan zuzenean parte hartzea ahalbidetuz. Tresna 600 paziente baino gehiagoren informazioarekin testatu dute, eta CE zigilua lortu berri du, alegia, Europar Batasunak ezarritako segurtasun eta funtzionamendu baldintzak betetzen ditu; beraz, softwarea EBn saltzeko aukera dute. Estatuko zenbait ospitaleri eskaini diote eta «interes handia» piztu duela dio Sanchezek, batez ere, bere inpaktu klinikoarengatik. Gaixoek ezin dute zuzenean eskuratu, sendagilearen bidez baizik.

Beste sektore batzuekin alderatuta, osasun alorrean, denbora gehiago behar izaten da produktu bat merkaturatzeko, izan ere, luze jotzen duten elkarri lotutako prozesuak gauzatu behar dira. Lau urtetako lana izan da Naruren kasuan, eta 2017tik hona enpresa bera aldatu egin da. «Maider eta biok hasi ginen, gutxika lankide berriak gehitzen joan dira eta orain 11 pertsona gaude taldean, farmazeutika bat sartu da... Datozen hilabeteetan hazteko asmoa dugu, gehiago eman ahal izateko». Bidea «intentsitate eta ilusio handiarekin» bizi izan dute bi arduradunek eta oraingo egoerak «asko asetzen» ditu, egindako lanaren emaitza ikusteko unea baita. «Oso pozik gaude. Emaitza kalera dezakegu eta pazienteengana iristen ari da».

Hasieratik izan dute zenbait erakunderen babesa, baina 2019. urtea mugarria izan zen Naruren bidean. Besteak beste, BIND 4.0 programan parte hartu zuten eta Toribio Echeverria saria jaso zuten nazioartekotze atalean. Sanchezek gogoratu duenez, «urte oso interesgarria izan zen, hor hasi zen gure inpaktua, sariak jaso genituen eta zenbait kontutan aurrera egitea lortu genuen».

Harreman zuzena

Step Monitoring tresnaren bidez, gaixoak modu «erraz eta anonimoan» bere sintomei eta tratamenduari buruzko informazioa bidal diezaioke medikuari. «Gaixo onkologikoen prozesua bortitza da eta askotariko sintomak izaten dituzte: zorabioak, mina, nekea...», azaldu du Sanchezek, «pazienteak batzuetan ez daki gertatzen zaiona normala den eta zalantzak sortzen zaizkio». Tresnari esker, zita eskatu gabe hitz egin dezake medikuarekin pazienteak eta lasaitasuna lortzen du, artatzea behar badu, erantzungo diotelako. Profesionalei dagokienez, informazio hobea dute. Sistemak aztertu egiten ditu bidalitako sintomak pazientearen datu klinikoekin batera, eta, algoritmoak ezarrita, beste gaixo batzuekin alderatzen ditu profilak atzemateko. Hala, medikuek emaitzak balia ditzakete arazoak aurreikusi eta tratamenduari buruzko erabakiak hartzeko, planifikatu gabeko ospitaleratzeak saihestuz. Halaber, gaixoen bizi kalitatean eta biziraupenean ere eragiten du. «Emaitza klinikoak asko hobetzen ditu».

Tresnari lotutako Step Analysis moduluak, berriz, gaixoei gertatutakotik ikasteko aukera ematen du, hau da, urrutiko jarraipenaren bidez bildutako bizipena gainerakoen onurarako erabiltzen du. Etengabe gehitzen ditu osasun langileek emandako datuak eta analisi automatizatua baliatuta pazienteak karakterizatzeko estatistikak sortzen ditu. Sanchezen esanetan, analisi sistema hori da Naruren «puntu fuerteena». «Oso berritzailea da eta inpaktu ikaragarria izan dezake medikuntzan. Ez artatzean bakarrik, ahalbidetzen baitu analisitik asko ikastea eta ondorio klinikoak ateratzea».

Minbiziaz gain, sistema beste patologia batzuetara egoki daiteke, eta, lehen saiakera, etxean bakartuta egon diren covid-19ak kutsatutako gaixoen jarraipena izan da.