Jon ORMAZABAL
PILOTA

Bere estatus berriari dagokion kontratua sinatu du Unai Lasok

Iraupenez -2027ra arteko hitzarmena- eta ekonomikoki enpresaren motorrari dagokion kontratua lortu du Bizkarreta-Gerendiaingoak. Kontratuaren berritze ekitaldiak agerian utzi zuen aurrelari nafarrak eskuratu duen garrantzia.

Joserra Garai eta Unai Laso batera agertu dira Bilbon egindako ekitaldian.
Joserra Garai eta Unai Laso batera agertu dira Bilbon egindako ekitaldian. (Marisol RAMIREZ FOKU)

2020ko irailean, Baikok enpresatik kanpo utzi zuenean, ere hala zen -bai kirol emaitzei begiratuta behintzat-, baina azkeneko urte zoragarrian enpresaren motorra izan ostean -Buruz Buruko txapelaz harago, Bizkarreta-Gerendiaingoa da komertzialki gaur egungo pilotaririk erakargarriena-, bere estatus berriari dagokion kontratua sinatu du aurrelari nafarrak, bai luzeraz -2027ko ekainaren 30a arte- eta, zenbakirik aipatu nahi izan ez bazuten ere, baita ekonomikoki ere, enpresako baldintzarik onenak lortuta.

Pilotariak 2023ra arteko kontratua izan arren, kantxan irabazi du egungo egoera berrira egokitutako kontratu berria, eta, Joserra Garaik azaldutakoaren arabera, «bi aldeetan borondatea dagoenean errazagoa izaten denez», negoziazio erraza eta azkarra izan omen da. «Bost urterako kontratuak apustu arriskutsuak dira pilotari batentzat; kirolean ez dira ohikoak, baina ikusita Unaik izan duen garapena eta duen adina, ikusita hobetzeko marjina baduela eta nola entrenatzen den, nola egiten duen lan, horrelako eskaintza bat egitea erabaki dugu», aitortu zuen Baikoko buruak.

ATZERA BEGIRATU GABE

Kontratu berri hau sinatuta, eta antolatutako ekitaldi handiarekin, duela bi urte lehertu zen gatazka krudela nolabait itxi nahi izan du enpresak eta Lasok berak ere aurrera begiratzeko garaia dela berretsi zuen. Duela bi urte hartutako erabakiren baten damurik ba ote duen galdetuta, Joserra Garaik nahiago izan zuen aurrera begiratu, igarotako urak errotarik ez darabilela iradokiz.

«Bueno, kirola da oraina, atzera ez da begiratu behar eta gaurkoa da hemen duguna, bost urteko kontratua. Nabaria da gure erreferentziazko pilotaria izango dela hurrengo urteetan. Egin dugun apustuak horrela erakusten du», azaldu zuen dimoztarrak.

Eta prestatu dioten udak ere hala berresten du. Aurkezpenean azaldu zutenez, gaur aurkeztuko den Mastersaz harago, dena bide onean joanez gero, Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Logroñoko ferietan egongo da.

«Eskerrak Pilotarien Elkarteari, eurengatik nago hemen»

Enpresak mimo bereziz prestatutako ekitaldian -normalean halakoak ohar bidez egiten baditu ere, atzo Bizkaia pilotalekuko kantxa erdian egin zuen agerraldia, pantaila erraldoi batek lagunduta-, Unai Lasoren lehen hitzak greba garaian bera berriz ere hartzeko lan egin zuten kideentzat izan ziren. «Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot Pilotarien Elkarteari, beraiengatik nago gaur hemen», azaldu zuen Bizkarreta-Gerendiaingoak. Segidan enpresarentzako esker hitzak ere izan zituen, bost urterako kontratuarekin berarengan jarritako konfiantzagatik.

«Helburu komun baten inguruan denok batera arraun egiten dugunean gauzak aurrera ateratzen dira. Egia esan, lan on bat egin genuen, edo egin zuten kanpoan geratu ginenean, eta ni orain hemen egoteko egindako lan hori eskertu nahi nieke», azaldu zuen nafarrak.

Kontratu berriak gauza asko ditu onak, baina presio berezia ere ekar diezaioke berarengan halako itxaropenak ezarri izanak. Lasoren esanetan, aldiz, presioa baino, «lasaitasuna» ekartzen omen dio, eta konfiantza handia du lanean, hori baita honaino ekarri duena. J.O.