GARA
IRUÑEA

Euskararen kontrako beste epai bat Nafarroan, oraingoan Zizur Nagusian

Euskararen normalizazioaren kontrako beste epai bat eman du Nafarroako Administrazio Auzitegiak. Oraingoan Zizur Nagusiko hiru lanpostu deialditan euskara ez dela derrigorrezkoa ebatsi du Navarra Suma koalizioak aurkezturiko helegitea onartuz.

Euskararen normalizazioaren kontrako beste erabaki bat hartu du Nafarroako Administrazio Auzitegiak, oraingoan Zizur Nagusiko Udalaren hiru lanpostu deialdirekin lotuta. Navarra Sumak aurkezturiko helegitea onartu du Nafarroako Administrazio Auzitegiak, koalizioak berak jakitera eman duenaren arabera. Epaiaren ondorioz, bertan behera utzi dute euskara jakitearen beharra idazkari, gazteria arloko teknikari eta obretako langile izateko lan deialdietan. Aurretik, antzeko beste erabaki bat ere hartu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiak berak Berriozarko Udalak kiroldegiko tabernako arduraduna izateko egindako lan deialdiarekin lotuta.

Zizur Nagusiko lan deialdiari dagokionez, «neurri gabekotzat» jotzen du Auzitegiak idazkari izateko deialdian euskarazko C1 maila eskatzea. Epaiaren arabera, euskara eskatzea ez da beharrezkoa herritarrek euskal hizkuntza erabiltzeko eskubidea ez delako zapaltzen Udalarekin harremanak izateko orduan.

Antzeko argudioa erabiltzen du gazteria arloko teknikari posturako. Epaileen ustez, lanpostu horren helburua ez da herritarrei informazioa zabaltzea edo arreta zuzena eskaintzea. Obretako langile izateko deialdian ere arrazoi bera argudiatzen du, hau da, herritarrekin ez dutela harreman zuzenik.

Horrekin batera, Nafarroako Administrazio Auzitegiak gaztelera Nafarroa osoan ofiziala dela nabarmentzen du epaian. Euskara, berriz, soilik «zona euskaldunean» dela koofiziala eransten du, Zizur Nagusia «zona mistoan» dagoela gogoratu ondoren. Eta bertan euskara ez da koofiziala.