GARA
IRUÑEA

Covid kasuek eta ospitaleratzeek gora egin dute Nafarroan, sei hildako izan diren astean

Joan den astean, ekainaren 20tik 26ra, sei pertsona hil ziren Nafarroan covid-19aren ondorioz, eta ez zen inor ospitaleratu zainketa intentsiboetako unitatean.

Hala ere, gora egin zuten bai baieztatutako kasuek, baita ospitaleratzeek ere. Zehazki, %41eko igoera izan zen baieztatutako kasuetan, eta %51,6koa ospitaleratzeetan. Horiexek dira Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak aditzera eman duen azkenengo Txosten Epidemiologikoan jasotzen diren datuak.

3.381 kasu detektatu zituzten PCR edo antigeno bidez (512 kasu 100.000 biztanleko). Azaldu zutenez, intzidentzia gero eta handiagoa sumatu zuten 65 urtetik gorakoen artean. Hori dela eta, populazio horrek, gaixotasun kronikoak dituztenek eta inguruko pertsonek prebentzio neurriak zuhurtziaz erabil ditzatela aholkatu zuten, txertatuta egon arren.

Txertaketa osatzeko aholkua

Era berean, 18 urtetik gorako biztanleek txertaketa osa dezatela gomendatu zuten, «dosi gehigarriak nabarmen hobetzen baitu babesa», hori arrisku handieneko pertsonentzat «erabakigarria» izan daitekeelako.

Agertu zutenez, 75 urtetik gorako pertsonek covid-19aren tasarik altuena izaten jarraitzen dute, eta Omicron BA.4 eta BA.5 azpialdagaien patroia da nagusi. Izan ere, aurreko infekzioek ez dute erabat babesten.

Ospitaleetako okupazioak ere, gutxi bada ere, gora egin zuen iragan astean. Ekainaren 19an, igandean, 75 paziente zeuden ospitaleratuta, eta 26an, berriz, 77. Bestalde, ZIUn ospitaleratutako pertsonen kopurua ez zen aldatu: bi paziente egon ziren.