Ramon SOLA
DONOSTIA

«Anbizioa» bide-orritzat hartuta doa Pirinioetara euskal independentismoa

Uztailaren 2ko ekimena dagoeneko gain-gainean dela, independentismoaren egoeraren inguruan hausnarketa egin dute Gorka Elejabarrietak, Arkaitz Rodriguezek eta Kizkitza Gil de San Vicentek, Iratzar Fundazioaren eskutik. Arriskuak ukatu gabe, parez pare ageri diren aukerak azpimarratu dituzte hirurek.

Gorka Elejabarrieta, Arkaitz Rodriguez eta Kizkitza Gil de San Vicente, Iratzar Fundazioaren saioan.
Gorka Elejabarrieta, Arkaitz Rodriguez eta Kizkitza Gil de San Vicente, Iratzar Fundazioaren saioan. (GAR | A)

Pirinioetako gailurrak argiztatuko dituzte Euskal Herriko eta Kataluniako erabakitzeko eskubidearen defendatzaileek uztailaren 2an, eta hausnarketa egiteko baliatu du aukera ezkerreko independentismoak. «Partida dugu, bai ala ez?», «Iniziatiba politikoa zertan da?», «Zeintzuk dira nazioarteko irakaspenak?»; galdera horiek eta beste batzuk erantzun zituzten Gorka Elejabarrieta EH Bilduko Nazioarteko arduradunak, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eta Kizkitza Gil de San Vicente Sortuko Ekintza Politikoko arduradunak, Iratzar Fundazioak antolatutako mahai-inguruan.

Iritzia emateaz gain, saio telematikoa gidatu zuen Gil de San Vicentek «arriskatzeko» beharra dagoela nabarmendu zuen solasaldiaren bukaeran, laburpen gisa. Eta egiteko hauek marraztu zituen, «anbizioa» izateaz gain: «Lana, ikuspegia, abilezia, ahalmenari eutsi, gehiengo soziala artikulatu, indartsuak izan…».

Egungo momentuaren definiziotik abiatu ziren. Elejabarrietaren aburuz, bistan da mundua «fase nahasian» dagoela eta «gaur artekoak ez duela balio», kateatzen ari diren krisi ezberdinek egiaztatu dutenez. Testuinguru honetan «burujabetza aldarrikatzen duten indarrak gero eta indartsuagoak izatea ez da arraroa», ezta «elkarlanaren balioa handitu izana» ere.

Askotan oharkabe pasatzen diren euskal mugarri batzuk ekarri zituen gogora Rodriguezek: «Partida egon badago, zalantzarik gabe -erantzun zion Gil de San Vicentek luzatutako galderari-. Ezkerreko independentismoa geroz eta indartsuagoa da -azken adibidetzat frantziar hauteskunde legegileetako lehen itzulian EH Baik lortutako emaitza jarri zuen-. Inoizko mobilizazio handienak izan ditugu azken urteotan, eta askotariko gaiengatik gainera: Gure Esku, feministak, pentsiodunak...»

Baina agertoki desegonkor honetan, zertarako balio dezake horrek? Gil de San Vicenteren hitzetan, «hamarkadotan gehiengo abertzale bat metatu dugu, demokratikoa, subiranista. Anbizio politikoa gehitu behar zaio orain; aukera egon badela sinestea falta da».

Lekukoa Elejabarrieta senatariak hartu zion. Etorkizuneko aukerak nondik etorriko diren «ez dakigu ondo», aitortu zuen. Gauzak horrela, «agertokiak prestatu behar ditugu» eta ildo horretan Gure Eskuren eta Kataluniako eragileen ekimenaren zentzua txalotu zuen: «Elkartasunetik elkarlanera pasa behar dugu», indarrak batuz, «Bruselari begira» batez ere. «Galderak sinpleak dira: adibidez, Eskozian bozkatu badaiteke, zergatik ez Euskal Herrian?».

Ortzi-muga horrekin, «pazientzia estrategikoa» aldarrikatu zuen, «eta hau ez da aitzakia. Irlandan autodeterminazio eskubidea 1998. urtetik onartua dute eta oraindik ari dira», oroitarazi zuen, azken finean gauzak lortzen joateko gakoa «indar harremana delako». Irlandako adibide berari eutsiz, duela 24 urte Sinn Feinek gaur egun duen indarra ziur aski ez zuela aurreikusiko aipatu zuen. Kontrakoa ere gerta zitekeen, ahultzen joatea, baina errepublikanoek «bidean asmatu dutela frogatzen» ari da.

Bide horretarako zenbait ideia mahaigaineratu zituen Rodriguezek: «Narratiba subiranista potente bat behar dugu: subiranismoa ongizatearekin lotu behar dugu, gehiengoarentzako babesleku gisa aurkeztuz». «Brotxa loditik pintzel finera pasa behar dugu: trantsizio energetikoaz, babes sistemaz... gauza hauetaz guztietaz eskaintza politiko egingarria egin behar dugu», gaineratu zuen.

Iniziatiba politikoa.

«Ezkerreko independentismoa zerbaitek ezaugarritu badu, patioa mugitzeko gaitasuna da -esan zuen Gil de San Vicentek saioaren une batean-. Iniziatiba politikoa, prozesuan salto politikoak egiteko beti». Ados agertu zen Gorka Elejabarrieta, Albert Einsteinen esaldi famatua eztabaidara ekarriz: betiko gauzak betiko modura egiten ezin da emaitza ezberdinik espero. Eta hau erantsiz: «Egunik gabeko prozesua da hau. Eta ez dago betiko garaipenik edo betiko galerarik».

Sortuko idazkari nagusiaren hitzetan, egungo garaietan «arrisku handiak daudela egia da, baina aukera handiak ere bai». Pandemia jarri zuen adibide, ezker independentismoak egin ohi dituen zenbait gogoeta frogatuta gelditu baitira: sistemaren agortzea, elkar zaintzearen beharra, benetako burujabetzarik ez dela... Hartara, honakoa adierazi zuen: «Batailaren emaitza ez dago erabakita; hein handi batean egiten dugunaren araberakoa izango da. Botere bokazioa eta botere estrategia behar ditugu. Gu ez gara konfort ideologikoko esparru batean gotortzeko sortu. Anbizioz jokatu behar dugu».

Zehatzago mintzatu zen Rodriguez horri buruz: «Bi erronka jarriko nituzke. Lehenik, akordio eta elkarlan zabalenak artikulatzeko apustua egin behar dugu. Bigarrenik, herri egiten gaituzten zutabeak gaurtik indartu behar ditugu, nazio eraikuntza deitu dugun hori, duela 60 urteko herri bulkada hura, berpiztuz».

Nazioarteko irakaspenak.

Eta Pirinioetatik zer ikusiko da uztailaren 2an? Nazioarteko irakaspenak jorratu zituen Gorka Elejabarrietak, aspaldi lan horretan metatutako ezagutzatik. Arriskuak baino, aukerak ikusten ditu EH Bilduko Nazioarteko arduradunak, bi arrazoi nagusi direla eta: «Duela 20 urtetik hona Estaturik gabeko herri gehienetan independentismoa txikia izatetik nagusia izatera pasa da (Eskozia, Irlanda, Flandria, Korsika, Euskal Herria, Katalunia…). Bigarrena: gero eta auzi gehiago erabakitzeko eskubidearen bidez konpontzen dira». David Cameronek egin zuena inoiz ez zukeelako egingo Margaret Thatcherrek. Bere ustez, bilakaera horretan «Espainiari eta Frantziari gero eta zailago egingo zaie euskaldunok erabaki dezagun geldiaraztea».

Eskoziak azkenean erabaki egingo duela oso argi du senatari independentistak: «Erreferendum adostuan edo adostu gabekoan? Ez da hain inportantea».

Eztabaida hori «hein batean antzua» dela uste du Arkaitz Rodriguezek ere. Gako nagusitzat beste bat hartzen dute, «indar harremanarena». Eta bide horretan «Estatu egiturak sortzen» joatearen garrantzia aipatu zuen Sortuko idazkari nagusiak, burujabetza handitzeko asmoz egunero jokatuz, egunen batean «jauzia aldebakartasunez eman behar badugu, ahalik eta txikiena izan dadin, ez baita gauza bera hamar metroko jauzia edo hiru metrokoa».

ADIERAZPENAK

«Hamarkadotan gehiengo abertzale bat metatu dugu, demokratikoa, subiranista. Anbizio politikoa gehitu behar zaio orain; aukera egon badela sinestea falta da»

KIZKITZA GIL DE SAN VICENTE

Sortu Ekintza Politikoa

«Batailaren emaitza ez dago erabakita; hein handi batean egiten dugunaren araberakoa izango da. Botere bokazioa eta botere estrategia behar dira. Anbizioz jokatu behar dugu»

ARKAITZ RODRIGUEZ

Sortuko idazkari nagusia