Nagore BELASTEGI
BILBO

Gernikatik Gernikara, bonben soinua iradokitzen duen obra sinfonikoa

Bihotzean mina ematen duen gertakari bat oroitu nahi du Aitor Etxebarria konpositoreak bere lehen obra sinfonikoarekin, «Gernika 85». Lan klasikoa da, baina sonoritate garaikidea du, eta tartean bonbardaketaren zarata eta izua gogoratzen duten soinuak ere biltzen ditu. Gernikarrak duela bost urte idatzi zituen obraren lehen notak, baina batik bat azken bietan aritu da buru belarri horretan murgilduta.

Evelyn Glennie perkusionista eta Aitor Etxebarria konpositorea.
Evelyn Glennie perkusionista eta Aitor Etxebarria konpositorea. (Gara)

Aitor Etxebarriak erantzukizun handia sentitu zuen Gernikaren bonbardaketaren 85. urteurrena oroitzeko sinfonia bat konposatzeko eskatu ziotenean. Bera gernikarra izanik, sentimendu asko zeuden jokoan. «Nire ikuspegia subjektiboa da eta azaltzen dut niretzat zer da Gernika eta gazteok nola bizi izan dugun gertaera, gure generazioa delako azkena zuzenean bonbardaketarekin harremana izango duena, gure aitona-amonen bidez. Ilusio berezia egiten dit horrelako dimentsioa duen lan bat egitea», kontatu zigun “Gernika 85” lanari buruz.

Obraren estreinaldia bihar izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian, eta Etxebarria oso ondo lagunduta egongo da bertan. Izan ere, Bizkaiko Orkestra Sinfonikoak joko du musika eta Gernikako Gaudeamus abesbatzak kantatu egingo du. Gonbidatu berezi bat ere izango da: Evelyn Glennie Grammy saridun perkusionista ospetsua. Glenniek argi erakutsi du bere ibilbide oparoan gorra izatea ez dela musikan arrakasta izateko traba. «Evelyn oso pertsona berezia da. Berarekin soinu banda bat egin nuen Londresen duela urte batzuk, eta hortik harreman pertsonal bat atera zen. Hala, obran parte hartzera gonbidatu nuen. Pasada bat da, espektakulu bat!», azaldu zuen.

Entsegu gutxi egin dituzte elkarrekin. Duela hilabete batzuk elkartu ziren Etxebarria eta Glennie perkusioaren partea sortzeko, eta BOSek duela aste batzuk jaso zituen partiturak. Sinfoniaren beraren oinarria, berriz, aspaldikoa da. «Pasarte batzuk duela 5-6 urte hasi nintzen lantzen, baina azken bi urteotan landu dut batik bat obra», azaldu zuen.

Izan ere, dokumental baterako soinu banda egiteko aukera izan zuen Etxebarriak eta horrekin munduko hiri desberdinetan izan zen jotzen. Gernikarra izanda, Gernikari buruzko obra bat sortzeko ilusioa sortu zitzaion, orkestrarekin, bere ekarpena uzteko, Gernikako beste artista batzuek egin duten bezala bakoitzak bere alorrean.

Isabel del Moral

Rosaliaren eszenografiak egiten dituen Isabel del Moran izan dute lagun ikuskizunean: «Eszenografia ez da oso espektakularra izango, obra oso garbia eta sotila delako, baina egongo dira detaile batzuk, tartean bonbardaketako testigantzen bideoak», azpimarratu zuen. Euskalduna jauregikoa mundu mailako estreinaldia eta kontzertu bakarra izango den arren, Etxebarriaren itxaropena sinfonia hainbat lekutan aurkezta da, partitura edozein orkestrarentzat aproposa delako. Hala, uste du horrek Gernikaren izena munduan zabaltzen lagunduko duela.

Etxebarriaren hitzetan, obra sinfoniko klasikoa da, lau mugimendukoa. Laugarrena da luzeena eta konpositorearen gustukoena. «Orokorrean sonoritate garaikidea du, baina obra klasikoa da finean».