Maite BIDARTE
Entrevue
GORKA PRIETO
UAE TALDEKO NUTRIZIONISTA

«Txirrindulari baten errendimenduaren %50 elikadura da»

Hiru hilabete nahikoa izan zituen ohartzeko ingeniaritza ez zela berak nahi zuena eta elikadura ikasi zuen kirol nutrizionista izateko. Gaur egun, Gorka Prieto Bellver (Bera, 1990) UAE txirrindularitza taldean ari da lanean eta bere esku dago, besteak beste, azken bi Tourrak irabazi dituen Tadej Pogačar txapeldun esloveniar handiaren elikadura. Elkarrizketa osoa NAIZ atarian irakur daiteke.

Nolatan erabaki zenuen nutrizioa ikastea?

19 urterekin hasi nintzen nutrizioa ikasten. 18 urterekin ingeniaritza ikasketak egiten hasi nintzen Donostian, eta hiru hilabetetara ohartu nintzen ez zitzaidala batere gustatzen.

Eta ingeniaritzatik nutriziora, nolatan?

Irungo nutrizionista batera joaten nintzen eta, horretaz gain, nire lehenegusina ere hasi zen nutrizioa ikasten. Ni ere animatu nintzen orduan eta, egia erran, gustatu zitzaidan. Baina hasieratik izan dut garbi kirol-nutrizionista izan nahi nuela. Nire dietak ez dira argaltzeko, dira kirolarien errendimendua eta errekuperazioa hobetzeko. Ziklista batzuek argaldu behar dute, beste batzuek pisua hartu edo mantendu, baina helburua beti da esfortzu baten errekuperazioa ahalik eta azkarrena izatea. Orain pentsatzen dut 18 urte izango banitu medikuntza egingo nukeela. Osatuagoa da, dena barne biltzen du eta nutrizioa horren zati txiki bat da.

Garaiz zaude...

Ufa, jada ez! Orain doktoretza egiten nago.

Eta zer ari zara ikertzen doktoretza horretan?

Ba ikertzen ari naiz nutrizioak errendimenduan duen inpaktua. Dieta bakoitzak zein eragin duen, ea gehigarri bat emanda errekuperazioa hobea ote den... 2024rako bukatua beharko nuke tesia. Baina 120 egun pasatzen ditut kanpoan UAE taldearekin eta ez dut denbora aunitz; orain, oporretan nago eta tesia egiteko aprobetxatzen ari naiz.

365 egunetik, 120 kanpoan? Hori gogorra izango da, ezta?

90 eta 120 egun artean egoten naiz kanpoan, baina taldeko masajistak are gehiago! Niri gustatzen zait. Tourrean tentsio handia dago, baina beste lasterketak ez dira horrelakoak. Tourra munduko lastekerta garrantzisuena da, Pogacarrekin goaz... eta, “hustuta” bukatzen badu, nire ardura da. Baina giro oso ona dugu taldean, UAE nire bigarren familia da. Harreman hagitz ona dugu staffean, eta gainera hizkuntzak ikasi ditut, italieraz eta ingelesez egiten dugu lan.

Iruñean ikasketak bukatu eta Madrilera joan zinen.

Bai, han kirol nutrizioan espezializatutako master bat egin nuen eta lanean hasi nintzen txirrindularitza afizionatu talde batekin. Gero, Euskadi-Muriasen egin nituen bi urte, eta taldea desegin zenean kontaktuan jarri nintzen Joxean Fernandez Matxin-ekin. Elkarrizketa batzuk egin zizkidaten eta UAEn hartu ninduten.

A zer ardura.

Hasieran handia. Taldean errespetua irabazi behar duzu. UAEra iritsi aurretik taldean ez zegoen nutrizionistarik. Ordura arte Iñigo San Millan UAEko head coach-ak (prestatzaile nagusia, euskaraz) erraten zuen zer egin behar zen, baina ez zegoen pauta edo protokolorik. Nutrizionistarena figura berria da eta, hasieran kostatu bazitzaidan ere, orain errazagoa da.

Beti izan duzu argi txirrindularitzan egin nahi zenuela lan?

Bai, hagitz garbi. Txirrindularitzan eragin handia du elikadurak, inpaktu handia du. Futbolari batzuekin ere aritu izan naiz, baina niri txirrindulariekin lan egitea gustatzen zait.

Noiztik ematen zaio txirrindularitzan hainbesteko garrantzia elikadurari?

Nik errango nuke betidanik ematen zaiola garrantzia, baina orain hagitz profesionalizatuta dago. Hagitz zehatza da dena: zikilistak duen pisuaren arabera, etaparen arabera... dena dago neurtua. Izan ere, pisuan egotea oso garrantzitsua da kirol honetan.

Eta zure metodologia zein da?

Nik banakako lana egiten dut. Denboraldi hasieran txirrindulari bakoitzarekin hitz egiten dut eta lanean hasten gara dituen erronken arabera. Helburua da lehiara iristea ahalik eta konposizio onenean hasieran jarritako helburu horiek lortzeko. Egiten duten entrenamenduaren araberako dieta bat jartzen diet; lehia egunak beste kontu bat dira. Adibidez, eskalatzaileekin potentzia-pisua harremana garrantzitsua da. Jakin behar da zenbat watt mugitzen dituen txirrindulari bakoitzak daukan pisuaren arabera, eta horrekin denboraldi osoa planifikatzen da ahalik eta pisu egokienean iristeko lehiara eta errekuperazioa ahalik eta onena izateko.

Egunero duzu kontaktua txirrindulariekin?

Gutxienez astean behin badut kontaktua, baina batzuekin egunean bizpahiru aldiz egoten naiz telefonoz. Batzuei gustatzen zaie egunero deitzea eta arreta gehiago behar dute. Hala ere, guk UAEn badugu aplikazio bat eta hor dena apuntatzen da. Entrenatzaileak entrenamendua sartzen du eta nik horren araberako nutrizio planifikazio bat egiten dut. Ez da pauta orokor bat ematen dudana, baizik eta entrenamendu bakoitzaren araberako dieta bat.

Orduan, badakizu gaur zer jan duen Pogacarrek?

Ez, ez. Gaur ez [barrez]. Nik menua prestatu diot, baina ez dut egunero deitzen. Hori bai, Tourrean zer jan zuen galdetzen badidazu, hori badakit, ondoan nintzelako. Sukaldariak prestatzen du janaria, eta txirrindulari bakoitzak bere otordua neurtzen du baskula batekin.

Zuk dieta diseinatu, sukaldariak prestatu eta txirrindulariak neurtu?

Bai. Orain lasterketetan gure sukaldari propioak ditugu eta dena dago neurtuta. Tourrean eta Vueltan, adibidez, lehenagotik dena planifikatzen dut, mugituko dituzten watten aurreikuspen bat egiten dut prestatzailearekin eta sukaldariek aurretik badakite zer egin behar duten. Etapa bakoitza amaituta, txirrindulariek datuak igotzen dituzte taldearen aplikaziora eta hor ikusten dut zenbat batio mugitu dituen bakoitzak, eta egindako esfortzuaren araberakoak dira otorduak. Dena dago protokolorizatuta.

Ehunekotan, zure ustez, elikadurak zein eragin du txirrindulariaren errendimenduan?

Ehunekotan? %50.

Hainbertze?

Lasterketan, bai. Baina, noski, horren aurretik entrenamendu on bat behar duzu izan, oinarri on bat. Hala ere, nahiz eta ongi entrenatu, gaizki jaten baduzu errendimendu onik ez duzu izanen eta errekuperazio txarra izango duzu. Eta hori oinarrizkoa da 21 etapako itzuli batean.

Eta errekuperazio ona izateko oinarria zein da?

Karbohidratoak. Ez ehuneko ehunean, baina bai zati handi batean: arroza, pasta, fruta... Txirrindularitzan, behintzat, bai. Nik garrantzi handia ematen diot karbohidratoari. Normalean, 90 gramo karbohidrato hartzen dute orduko. Hori da gomendioa. Garai bateko txakalaldiak gaur egun ez dira ematen. Dena dago kontrolatuta. 15-20 kilometroro puntuak daude, zuzendariak dio non jarri eta nik erraten dut bidoi bakoitzak zer daraman. Karrera hasi aurretik, autobusean bertan azaltzen diet zer jan behar duten, zenbat karbohidrato hartu behar dituzten. Txirrindulariek hori oso barneratuta dute. Etapa bukaeran galdetu eta zehaztasunez esango dizute: lau bidoi malto [maltodextrina, karbohidrato mota bat], bost barratxo eta sei gel hartu dituztela.

Eta hainbertze gel hartzea, epe luzean, ez da kaltegarria?

Txirrindulari profesionalentzat ez, egiten duten esfortzuaren araberakoa delako ahorakina. Eserita bazaude egun osoan, edo mendi buelta txiki bat egiten baduzu eta gel asko hartzen baduzu, bada ziurrenik diabetes bat diagnostikatuko dizute. Baina txirrindulariek hori dena behar dute energia sortzeko.

Zer pentsatzen duzu modan dauden kirol dieten inguruan? Keto dieta, adibidez?

Keto dieta txirrindularitzan ez da erabiltzen, ez behintzat lasterketetan. Dieta hori jarraitzen badute hilda daude. Baina beti testuingurua hartu behar da kontuan. Moda asko daude eta nire lanak eskatzen du oso aktualizatuta egotea denbora guztian. Orain, tendentzia pertsonalizaziora doa. Iñigo San Millan UAEko errendimendu arduradunak asko ikertzen du. Bera Coloradon [AEB] dago eta metabolomikan dago zentratuta. Txirrindularien errekuperazioa nolakoa den ikertzen ari da, hori baita garrantzitsuena. Gorputzeko metabolito parametroetan informazio asko jaso daiteke, eta horrek erlazio zuzena du errekuperazioarekin.

Iñigo San Millanek asko hitz egin du mitokondriaz ere.

Bai. Malgutasun metabolikoa garrantzitsua da. Malgutasun ona izatea da zure gorputzak, kirol intentsitatearen arabera, gantzak eta karbohidratoak ehuneko egokian erretzea. Mitokondria horregatik da garrantzitsua, bertan energia sortzen delako gantz eta karbohidratoei esker. Iñigo San Millan da gai honetaz gehien dakiena ikerketa aunitz egin dituelako. Baina hori biologia molekularra da...

Iruditzen zait txirrindularitzan dena dagoela kalkulatuta, xehetasun txikiena ere bai...

Lan guztia aurretik egin behar da. Horregatik da inportantea trantsizio bat egitea. Lehendabizi jubenilekin lan egin, amateurretara pasa, promozio maila eta gero WorldTour maila. Baina, Pogacarrekin ezin zara gauzak probatzen aritu; ez datorren urtean lan egin nahi baduzu!

Euskal Herrian txirrindulari aunitz daude profesionalak ez izan arren oso serio hartzen dutenak dietarena...

Bai. Nik, adibidez, juniorrak ez ditut hartzen. Guraso batzuek deitu didate, baina nik beti ezetz erraten dut. Ikaste prozesuan daude oraindik, eta goizegi da nire ustez adin horretan entrenatzaile, nutrizionista eta potentziometroarekin lan egitea. Hori juniorretan egiten badute, gero profesionaletan zer? Hobekuntza tartea oso txikia da. Nire ustez kategoria txikiagoetan dena dago profesionalizatuegia.

Eliteko kiroletan gero eta gehiago aditzen dira anorexia kasuak. Eta txirrindularitzan hain garrantzitsua denez pisua, hori nola zaintzen duzue?

Bai, hori egia da. Eta horregatik hitz egiten dut txirrindulari batzuekin egunean hiru aldiz. Bertze batzuek ez dute jarraipen hori behar, nahikoa da astean behin solastatuta. Nire lanean enpatia oso inportantea da. Hau nire bigarren urtea da UAEn eta badakit nolakoa den bakoitza, eta badakit nor deitu behar dudan maiz. Batzuei gustatzen zaie aginduak jarraitzea, bertze batzuei zer jan aholkatu behar diezu... Pisua kontrolatzerakoan, nik pleguak hartzen dizkiet, grasa portzentajeak. Hori da garrantzitsuena. Txirrindulariek ongi dakite zein den bere pisu ideala, bi kilo gehiago edo gutxiago aunitz nabaritzen da.

Argi geratu da dietaren garrantzia, baina txirrindulariek ere izango dute aukera «guilty pleasure» bat izateko, ezta?

Bai, noski. Orain denboraldia bukatu da eta oporrak dituzte. Nik 10 kilo gehiagorekin ez bueltatzeko esaten diet, batez ere, gero jaitsi egin behar direlako...