GARA
FORT-DE-FRANCE

Gero eta arazo gehiago ditu Frantziak itsasoz bestaldean

Martinika eta Guadalupe. Itsasoz bestaldeko herritarrak haserre daude metropoliarekin. Koronabirusaren kontrako txertoa hartzeko aginduarekin piztu da sua, baina egonezina askoz sakonagoa da.

Polizia frantses bat tiroz zauritu dute bart Martinika uhartean, Fort-de-France hiriburuan.

Etxeratze-agindua ezarri den arren, motordun talde bat tiroka hasi zen liskarren ondoan zeuden polizien eta kazetarien aurka. Atzo oraindik istiluak zeuden eta beste bi polizia zauritu dira. Iturri ofizialek ez dute manifestarien artean zauritutakoen berri eman.

Martinikatik 120 kilometrora dagoen Guadalupe uhartean ere, Antilletan, ezinegona da nagusi. Astean zehar liskarrak izan dira eta hainbat pertsonak tiroka egin diete aurre poliziei. Grand Terre erdian dagoen Morne-A-l'Eau-ko jendarmeriari erasotzen saiatu direla salatu du prefetak.

Erizain eta suhiltzaileei derrigorrez txertoa jartzearen aurka atera zen jendea kalera Guadalupen eta gero Martinikan, eta haserrea matxinada bihurtu da. Izan ere, herritar gehienak txirotasunean bizi dira eta gazteek ez du lanik. Gauzak horrela, Paris nahitaezko txertoa bertan behera uzteko prest azaldu da, horrekin nahikoa izango delakoan.